Hauteskundeak 2024
qrcode

Familia Laguna, migratutako familiei kulturarteko laguntza emateko programa hezkuntza eta komunitate-eremuetan, proiektu pilotu bati ekin dio Bizkaiko eta Arabako bi ikastetxetan

2024-02-19
  • Ekimena Gipuzkoan sortu zen duela hamarkada bat, eta Euskadin bizi diren familiak adin bereko beste adingabe batzuekin harremanetan jartzen ditu
  • Elkarrekin Koop Txikik Gipuzkoako 18 ikastetxetan egiten du lan gaur egun; eta, gainera, Bilbon eta Gasteizen beste bi ikastetxe sartzen ari da
  • “Ikastetxea eta bere irakasleak Laguna Familiarekin inplikatuta daude; zalantzarik gabe, bertako ikasleek toleranteagoa, errespetuzkoagoa eta harrerarako irekiagoa izateko oinarria dute”, nabarmendu du Nerea Melgosa sailburuak

Irun, 2024/02/19

Irungo Dunboa HLHIk Familia Laguna programa jarri du abian gaur. Gipuzkoan jada finkatuta dagoen programa da, eta bere lan-eremua Arabara eta Bizkaira zabaldu du, proiektuan hiru zentro berri gehituta: Dunboa bera, aurkezpenaren agertokia, Arangoiti Ikastetxe Publikoa, Bizkaian, eta Adurtza Ikastetxe Publikoa, Gasteizen.

Familia Laguna Euskadin adingabeak ardurapean dituzten atzerritar jatorriko familiei zuzenduta dago. Euskal familien eta migratzaileen bikoteak antzeko adinetako haurrekin osatzean datza prozesua, iritsi berrien eskola-, gizarte- eta komunitate-integrazioa errazteko.

Elkarrekin Koop Txikik hamarkada bat darama proiektu honen buru Gipuzkoan, eta dagoeneko 200 familia ditu 18 ikastetxetan inplikatuta: 8 Donostian, 6 Errenterian eta 3 Andoainen. Gaurko ekitaldiak Gipuzkoako zentro berri bat, Dunboa HLHI, sartuko dela eta programa gainerako lurraldeetara zabalduko dela iragartzeko ere balio izan du. Horrela, Bizkaiak eta Arabak proiektu pilotu banarekin bat egin dute: Bilboko Arangoiti, Aldaika Heziketa Elkartearekin eta Gasteizko Adurtza, Adsis Fundazioarekin. Elkarrekin Koop Txiki programa bultzatzeko aholkuak eta prestakuntza ematen ari zaie irakasleei eta elkarteei.

Familia Lagunak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza du, eta 20.800 euroko dirulaguntza onartu du programa ezartzeko.

Gaurko ekitaldian, Nerea Melgosa sailburuak inplikatutako ikastetxeak zoriondu ditu, “biharko gizon eta emakumeak prestatzen ari zaretelako”. Ildo horretan, Melgosak nabarmendu du ikastetxeak eta irakasleak erabat murgilduta daudela beren hezkuntza-sisteman “kulturarteko eredu pedagogiko bat” sartzera.

“Zalantzarik gabe, zuen ikasleek oinarriak dituzte etorkizunean pertsona toleranteagoak, errespetuzkoagoak eta harrerarako irekiagoak izateko”, esan dio Melgosak Julen Urkia Dunboa ikastetxeko zuzendariari.

Beste behin ere, Nerea Melgosak Migraziorako Euskal Itun Soziala eta haren leloa aipatu ditu. “Funtsean, gure ekintzekin, behin eta berriz errepikatzen dugu Itunaren leloa: jaso nahi genukeena eskaintzea”, esan du. Sailburuak bere buruari galdetu dio: “Zer nahi genuke jaso pertsona migratzaile baten azalean bageunde?”. Eta berak eman du erantzuna: “Seguruenik, hau, Familia Laguna bezalako programak: Lagunak”.

Melgosak Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Plana gogora ekarri du. “Onartu behar dugu kulturartekotasuna dela gizarte-harreman berrien oinarria. Eta hor, harreman sozial berri horien defentsan, Eusko Jaurlaritza beti egongo da laguntzen”, ondorioztatu du.

Laguna familia, proiektu inklusiboa

Familia Laguna programa Gipuzkoan sortu zen 2014an, gizarte-arloko ama profesionalen talde baten eskutik. Ekimena, ondoren, Elkarrekin Koop Txikiren eskutik profesionalizatu zen. Garazi Zarautz eta Lola Guigo elkarteko koordinatzaileek azaldu dutenez, “urte hauetan Familia Laguna martxan jartzeak agerian utzi du ikastetxeek kulturarteko ikuspegia txertatu behar dutela, hezkuntza-komunitate inklusiboa lortzeko”.

Era berean, adierazi dutenez, “programaren emaitza positiboek agerian utzi dute kulturarteko bizikidetza hobea dagoela eskola-komunitatean, bai eta iritsi berriak diren familien egokitzapenean ere, bai ikastetxera bai bizi diren udalerrira”. Beraien esanetan, “jarrera arrazisten prebentzio handiagoa dago”, eta ikasle berriek “euskararekiko motibazio handiagoa” dute.

5 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2024-02-20

    Ekimen ona da arrakala desberdinak murrizteak gero eta bizkorragoa den gizarte baten egunerokotasuna zailtzen du, eta eskura dauden hainbat baliabide eta tresna ezagutarazten ditu, zulo bat agertuz gero, kaltetutako gizarte ororentzat irteerarik gabeko putzu bihur ez dadin.

  • Argazkia Xaver
    2024-02-20

    Buena iniciativa reducir distintas brechas se puedan dar dificultan el día a día de una sociedad cada vez más acelerada, dando a conocer distintos recursos y herramientas a disposición para que si se presenta un bache no llegue a convertirse en un pozo sin salida para toda sociedad afectada.

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-19

    Comentario de Twitter:
    👍Elkarrekin Koop Txikik hamarkada bat darama proiektu honen buru Gipuzkoan, eta dagoeneko 200 familia ditu 19 ikastetxetan inplikatuta; orain Bilboko Arangoiti  eta Gasteizko Adurtza ere sartuko dira programan

    👇
    https://t.co/u4UnWTJeF6

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-19

    Comentario de Twitter:
    #FAMILIALAGUNA

    🌍Migratutako familiei kulturarteko laguntza emateko programa hezkuntza eta komunitate-eremuetan, proiektu pilotu bati ekin dio Bizkaiko eta Arabako bi ikastetxetan

     #kulturartekotasuna #Euskadi #Ikasleak 🧵👇1

    👇
    https://t.co/u4UnWTJeF6 https://t.co/nTYcoLhSfz

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-19

    Comentario de Twitter:
    #FAMILIALAGUNA

    🌍 El programa de acompañamiento intercultural a familias migradas en los ámbitos educativo y comunitario, inicia un proyecto piloto en dos ikastetxes de Araba y Bizkaia 🧵👇1

    #Interculturalidad #Escolares #Euskadi 

    👇
    https://t.co/ltIN4rGcaY https://t.co/Z8IhWhhWYv

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak