Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Gobernu Kontseiluak Gasteizko Udalarekin alokairuko 960 etxebizitza publiko eraikitzeko hitzarmen bat sinatzea baimendu du (Gobernu Bilera 2024-2-22)

2024-02-22

Gobernu Kontseiluak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eskatuta, baimena eman du Gasteizko Udalarekin alokairu-erregimeneko 960 etxebizitza babestu inguru eraikitzera eta, era horretan, herritarrek etxebizitza bat arrazoizko prezioan eskuratzeko dituzten beharrei erantzutera bideratutako hitzarmen bat sinatzeko.

Akordioak aurreko hitzarmenetan jaso ziren baina gauzatu ez ziren 543 etxebizitzaren eraikuntzari ekiten dio berriz, eta datozen urteetan beste 417 etxebizitza sustatzeko Udalaren lurzoru batzuk Eusko Jaurlaritzari doan lagako zaizkiola gaineratzen du. 

Lasarte-Oriako Udaletxearekin hitzarmena zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Lasarte-Oriako Udalarekin alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko hitzarmen bat sinatzea onartu du. Egungo Maialen Chourraut kiroldegia tokiz aldatuko denez, Udalak lagako dio Eusko Jaurlaritzari doan espazioa –3.069 m2-ko kirol-ekipamenduko partzela– apartamentu horietara bideratzeko.

Etxebizitza Saila arduratuko da plan berezia eta proiektuak idazteaz, kiroldegia eraisteaz eta eraikin berria eraikitzeko obrak egikaritzeaz.

Bi hitzarmen hauen bidez, 2022-2036 aldiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean sektore publiko eta pribatuko 90 eragileren eta hirugarren sektoreko erakundeen artean zehaztutako helburuak bete nahi dira, alokairuko parke publikoa handitzeko eta, era horretan, euskal herritarrek etxebizitza bat arrazoizko prezio batean lortzeko dituzten beharrei erantzuteko. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko