Berriak Lehendakaritza
qrcode

48 ordutan, 1.777 pertsonak eskatu dute gazteen emantzipazioa laguntzeko Emantzipa laguntza berria

2024-02-22
  • Emantzipa Programa Eusko Jaurlaritzaren laguntza da, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazioa laguntzeko
  • Hilean 300 euro ordainduko dira, gehienez ere 24 hilabetez, betiere gastua egiaztatzen badut
  • Betekizunei buruzko informazio guztia, eskaera nola egin edo zer dokumentazio aurkeztu euskadi.eus/emantzipa helbidean dago eskuragarri
  • Garrantzitsuena da Emantzipa ez dela neurri isolatu bat, gazteen emantzipazioa laguntzeko neurrien ekosistemaren parte da

Joan den asteartean, otsailaren 20an, epea ireki zen 25 eta 29 urte bitarteko gazteek Emantzipa Programaren laguntza berria eskatzeko. Laguntza hori hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez ere 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairu-, hipoteka- edo mailegu-gastua egiaztatzen bada.

Gaur goizean, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteriako zuzendariak Emantzipa Programa kudeatuko den bulegotik aurkeztutako eskaerei buruzko lehen datuak eman dituzte.

48 ordutan, 1.777 pertsonak eskatu dute jada Emantzipa laguntza. Eskatzaileen % 52 Bizkaikoak dira, % 33 Gipuzkoakoak eta % 15 Arabakoak.

Aurkeztutako eskabide guztietatik ondorioztatzen da eskatzaileen % 68,6 emantzipatu egin direla edo alokairuan egingo dutela, eta gainerako % 31,4 erositako etxebizitza batean.

Azpimarratu behar da eskabideen % 63 emakumerenak direla, eta % 37 gizonenak. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazio-tasan dagoen hamar puntuko aldearekin.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak "beren bizi-proiektua autonomiaz hasi edo sendotu nahi duten gazteak laguntza eskatzera” animatu ditu".

Eusko Jaurlaritzak oso balorazio positiboa egiten du lehen 48 ordu hauetan jasotako erantzunari buruz. Jonan Fernandezek nabarmendu du, eskaeren erritmo horrek "berretsi egiten duela egin genituen estimazioak ondo bideratuta daudela, eta lehenengo urtean eskaeren kopurua 15.000ra iritsi ahal izango dela edo, are gehiago, horiek baino gehiago izan daitezkeela. Erantzun horrek berretsi egiten du halaber Emantzipa laguntzaren kontzeptua gazteek emantzipazio-prozesuan duten benetako premiari erantzuten diola".

Nabarmendu du, "nolanahi ere, Ematzipa Programaren gauzarik garrantzitsuena da ez dela neurri isolatu bat. Gazteen emantzipazioa laguntzeko eta erronka demografikoari aurre egiteko neurri-sistema baten parte da".

Fernandezek gogorarazi du Emantzipa laguntza “beste neurri batzuekin osatzen dela, hala nola gazteen enpleguari aurre egiteko programarekin, Gaztelagun Programaren alokairu-laguntzekin, Haurreskolen doakotasunarekin edo seme-alabak hiru urtera arte hazteko laguntzekin, besteak beste. Horrela, Emantzipa Programa erronka demografikoari erantzuteko giltzarri gisa gazteei laguntzea ezartzen duen estrategia baten parte da”.

Nola egin eskaera

Eskabidea aurkezteko modurik errazena da www.euskadi.eus/emantzipa loturaren bidez egitea, inprimakia bete eta beharrezko dokumentazioa erantsiz. Horretarako, beharrezkoa izango da BakQ bidez identifikatzea eta, ziurtagiri elektroniko hori izan ezean, urrunetik eskatu ahal izango da online eskaeren bidez, bideo-identifikazioarekin.

Eskabidea aurrez aurre ere aurkez daiteke, online formularioa bete ondoren, inprimatu eta ZUZENEANen bulegoren batean aurkez daiteke. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da.

Kontsultak

Laguntza eskatu nahi dutenek zalantzaren bat baldin balute argitzeke, Gazteria Zuzendaritzarekin jar litezke harremanetan 945 015 591 telefonora deituta edo emantzipa@euskadi.eus helbidera mezua bidalita.

Era berean, GAZ Emantzipaziorako zerbitzuaren laguntza izan dezakete, online, komunitatearen EMANTZIPA kanalaren bidez, 646 109 126 zenbakira whatsapp bat bidaliz edo gaz@euskadi.eus helbidera mezu elektroniko bat igorriz; edo aurrez aurre, Bilboko (La Perrera) edo Barakaldoko GAZ bulegoetara joanez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak