Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Arriola sailburuaren eta Etxebarria alkatearen artean sinatutako hitzarmenaren bidez, % 28ko proportzioan handituko da Gasteizko alokairuko etxebizitzen parke publikoa

2024-02-23
  • Akordioak 960 etxebizitza eraikitzea dakar
  • Akordioaren barruko bi sustapen abian dira dagoeneko; bata, 152 etxebizitzakoa, duela gutxi amaitu da, eta bestea, 166 etxebizitzakoa, eraikuntzaren fase aurreratu batean dago
  • Akordioa gauzatzeko hurrengo urratsa 200 etxebizitzako sustapen bat eraikitzeko proiektua esleitzea izango da

 

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta Gasteizko alkate Maider Etxebarriak Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan Gasteizko Salburua auzoan alokairu-erregimeneko 960 etxebizitza publiko eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur, ostirala. Akordio horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren eta Alokabideren jabetzako errentamendu-erregimeneko parke publikoaren eskaintza egungo 3.374 etxebizitza eta zuzkidura-bizitokitik 4.334ra igoko da, hots, % 28ko gorakada izango du. Horren helburua da herritarren etxebizitza-premiei erantzutea, batez ere merkatu librean oztoporik handienak dituzten kolektiboen (hala nola gazteen) premiei.

Hitzarmenari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak 200 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du eraikuntza-proiektuak egiteko eta obrak egikaritzeko. Hitzarmenaren barruan, iraganeko hitzarmenetan hartu ziren eta gauzatu ez ziren konpromisoak (543 etxebizitza guztira) eta Udalak Eusko Jaurlaritzari beste 417 etxebizitza sustatzeko egindako doako lagapena daude.

Akordioan jasotako bederatzi partzeletatik, 152 etxebizitzako sustapen baten eraikuntza amaitu da duela gutxi, eta 166ko beste bat aurrera doa eraikuntza-prozesuan, etxe-uharte berean. Etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoak eraiki ditu, energia-kalifikaziorik altuenarekin eta eguzki-panelekin estalkietan, energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Bi sustapenek Next Generation EB funtsen laguntzak jaso dituzte, Gobernu Zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.

Arriolak eta Etxebarriak aurreratu dutenez, hurrengo urratsa Visesaren bidez beste 200 etxebizitza eraikitzea izango da, Euskadiko Hiriburuaren Etorbidearen eta Salburua Bulevararen elkargunean kokatutako 13. sektorean. Sustapen horrek energia-kalifikaziorik altuena izango du, eta 29 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da horretarako. Visesak oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua –esleipenaren zain dagoena, 14 enpresa aurkeztu ondoren– lizitatu ditu, eta bi proiektuak egin ondoren 2025eko bigarren seihilekoan obrak egikaritzeko lizitazioa egitea aurreikusi du.

Hitzarmenak % 95eko hobaria jasotzen du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) zenbatekoan, Etxebizitza Sailak hirian alokairura bideratutako babes ofizialeko etxebizitzen sustapen guztietan.

Akordioaren bidez, merkatu librean alokairuaren prezioak direla eta zailtasunak dituzten pertsonek etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko aukera hobetu nahi dute bi erakundeek. Egoera horrek gazteak hartzen ditu bereziki eraginpean. Gaur egun, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuak Gasteizen etxebizitza bat eskatzen duten 10.782 pertsona ditu, eta % 89k alokairu-erregimena eskatzen dute.

Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak azpimarratu duenez, hitzarmenak aukera ematen du aktibatzeko "pertsonek etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko duten eskubidea gauzatzeko tresnarik indartsuena: etxebizitza publikoa eraikitzea eta dagoen eskariari erantzuteko gai izango den parke propio bat garatzea". Halaber, gazteen emantzipaziorako ematen duen aukera nabarmendu du: “etxebizitza horien guztien % 40 gazteentzat izango dira. Izan ere, emantzipazio-prozesuan zailtasun gehigarriak dituen kolektiboa da, eta Etxebizitza Saila lehentasunezko arreta eskaintzen ari zaio”. Ildo horretan, azpimarratu du Araban 1.126 gazte ari direla jasotzen merkatu librean alokairua ordaintzeko laguntza Gaztelagun programaren bidez, eta 571 pertsonak laga dutela Gasteizen beren etxebizitza hutsa Bizigune programarako, Alokabidek arrazoizko prezioan alokairuan jar ditzan, hileko kanon baten truke.

Bestalde, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, hitzarmena "Euskadiko asmorik handienekoa da babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza-bolumenari dagokionez, eta gure herritarren beharrei erantzuten die, kalitateko etxebizitzak arrazoizko prezioetan eskatzen baitizkigute. Ildo horretan urratsak ematen jarraituko dugu; izan ere, Gasteizen, Etxebideko 10 eskatzailetik 9k alokairuko etxebizitza eskatzen dute, eta, kasu askotan, beren bizi-proiektuak merkatuko gorabeheren mende egon gabe hasi nahi dituzten gazteak dira”. Alkateak gaineratu duenez, "akordioak gizartean izango duen ageriko eraginaz gain, etxebizitza horien eraikuntzak Arkaiateko eta Larreingo sektoreetako hiri-bilbea osatzen ere lagunduko digu. Lurzoru urbanizatua aukera berriak sortzeko aprobetxatzen duen hiri kohesionatu baten alde gaude”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gasteizko alkate Maider Etxebarria