qrcode

Garraio sailak amaitu ditu aurrerapenean Topoaren saihesbideko Mirakontxa-Easo tarteko hondeaketa lanak

2024-02-21
  • ‘Kalea’ edo tunela eraikitzeko orduan bi eraso-frontek bat egiten duten unea, urrats garrantzitsua da Donostialdeko metroaren eraikuntzaren amaierarako.
  • Easoko lurpeko geltokiko haitzuloak azken faseari ekingo dio behin betiko estaldurarekin eta mezzaninen edo atarien muntaketarekin.

 

 

Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, Topoaren trenbide-saihesbidearen Mirakontxa-Easo tartearen bi hondeaketa-fronteen ‘kalea’ edo bat egitea gauzatu du gaur goizean. Une hori urrats garrantzitsua da azpiegitura berriaren eraikuntzan.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordea eta Eneko Goia alkatea buru izan duen Donostiako Udaleko ordezkaritza bertan izan dira obrako ekipoek ‘kalea’ egin duten unean, eta Easoko lurpeko geltokiko haitzuloa bisitatu dute.

Donostialdeko metroaren obra da Gipuzkoako tren-mugikortasuna hobetzeko eta garraio publiko jasangarriaren erabilera sustatzeko plan estrategikoaren piezetako bat: azpiegitura berriak Amarako geltokiko zaku-hondoa ezabatuko du (une honetan trenek “errebotatu” egiten dute bertan), eta hiriburuko auzoak elkarren artean hobeto konektatzeko eta hiria eta gainerako lurraldea ekialdetik mendebaldera lotzeko maiztasunak hobetzeko ibilbide lineala sortuko du. Esku-hartze horrek eta Gipuzkoan aldi berean gauzatzen ari diren beste batzuek berregituraketa hori ahalbidetuko dute. Beste esku-hartze horien artean azpimarratzekoa da Loiolako Erriberan eraikiko den eta probintzia iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten Renferen aldirien bidaiarien linearen eta ekialdetik mendebaldera doan Euskotrenen linearen arteko garraio-aldaketa erraztuko duen trukagunea.

‘Kalea’, konplexutasun tekniko eta geologiko handia duen trazadurako puntu batean gertatu da, eta, ondorioz, azken hilabeteetan laneko prozedura eta erritmo egokituak erabili behar izan dira. Mugarri hori eraikuntza-teknika aurreratu baten bidez lortu da, eta horrelako esku-hartzeetan ohikoak diren euspenez gain beste elementu indartzaile batzuk ere erabili dira, kontuan hartuta lurperatutako Donostialdeko metroaren pasabidearen bigarren tarte horretan harri karstikoko lursailean ari direla lanak egiten.

‘Kalea’ 0+935 kilometroan gertatu da, lur azpitik 40 metrora, Easo eta Arrasate kaleek bat egiten duten puntuaren parean. Hondeaketako bi fronteak elkartu ondoren tunela zulatzen jarraituko da, beheko aldean osatzeko. Lurperatutako saihesbidearen hondeaketa-lan guztiak datorren irailerako amaitzea aurreikusi da. Ondorengo lanen artean tunela hormigoiztatzea eta arkitektura arloko akaberak egitea daude, obra zibila amaitutzat emateko eta instalazioen faseari ekiteko, hau da, trenbidea, katenaria, seinaleak eta abar jartzeko. Lan horietako gehienak esleituta daude.

Easoko kanoien eta geltokiaren kokapena

Geltoki horretara sartzeko kanoiak ere oso aurreratuta daude, batez ere Xabier Zubiri plazakoa, Londres hotelaren parean. Tarte horretako ‘kalea’ edo bat egitea dagoeneko eginda dago, eta Loiola kalekoari dagokiona ere laster egingo da. San Bartolome kaleko kanoia gauzatzeko lanak prestatzen ari dira, Udalak izen bereko muinoa hirigintzaren aldetik definitzen duenean.

Geltoki horretatik, Easo eta Arrasate kaleek bat egiten duten puntura zuzenean aterako den igogailuaren zuloaren hondeaketari eta San Bartolome kaleko larrialdiko aireztapena instalatzeko piloteen amaierari ekitea baino ez da falta.

‘Kalera’ joan ondoren, segizioa, zaku-hondoa osatzen duen Amarako lurrazaleko egungo geltokia ordeztuko duen Easoko lurpeko geltokiaren haitzulora joan da. Bertan, lanen aurrerapen-maila egiaztatu ahal izan dute. Gaur egun, lan horiek altzairu beiraztatuzko panelekin behin betiko estaldura jartzean zentratzen dira, eta, aldi berean, mezzaninak edo atariak muntatzen ari dira.

Geltoki horretara sartzeko kanoia, lehenbizi Autonomia kalean barrena egingo da. Kanoiaren hondeaketa lanak amaituta daude, eta Osasun eta San Roke kaleetan geldialdi bikoitza izango duen igogailu berriaren bidez ere iritsi ahal izango da bertara. Errondoko pasealekuko sarbidea, bestalde, lurpeko saihesbidea martxan jartzen denean gauzatuko da; izan ere, orain egiteak Amarako lurrazaleko egungo terminalera iristen den tren-zerbitzua etetea eskatuko luke.

Etorkizunean Eason egongo den geltokiaren nasetako batetik, Iñaki Arriola sailburuak Topoaren 2. tartearen aurrerapenak nabarmendu ditu, “Euskal Trenbide Sareak eta Eusko Jaurlaritzak aurrean izan duten obrarik konplexuena”.

Azaldu duenez, “gaur goizeko ‘kaleak’ edo bat egiteak, Euskal Trenbide Sareko lantaldeak eta lan honetan egunero lan egiten duten profesional guztien gaitasun tekniko handia erakutsi du. Azken hilabeteetan tentuz egin da lan tarte horretan, erronka geologikoak eta ingeniaritzakoak gaindituz, lurzoru konplexu batean soluzio aurreratuak gauzatuz tunelak eremu karstikoan egiteko, horrelako aurrekaririk izan gabe”.

Gipuzkoako trenbide-mugikortasunaren eraldaketa

Donostiako lurpeko saihesbidea Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa da, eta sailburuak azaldu duenez, “nabarmen aldatuko ditu Gipuzkoako mugikortasun jasangarriaren parametroak”. Gaineratu duenez, “obra horrekin Amarako egungo geltokiaren zaku-hondoa saihestuko dugu, eta Zumaia eta Hendaia artean dauden hiriguneetara maiztasun gehiago eta hobeak eskaintzen dituen zerbitzua eskaini ahal izango dugu. Horrez gain, tren-zerbitzua eskainiko diegu horrelakorik ez duten Bentaberri-Antiguo eta erdialdea bezalako Donostiako eremuei”.

Horrela, aurreikuspenen arabera, lurrazaleko obrek pixkanaka gutxituko dute perimetroa, 2025eko udaberrian urbanizazioak osatu arte.

Topoaren lurpeko saihesbidearen trazadura 4,2 kilometro da luze, bi tartetan banatuta: Lugaritz-Mirakontxa (obra zibila 2022ko ekainean amaitu zen) eta Mirakontxa-Easo.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostiako alkatea