Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du olatuengatik bihar ostiraleko 12:00etatik larunbateko 15:00etara, eta kostaldeko inpaktuagatik larunbateko itsasgoretan

2024-02-22
  • Olatuen altuera adierazgarria 5 metrokoa izan liteke, 15-17 segundoko periodoekin
  • Era berean, larunbateko itsasgoretan olatuek dike eta pasealekuak gaindituko dituzte

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du lehenengo bi milietako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik bihar ostiraleko, otsailak 23ko, 12.00etatik etzi larunbateko, otsailaren 24ko, 15:00etara, olatuen altuera adierazgarria 5 metrora irits baitaiteke eta olatuen arteko 12-17 segundoko periodoak espero baitira. Era berean, alerta laranja aktibatuko da kostaldeko inpaktuagatik larunbateko bi itsasgoretan, 03:00etatik 07:00etara eta 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Britainiar Uharteen iparraldetik mugituko den depresio sakon baten hurbiltasunak olatu handiak eragingo ditu, eta datozen egunotan iritsiko dira euskal kostaldera. Depresio horrek negu-giroa ekarriko du Euskadira, aire-masa hotza eta fronte hodeitsuak iristea erraztuko baitu. Igandera bitartean nagusituko diren baldintza meteorologikoak izango dira mendebaldeko haize zakarra eta ekaitzak eta txingora zenbait lekutan, eta 1.000 metrotik behera elurrak bazterrak zuritu ditzake.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatu du elurragatik barnealdean, bihar ostiraleko, otsailaren 23ko, 12:0etatik larunbateko, otsailaren 24ko, 15:00etara. Ostiralean elur-maila 800 metro inguruan ibiliko dela espero da, eta larunbaterako goizaldean 700 metrora ere jaits daiteke, eta horrela mantenduko da eguneko azken orduetara arte. 1.000 metroko altueran 2 eta 20 zentimetro arteko elur-geruza pila daiteke, eta gutxiago pilatuko da lurraldearen hegoaldeko mendietan.

Haizeari dagokionez, abisu horia gaur osteguneko, otsailaren 22ko, 16:00etara arte egongo da aktibo, eta hego-mendebaldeko haize-boladak 100 km/-h-tik gorakoak izan daitezke haizeguneetan eta 80 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren tokietan.

Denboraleak irauten duen bitartean itsaso zakarra izango denez, aipatutako alerta laranjez gainera, abisu horiak ere aktibatuko dira nabigaziorako gaur osteguneko 12:00etatik bihar ostiraleko 12:00etara, bai eta larunbatean 15:00etatik 24:00etara ere. Era berean, ostiraleko itsasgoretan abisu horiak egongo dira aktibatuta kostaldeko inpaktuagatik, bai eta ur-kolpe eta zipriztinengatik ere ostiraleko 12:00etatik larunbateko 15:00etara.

Igandetik aurrera, hego-mendebaldeko haize zakarra nagusituko denez, tenperaturek gora egingo dute, eta, horren ondorioz, elur-maila ere 1.000 metrotik gora kokatuko da.  

BIZTANLERIARENTZAKO GOMENDIOAK

  • Urrundu olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik (harkaitzetatik, lur-muturretatik eta kaietatik), eta ez gerturatu itsas pasealekuetara, lur-muturretara edo itsas labarretara. Uraren indarrak eraman egin zaitzake. Ez egin uretako kirolik. Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Errespetatu agintari eskudunen seinalizazioak.
  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatu arte. Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka; Itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.
  • Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus;), X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)