Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak hil honetan aterako du lehiaketara Basurtuko Ospitalea handitzeko obra (Gobernu Bilera 2024-2-22)

2024-02-22
  • Gobernu Kontseiluak 277 milioi euroko finantzaketa gehigarria onartu du gaur, Basurtuko, Usansolo-Galdakaoko eta Donostiako ospitaleak handitzeko 

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2024ko Aurrekontuaren kreditu orokorra 16 milioi eurorekin zabaltzeko, diruzaintzako gerakinen kargura. Horrela, Osasun Sailak finantzaketa gehigarria izango du Bilbao-Basurtuko, Donostiako eta Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleetan kanpo-kontsultetako eraikinak eraikitzeko. Era berean, Osakidetzaren etorkizuneko konpromisoak 261 milioi eurotan definitzea erabaki da (77M/€ Donostiako Unibertsitate Ospitalean; 88 M/€ Galdakao-Usansoloko Ospitalean eta 96 M/€ Basurtoko Unibertsitate Ospitalean).

Konplexutasun tekniko handiko eta epe luzeko obrak direnez gero, aurrekontu handia behar da, eta ezin zaie finantza-baliabide arruntekin aurre egin. Hori dela eta, 2028ra arteko inbertsio-plan bat planteatzen da, 277 M/€-koa; horietatik 16 milioi 2024ko aurrekontu-ekitaldiari dagozkio eta 261 milioi 2025etik 2028ra bitarteko ekitaldiei.

Hala, 2024. urtean, 10 milioi euro jarriko dira Basurtuko Unibertsitate Ospitalea modernizatzeko eta kanpo-kontsulten eraikin berria eraikitzeko, 5 milioi euro jarriko dira Galdakao-Usansoloko Ospitaleko kanpo-kontsulta berriak eraikitzeko, eta milioi bat euro Donostiako Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikin berria eraikitzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ondoren, Basurtuko Ospitaleko kanpo-kontsulten eraikinaren obra izango da abian jarriko den lehen lizitazio-lehiaketa. Otsailean edo martxoko lehen egunetan aterako da. Donostia eta Galdakaoko eraikuntzen proiektuak amaitzen ari dira eta espero da obra horien lizitazioa apirilaren hasieran abiaraztea.

OSAKIDETZAREN AZPIEGITURA-PLAN BERRIA

Basurtuko unibertsitate-ospitalea aurten hasiko da kanpo-kontsultetarako eraikin berria eraikitzen (39.000 m²). Eraikin hori bi bloketan banatuko da, eta tratamendu eta probetarako 250 kontsulta eta gela inguru izango ditu, baita prozedura-gelak, erradiologia anbulatorioko eremua eta farmazia-zerbitzua ere. 106 milioi euroko inbertsioa egingo da kanpo-kontsulten eraikin berria eraikitzeko. Eraikina 36 eta 40 hilabete bitartean eraikiko dela kalkulatu da, eta aukera emango du espazioak handitzeko, azpiegiturak hobetzeko, paziente anbulatorioen arretarako zirkuitu independenteak egiteko eta zentroaren gainerakoan asistentzia-jarduera berrantolatzeko, baita Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko egungo instalazioak modernizatzeko ere.

Bestalde, Osakidetzak 93 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Galdakao-Usansoloko unibertsitate-ospitaleko kanpo-kontsultetarako eraikin berrian. Eraikin horrek 58.000 m²-ko azalera izango du 9 solairutan banatuta. Eraikina 3 eremu handitan bereiziko da. Lehena asistentzia-erabilerarako eremua izango da eta bertan kokatuko dira kanpo-kontsultak, erradiologia anbulatorioa eta farmazia anbulatorioa. Bigarren eremuan, zuzendaritza- eta administrazio-eremuak eta irakaskuntza-gelak egongo dira, eta, azkenik, eraikinak 1.129 plazako aparkaleku handi bat izango du 5 solairutan, egungo aparkatze-arazoari erantzungo diona.

Azkenik, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak 78 milioi euroko inbertsioa izango du, eta 36 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusi da.  Kanpo-kontsultetarako eraikinak 48.000 metro koadroko azalera eraikia izango du, sestra gaineko 5 solairutan banatuta. Batez ere kontsulta-eremura (250 eremu berri baino gehiago pazienteen diagnostikorako eta tratamendurako) eta eguneko ospitale berrira bideratuko da. Gainera, 4 solairu izango ditu sestra azpian. Horietako hiru aparkalekurako izango dira (560 plaza), eta lehenengo soto-solairua erradiologia-eremu baten eta ospitale osorako espazio logistiko handi baten artean banatuko da.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko