2030eko Euskadiko Osasun Planaren Batzorde Gidaria eratu da
- Organo hori izango da Euskadi osasuntsuagoa lortzeko bidean aurrera egiteko bide-orria garatzearen buru, eta euskal administrazioen konpromiso instituzionala bermatuko du
Gaur eratu da 2030eko Euskadiko Osasun Planaren Batzorde Gidaria. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izango duen organo hori arduratuko da bide-orri hori garatzeaz, eta Euskadi osasuntsuago baterantz aurrera egitea eta euskal administrazio guztien konpromiso instituzionala bermatzea izango du helburu.
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua buru dela egin da foro hori eratzeko ekitaldia, eta berau osatzen duten administrazio publiko guztiek parte hartu dute bertan. Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaz gain —Batzordeko lehendakariorde gisa—, Osasun Planaren eraginpean dauden arloek parte hartu dute Batzordean: Lehendakaritza, Hezkuntza, Ingurumena, Nekazaritza, Garraioak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza, Enplegua, Gazteria, Gizarte Politikak, Ekonomia, Jarduera Fisikoa, Kirola, Osasuna eta Osakidetza. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru-alduendietako ordezkariak, Gasteizko alkatea eta Bilboko jarduneko alkatea ere bertan izan dira, baita Eudel ere.
Gaur arratsaldean eratutako Batzorde Gidaria funtsezkoa da 2030eko Euskadiko Osasun Planaren gobernantzan. Izan ere, organo horren funtzioen artean daude: planaren hedapena, jarraipena, monitorizazioa eta ebaluazioa gidatzea; planaren printzipio gidariak betetzen direla zaintzea; inplikatutako eragileen erakunde arteko eta sail arteko konpromisoa ziurtatzea; edo plana eguneratzeko eta/edo doikuntzak egiteko aukera erabakitzea emaitzen arabera edo beste faktore batzuen arabera, hala nola joera-aldaketak, eta abar.
Organoa eratzeko lehen bilkuran, Batzorde Gidariak Planaren Zuzendaritza Teknikoa sortzeko proposamena aztertu du —sailburuordeak zuzenduko du—, baita Planaren indarraldiko lehen hiru urteetarako jarduera-proposamena ere.
2030eko Euskadiko Osasun Planak herrialde osasuntsuago baterantz aurrera egiteko zehazten dituen helburuen artean, lau helburu nagusi nabarmentzen dira: haurren eta nerabeen osasun-garapena sustatzea; zahartze aktiboa eta bizitza betea sustatzea; saihets daitekeen Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren morbimortalitatea gutxitzea; eta osasun-arloko desberdintasunak murriztea. Era berean, eta aurreko helburuekiko modu instrumentalean, planaren helburua izango da: laguntza-sistemen eta osasun publikoko sistemaren kalitatea indartzea, ingurumenaren osasuna sustatzea, hiri- eta gizarte-ingurune osasungarriak sustatzea eta pertsonek beren osasunean duten protagonismoa areagotzea, betiere osasunaren arloko ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustua ahaztu gabe.
Horretarako, honako printzipio gidari hauetan oinarritzen da: hazkunde jasangarrian laguntzea; bizitzaren bilakaeraren ikuspegia, bizi-etapa bakoitzaren osasunean inbertitzeko beharra dakarrena; osasuna politika guztietan; osasun-desberdintasunak murriztea; genero-ikuspegia; Osasun Bakarra (One Health) kontzeptua edo gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko mendekotasuna; sortzen ari diren mehatxu globalen aurrean (klima-aldaketa) osasuna babestea; eta ikuspegi parte-hartzailea.
2030eko Euskadiko Osasun Planaren testu osoa