Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Euskarri Estrategiaren 2023ko Memoria eta 2024ko Lehentasunen Agenda aurkeztu ditu gaur Gobernu Kontseiluan (Gobernu Bilera 2024-2-22)

2024-02-22
  • Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek, 2018tik, zaurgarritasun-egoeran adauden adingabeak eta gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko Mahaia partekatzen dute.
  • Jarduera-planak 7 lehentasun bultzatzen ditu eta 23 ekimen jasotzen ditu, guztiak 2023an gauzatze-maila desberdinetan garatu direnak.
  • Dokumentuak hobetzeko bi eremu identifikatzen ditu: proiektuen harmonizazioa eta sailen eta erakundeen arteko sarearen funtzionamendua.
  • Era berean, etorkizunerako proiekzio garrantzitsua duten hiru lorpen handi nabarmentzen dira: Gobernantza, Koordinazioa eta Zehaztapena.
  • Euskarri Estrategia jardunbide egokia da zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen errealitate konplexuari heltzeko.
  • 2024ko bigarren seihilekoari begira, 2024-2027 plangintza estrategikoko dokumentu berri bat egitea eta onartzea planteatu da.

2018az geroztik, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek baterako lana hasi zuten adingabeen egoerari erantzuteko estrategia bat partekatzeko, bai familia-erreferenterik gabeko migratzaileei, bai kalteberatasun-egoeran dauden bertakoeei.

2021eko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek “Euskarri Erakundearteko Adierazpena” aurkeztu eta Euskarri Estrategiaren Erakundearteko Mahaia eratu zuten formalki, zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen gizarteratzea eta laneratzea errazteko.

Harrezkero, urtero, urteko jarduketa Agenda bat onartzen da. Agenda horrek aurreko urtean egindako lanaren memoria egiten du, eta hurrengo ekitaldiko lehentasunak zehazten ditu. Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskarri Estrategiaren 2023ko Memoria eta 2024ko Lehentasunen Agenda aurkeztu ditu gaur Gobernu Kontseiluan.

2023ko Memoria

Mahaiaren Lan-agenda zazpi lehentasun-ardatzen inguruan egituratzen da, eta ardatz horiei lan-proposamen desberdinak lotzen zaizkie (ikusi eranskina). Zazpi lehentasun horiek honako hauek dira:

  1. lehentasuna. Emantzipazio-prozesuak sustatzea.
  2. lehentasuna. Berrikuntza etxe-ereduetan, tutoretzan edo mentoretzan.
  3. lehentasuna. Tokiko hizkuntzak ikastea.
  4. lehentasuna. Lanbide-esperientzia egiaztatzea.
  5. lehentasuna. Prestakuntza-prozesu egokituak.
  6. lehentasuna. Euskadin bizi diren eta lan-baimenik ez duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak garatzea.
  7. lehentasuna. Erakundeen arteko erantzunkidetasuna.

Joan den otsailaren 1ean, Euskarri Mahaiak 2023ko Memoria eta 2024ko Lehentasunen Agenda onartu zituen. Ondorioen atalean, nabarmendu du aurreikusitako 23 ekimenetatik guztiak 2023an garatu direla, gauzatze-maila desberdinetan. 

Hobetu beharreko eremua

Balorazio positibo hori ez da oztopo bi hobekuntza-eremu identifikatzeko. Lehenik eta behin, kideen funtzionamenduaren eta koordinazioaren nahiz proiektuen eta jardueren harmonizazioa optimizatzea. Bigarrenik, sail edo erakunde bakoitzaren dinamika propioek harremanik gabeko funtzionamenduetara bultza ditzaketen inertziak gainditzea.

Zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen gizarteratzea eta laneratzea bezalako gai sentikor eta transbertsal batean, funtsezkoa da sarean funtzionatzea. Hau da, gobernantza partekatua, ahalik eta aukera gehienetara bideratua.

Euskarri Estrategiaren Erakundearteko Koordinazio Mahaia harmonizaziorako eta sare-funtzionamendurako helburu bikoitz horretan lan egiten duen proiektu bat da. Etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik, egokia da hasitako bidea optimizatzea.

Lorpen aipagarriak

Halaber, hiru lorpen handi nabarmendu behar dira, etorkizuneko proiekzio garrantzitsuarekin finkatzen direnak: Gobernantza, Koordinazioa eta Zehaztasuna.

-Gobernantza. Sailen arteko eta erakundeen arteko lankidetza-gobernantzako eredu bat taxutu da (partaidetza publikoko, pribatuko eta gizarte zibileko sektore-espazioak barne hartzen dituena), modu arinean funtzionatu duena.

-Koordinazioa. Koordinazio- eta eztabaida-espazio partekatuak eratu ditu, informazio- eta lankidetza-fluxuak hobetzen lagundu dutenak. Azken batean, koordinazioak emaitzen eraginkortasuna hobetzea ekarri du.

-Zehaztasuna. Zeharkako lan-irizpide bat bultzatu da, mahaiaren funtzionamendua zehatzaren metodologiarekin eta etengabe ebaluatzen diren proiektu eta helburu argietan islatzearekin lotzen duena.

Laburbilduz, azken urteotan izandako zailtasunak eta ezbeharrak gorabehera, Euskarri Estrategiaren Erakundearteko Koordinazio Mahaia jardunbide egokia da zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeen eta gazteen errealitateak adierazten duen problematika konplexuari eta poliedrikoari heltzeko. Hori da, ziurrenik, esperientzia horrek 2023ko amaierara arte uzten duen ondare nagusia.

2024ko Lehentasunen Agenda

2024ko lan-plangintzari begira, helburua da Euskarri Estrategiaren sailarteko eta erakundearteko dinamizazio-, koordinazio- eta bultzada-funtzioak garatzen jarraitzea, bai eta zehaztasun-irizpide batekin ezarritako konpromisoak, helburuak eta egutegiak zorrotz betetzen jarraitzea ere.

2024ko bigarren seihilekoari begira, 2024-2027 plangintza estrategikoko dokumentu berri bat egitea eta onartzea da helburua.

Eranskina. Euskarri Estrategiaren lehentasunak eta jarduketa-programak

 

Lehentasuna

Ekimenak

1. lehentasuna. Emantzipazio-prozesuak sustatzea.

1. Trapezistak programa, Eusko Jaurlaritzaren programa, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden gazteei laguntzeko.

2. Hegan programa (Arabako Foru Aldundia), Gazte on programa eta Gazteak helduarora igarotzeko arreta-zerbitzua (Bizkaiko Foru Aldundia).

3. Eusko Jaurlaritzaren lagapen-hitzarmen berriak tutoretzapean egondako gazteek partekatutako etxebizitzetan.

4. Gaztelagun, alokairurako laguntzak eskuratzeko programa.

2. lehentasuna. Berrikuntza etxe-, tutoretza- edo mentoretza-ereduetan.

5. Emantzipazio Aurreko eta Emantzipazioko Aukera Programa (Arabako Foru Aldundia), GazteOn SareLan Programa (Gipuzkoako Foru Aldundia)

6. Eusko Jaurlaritzaren mentoretza-programa, Urretxindorrak.

3. lehentasuna. Tokiko hizkuntzak ikastea.

7. Migratzaile gazteei egokitutako prestakuntza-ibilbideak.

8. HHIetarako sarbidea gazte migratzaileentzat.

9. Gaikuntza digitaleko gelak HHI guztietan.

10. Programa Pilotua Bilboko HHIn.

11. Harrera, Ongi Etorri Programa.

12. Bideberri, Zehar programa pilotua.

4. lehentasuna. Lan-esperientzia egiaztatzea.

13. Oinarrizko LH birformulatzeko prozesua aplikatzea.

14. Gaitasunak egiaztatzeko gailua, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko zailtasunak dituztenentzat.

5. lehentasuna. Prestakuntza-prozesu egokituak.

15. Tutoretzapeko gazteen eta tutoretzapean egondako gazteen laneratzea erraztuko duten tituluak egiaztatzeko prestakuntza-ibilbideak.

6. lehentasuna. Euskadin bizi diren eta lan-baimenik ez duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak garatzea.

16. Lan-aurreko egoeran dauden etorkinak gizarteratzen eta laneratzen eta erregularizatzen laguntzeko esperientzia pilotuak.

17. Laneratzeko enpresetan sartzea erraztuko duen eta gizarteratzeko ibilbideak garatzen lagunduko duen Dekretua.

18. Gizarte- eta lan-arriskuko edo -bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako ibilbide mistoak.

19. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea.

7. lehentasuna. Erakundeen arteko erantzukidetasuna.

20. Migrazioaren eta asiloaren arloko transferentziarako eta lan-baimenak emateko eskumenerako kudeaketa.

21. Lana aldi baterako mugatuta duten gazteen egoitza-espedienteen ebazpena arintzeko koordinazioa.

22. Erantzukidetasun-printzipioaren aplikazioa sustatzeko Share Proposamena bultzatzea, estatu eta autonomia arteko esparruan.

23. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta foru-aldundien arteko lantaldea, Share Proposamenari buruz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko