Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza sailak 22,8 milioi euro bideratu ditu Barandiaran Institutuaren eraikin berria egiteko, Leioan (Gobernu Bilera 2024-2-22)

2024-02-22
  • Institutu berriak eraikin bakarrean batuko ditu egun ikasketak bitan egiten ari diren ikasleak
  • DBH-ko 5 lerro eta Batxilergoko beste 5 izango ditu
  • Institutuko pista estaliaren estalkia Altzaga ikastetxeko publikoaren aisialdirako gune eta kirol-gune ere izango da aldi berean, goragoko kota batean baitago beste ikastetxe hori

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 22.804.795,58 euroko gastua onartu du, Leioan Jose Miguel Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria egiteko.

Barandiaran BHIren eraikin berria Sakoneta auzoan dagoen 13.783 metro karratuko lursail batean eraikiko da, institutuaren egungo bi eraikinetako batetik hurre (Barandiaran Behekoa eraikinetik), Altzaga ikastetxe publikoaren eta Leioako osasun-zentroaren artean. Horrela, eraikin bakar eta berri batean bilduko dira, herriaren erdigunean, gaur egun ikasketak bi eraikinetan banatuta egiten ari diren ikasleak, (horietako eraikin bat herrigunetik urrun dago, Santsoenea auzoan).

DBH eta Batxilergoa

9.743 metro koadroko azalera eraikia izango duen eraikinak DBHko 5 lerro eta Batxilergoko beste 5 hartuko ditu. Bolumen trinkoa erakusten duen eraikina diseinatu da, soiltasun, ekonomia eta eraginkortasun energetikoaren printzipioei jarraiki. Horretarako, material iraunkorrak bilatu dira, mantentze-lan gutxi eskatzen dutenak. Eraikin luzanga eta lineala izango da, Aldapabarrena kalearen trazadurari jarraitzen diona. Kale horretatik izango du sarrera nagusia. Eraikinaren lerro zuzen hori hautsi egingo da apur bat erdi aldean, aipatutako kaleak pare horretan duen bihurgunera egokitzeko.

Eraikin berriak beheko solairuan eta goiko bi solairuetan banatuko ditu espazio guztiak. Gainera, orube horren maldak aukera eskaintzen du eraikinari sestra azpiko edo erdisotoko solairu zabal bat emateko. Beheko solairuan, besteak beste, administrazio-gunea, zuzendaritza-bulegoak, bilerak egiteko eta erabilera anitzeko gelak, irakasleen gela, liburutegia eta jantokia egongo dira. Goiko bi solairuetan, DBHko eta Batxilergoko gela arruntak kokatuko dira, baita beste gela espezifiko batzuk ere, hala nola laborategiak, musika, marrazketa, informatika edo teknologia gelak. Sestra azpiko solairua aparkalekuetarako, biltegi orokorrerako, aldageletarako edo galdara-gelarako erabiliko da, besteak beste.

A ziurtagiri energetikoa

Eraikuntza-ezaugarriek, erabilitako materialek edo aukeratutako berokuntza eta ur beroko sistemek A energia-ziurtagiria emango diote eraikinari. Isolamendu-geruza bikoitzeko fatxada aireztatuarekin, argon gas-ganberadun beirak erabilita edo zubi termikoen tratamenduari arreta zorrotza eskainita, besteak beste, energiaren arrazoizko erabilera lortuko du ikastetxe honek.

Institutuko ur bero sanitarioa ekoizteko behar izango den energiaren %60 energia berriztagarriaren bidez sortuko da. Horretarako, ur beroa sortuko da teilatuan instalatuko diren bi bero-ponpa aerotermikoren bidez. Berokuntza-zirkuiturako ura sortzeaz ere arduratuko dira ponpa horiek. Gainera, instalazio horren kontsumo elektrikoa eguzki-plakek sortutako energian oinarrituko da.

Gimnasioa eta kirol-pistak

Eraikinaren hegoaldeko ertzean, beheko solairuan, gimnasioa eta aldagelak jarriko dira. Orubearen barrualdean kirol-pista estali bat eta kanpoko beste kirol-pista bat kokatuko dira, berdegune zabalez eta jolaserako espazio libreez gain. Kirolerako eta jolasetarako kanpoko espazio hori ondo orientatua eta ipar-mendebaldeko haizeetatik babestuta geldituko da, tokiaren topografiari inguruko eraikinei esker.

Institutu berria eraikiko den guneak duen desnibel handiari esker, aipatutako kirol-pistaren estalkia, aldi berean, aisialdirako gune eta kirol-gune izango da Altzaga ikastetxe publikoarentzat, goragoko kota batean baitago kokatua beste ikastetxe hori. Horrela, lan hauen bidez, halaber, Altzaga ikastetxe publikoaren kanpoko espazioak 2.360 metro karratu handitzea lortuko da.

Leioako Barandiaran BHIren eraikin berriak izango dituen instalazioen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak:

  • DBHko 20 gela
  • Batxilergoko 10 gela
  • Bikoizketarako 7 gela
  • Musika gela
  • Plastika gela
  • Marrazketa gela
  • Informatika gela
  • Teknologia gela
  • Fisika laborategia
  • Kimika laborategia
  • Biologia laborategia
  • Jantokia eta officea, 338 m²
  • Liburutegia, 127 m²
  • Erabilera anitzeko gela, 127 m²
  • Gimnasioa, 406 m²
  • Kirol pista estalia, 1.028 m²
  • Kanpoko kirol pista, 2.036 m²
  • Aterpeak, 363 m²

Eraikitako azalera, orotara: 9.743 m²

Lanak egiteko epea 22 hilabetekoa izango da. Lan hauetarako gastua Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Hezkuntza Sailak abian jarriko du Leioako Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria jasotzeko proiektua esleitzeko prozesua.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @koldoaldabe
    2024-02-28

    Comentario de Twitter:
    @NiNeuhezkuntzan Barandiaran Institutuak 22.8 milioi, Aldaialdek 11,5 milioi. 2020-2024 aldian, Hezkuntza Sailak 520 milioi euro inguru bideratu ditu sare publikoko hezkuntza-azpiegitura eta ekipamenduetarako... bi egunotan.
    https://t.co/n8Bx3HRgBp
    https://t.co/VNIlGQZY5r

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan