Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Añanako etorkizuneko Ekoetxea eraikina Gatz Haranaren bihotzean dagoen antzinako gatz-biltegi baten hondakinen gainean eraikitako begiratoki bat izango da

2024-02-22
  • Lurzorua lagatzeko izapideak amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak lizitaziora aterako du Añanako (Araba) Ekoetxea zentro berriaren egikaritzea, 3 milioi euroko zenbatekoarekin eta 24 hilabeteko epearekin
  • Zentro berria Añanako Real kaleko 24. zenbakian kokatuko da, eta antzinako gatz-biltegi baten harlangaitzezko hormen hondakinak baliatuko ditu

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Añanako (Araba) Ekoetxea zentro berriaren egikaritzea lizitatuko du, 3.040.712 euroko zenbatekoarekin eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin. Horretarako, funtsezkoa da aurretik lurzorua lagatzeko izapideak amaitzea. Añanako etorkizuneko Ekoetxea Real kaleko 24. zenbakian kokatuta egongo da, Gatz Haranaren bihotzean. Egikaritze-proiektuari jarraikiz, espazio horretako eraikina gatz-larrainetara emango duen begiratoki bat izango da, eta ura proposamenaren elementu egituratzaile garrantzitsua izango da.

Proiektuak funtsezko hiru kontzeptu ditu oinarri: lekua, aurriak eta Ekoetxea sarearen filosofia. Lekuan integratzeko, gatzagetako paisaiarekin bat egiten duen eraikin birgaitu bat proposatu da. Gainera, ur-estalki bat sortuko da, larrainen modura, zentroa lekuko paisaia bereizgarrian integratzen laguntzeko, eta horrelako estalki batek energia aurrezteko ekartzen dituen onura termikoak aprobetxatzea..

Eraikina egingo den partzelak 394 metro koadroko azalera du, eta antzinako gatz-biltegi bateko harlangaitzezko hormen hondakinak daude bertan. Ekoetxea zentro berriaren egikaritze-proiektua idazteko garaian, aztarna arkeologikoak daudela kontuan hartuta arkitektura-erantzunik onena aztarna horiek errespetatzea eta gorestea dela ulertu da. Horretarako, dauden harlangaitzezko hormetatik bereiztea eta eraikin berriaren fatxadaren eta hormen artean 50 zentimetroko tartea sortzea proposatu da. Bisitariek beirazko xafla batean zehar ikusi ahal izango dituzte hormak. Horrela, beraz, dauden harlangaitzezko hormak izango dira protagonistak.

Eraikinak biodibertsitatea eta jasangarritasuna erakutsiko ditu dibulgazio-material fisiko eta digitalen bidez, eta, aldi berean, inguruneko biodibertsitatea erakarriko du. Horretarako, baoak utziko dira emokadurazko fatxada berrietan eta dauden harlangaitzezko hormen eta proposatutako fatxada berrien artean, fauna bizi ahal izan dadin (batez ere hegaztiak, hala nola inguruan ohikoak diren kaskabeltzak eta sorbeltzak).

Lizitazio-aurrekontua 3.040.712 eurokoa da, eta partida nagusiek honako hauek izango dituzte xede, besteak beste: zimendua (331.141 euro), zurezko egitura (317.624 euro), fatxadak eta igeltserotza-lanak (322.551 euro), eta errezel-horma eta kanpoko zureria (550.175 euro). Lanek 24 hilabete inguruko iraupena izango dute. Eraikuntza-jarduketa amaitu ondoren, aldi bat beharko da Ekoetxea zentro berriaren instalazioa eta ekipamenduak osatzeko.

Banaketa

Proiektuaren banaketari dagokionez, eraikinak erdisotoko solairua, beheko solairua eta lehen solairua izango ditu. Beheko solairuan sartzeko, 70 zentimetro inguru jaitsiko beharko dira Real kaleko egungo kotatik. Solairu horretan, bisitariei harrera egiteko eta taldeak hartzeko 120 metro koadroko gune bat, Ekoetxea zentroko bulegoak, bilera-gela bat eta komunak egongo dira.

Beheko solairutik erdisotoko solairura jaisteko, eskailerak eta igogailua egongo dira. Erdisotoko solairua Ekoetxea zentroan antolatuko diren erakusketak egiteko gune gisa konfiguratu da. 258 metro koadro izango ditu, eta bi gune nagusitan bereizita egongo da, aurrez zegoen harlangaitzezko hormaren bidez.

Azkenik, lehen solairuan Añanako Gatz Harana Fundazioaren bulegoak eta Ekoetxea zentroko plantillarentzako office bat egongo dira.

Eraikitako guztizko azalera 726 metro koadrokoa izango da, eta azalera erabilgarria, berriz, 639 metro koadrokoa.

Materialak

Proiektua egikaritzeko materialen hautaketa Ihobek sustatzen dituen eraikuntza jasangarriko irizpideei jarraikiz egingo da, kontuan hartuta bizitza baliagarri luzeko materialak izango direla, mantentze-lan txikikoak, geografikoki hurbilekoak, energia gutxirekin sortuak, osasungarriak (E1 motako konposatu kaltegarrien emisio baxukoak) eta toxikotasunik gabeak. Erabilitako zurak ziurtagiria izango du.

Era berean, ur grisak eta euri-urak tratatu eta araztu ondoren berrerabiltzea planteatu da, komunontzietan erabiltzeko zein udan ur-estalkia freskatzeko. Txorrotek aireztagailuak eta emaria erregulatzeko gailuak izango dituzte, kontsumoa minimizatzeko. Neurri horien helburua da Añanako Ekoetxea uraren arloan eraikin zirkularra izatea.

Araban sarearekin bat egin duen lehen Ekoetxea

Añanako etorkizuneko Ekoetxea gaur egun Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-ekipamenduen Ekoetxea sarea osatzen duten lau zentroei gehituko zaie (Urdaibaikoa eta Meatzaldekoa, Bizkaian, eta Txingudikoa eta Azpeitikoa, Gipuzkoan). 2023. urtean, zentro horiek 132.771 bisita izan dituzte guztira. Haietatik, 34.000k baino gehiagok ingurumenaren aldeko kontzientziazioa eta ekintza hobetzera bideratutako esperientziez gozatzea eta, gainera, ohiturak benetan aldatzeko konpromisoa hartzea izan dute helburu.

Añanako Gatz Harana leku paregabea da. Biotopo Babestua, Interes Kulturaleko Ondasuna eta Kontserbazio Bereziko Eremua izateaz gain, nazioarteko garrantzia duen hezegune gisa katalogatuta dago. Añanako gatz-larrainek lau kilometrotik gorako zurezko kanalizazioez osatutako paisaia bereizgarria eskaintzen dute. Kanalizazio horiek iturburuetatik putzu eta terrazetaraino eramaten dute ur gazia. Terrazak harriz, egurrez eta buztinez eraikita daude, eta bertan biltzen da gatza.

Haien egungo egiturak eta plataformak izan dira inspirazio-iturri nagusia Añanako etorkizuneko Ekoetxearen proiekturako.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @v_en_c
    2024-02-22

    Comentario de Twitter:
    La futura Ekoetxea Añana será un edificio mirador construido sobre las ruinas de un antiguo almacén salino en el corazón del Valle Salado - Irekia https://t.co/elJmWG9z9y

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan