Arabako Errioxako Ur Partzuergoak eta URAk hitzarmen bat sinatu dute eskualdearen ekialdean hornidura indartzeko
- Iturriak dibertsifikatu eta Kantabriako mendilerroko akuiferoaren gaineko presioa murriztu nahi da, Oiongo eta Arabako Errioxako ekialdeko gainerako herrietako horniduraren bermea sendotzeko
- Edateko ura ponpatzeko estazio bat eraikiko da, Guardiako Casablancako biltegiko ura Oiongo biltegiraino bultzatzeko
Arabako Errioxako Ur Partzuergoak eta URAk hitzarmena sinatu dute gaur, eskualdeko ekialdeko ur-hornidura indartzeko lanak egiteko. Helburua: iturriak dibertsifikatzea eta Kantabriako mendilerroko akuiferoaren gaineko presioa murriztea, Oionen eta Arabako Errioxako ekialdeko gainerako herrien hornidura bermatzeko.
Oiongo udalerrian, ur-hornidurarako, 5.000 m³-ko edukiera duen ur-biltegi bat dago. Kantabria Mendilerroko akuiferoaren zundaketek osatzen dute hornidura hori. Hala ere, azken urteotako lehorte-egoeraz jakitun, Casablancako biltegitik (Laguardia) El Carrascaleko industrialderaino (Lantziego, Araba) 1910 metroko luzerako hodi baten instalazioaren zati bat egin da, eta 5204 metro falta dira egiteko.
Hitzarmenaren arabera, edateko ura ponpatzeko estazio bat eraikitzea aurreikusten da orain, Casablancako biltegiko ura Oiongo biltegira eraman ahal izateko. Ponpaketa hori gaitzeko behar diren jarduerak 2.138.906,44 € beharko dute trukean, BEZa barne, eta bi erakundeek % 50na finantzatuko dituzte.
Jarduera hori Arabako Errioxako Ur Partzuergoak idatzi zuen "Ponpatze-Estazioa eta Casablanca eta Oiongo arteko eroanbide-proiektua" delakoan jasotzen da. Partzuergoa arduratuko da obrak egiteko behar diren lurrak lortzeaz, jarduketak gauzatzeko behar diren baimenak edo gainerako administrazio-izapideak lortzeaz, obrak lizitatu eta kontratatzeaz eta obra horiek zuzendu eta teknikoki ikuskatzeaz.
Jarduera hori jasota dago Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren hirugarren zikloko Neurri-Programan (2022-2027 ziklorako). Helburua Oionen eta Arabako Errioxako ekialdeko gainerako herrien hornidura bermatzea da.
Kantabria mendilerroko akuiferoaren egoera
Euskadin badira lurpeko urez hornitzen diren herri zein, kasu batzuetan, eskualdeak ere: hala nola, Durangaldea Bizkaian, Iruña Oka eta Ekialdeko Lautada Araban eta Debabarrena Gipuzkoan.
Hala egiten du Arabako Errioxak ere. Kantabria mendilerroko akuiferoari esker hornitzen da. Hornidura-sistema hori sendoa da, lehorte bati modu nahiko fidagarrian aurre egiteko prestatua. Casablancako biltegiko ura Oiongo biltegiraino bultzatzeak erresilientzia handiagoa emango dio sistemari, eta segurtasun handiagoz kudeatuko ditu agorraldiak eta etorkizunean gerta daitezkeen eskasia-gertaerak.
Iaz euri gutxi egin zuen mendilerroan, eta akuiferoaren mailak ohi baino baxuagoak izan ziren; horren ondorioz, udan funtsezkoak ez ziren uraren erabilerarako murrizketak egon ziren. Egia esan, azaroaz geroztik akuiferoaren mailak berreskuratzen joan dira, baina garai honetan normala dena baino baxuagoak dira oraindik, eta beharrezkoa da datozen hilabeteetako bilakaeraren zain egotea.