
Euskadik Elikadura-Portaeraren Nahasmendua artatzeko beste bi unitate espezifiko eta haur eta gazteentzako eguneko ospitale bat gehitu ditu Osasun Mentaleko bere Sarean
-
Hiru obrak amaituta, Donostiako haur eta gazteentzako eguneko ospitalea, 16 lanposturekin, astelehenean hasi zen jada pazienteak artatzen, eta Galdakaoko eta Gasteizko Elikadura Portaeraren Nahasmenduko Unitateak (12 lanpostu, guztira) martxoan hasiko dira
-
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, horrela, Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategian hartutako konpromisoa betetzen du, lehentasunezkotzat jotzen baitzituen bi esparru horietako indartze-jardun horiek
2023-2028 aldirako Osasun Mentaleko Estrategian lehentasunezkotzat jotzen diren beste hiru baliabide publiko ditu Euskadik: Elikadura Portaeraren Nahasmendua artatzeko bi unitate espezifiko Arabako (Santiago) eta Galdakaoko ospitaleetan, eta haur eta gazteentzako eguneko ospitale bat, Donostiako San Juan de Dios ospitalean.
Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Berak eskatuta Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi horretan, Gotzone Sagarduik aditzera eman du hiru konpromiso horiek estrategia horretan lehentasunezkotzat jotzen diren esparruei dagozkiela.
Osakidetzako Arabako ESIko eta Barrualde-Galdakaoko ESIko Psikiatriako Elikadura Portaeraren Nahasmendua artatzeko unitate horien eraikuntza-lanek 536.628 euroko inbertsioa eskatu dute. Lanak amaituta daude, eta bi unitateek martxoan irekiko dituzte ateak. Horietako bakoitzak 6 lanpostu izango ditu (12, guztira) eta antzeko plantilla izango dute: 1 psikiatra, 1 psikologo kliniko, 4 osasun mentaleko erizain eta 4 osasun mentaleko erizain laguntzaile.
Haur eta gazteentzako eguneko ospitalea San Juan de Dios ospitalean dago, Euskadiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan, eta joan den astelehenetik artatzen ditu Osakidetzako pazienteak. 16 lanpostu berri ditu eta espezialitate hauek osatzen dute plantilla: 1 psikiatra, 1 psikologo, 1 erizain, 1 lanerako terapeuta eta 2 erizain laguntzaile.
EUSKADIKO OSASUN MENTALEKO SAREA
Baliabide berri horiekin eta Osasun Sailak eta Osakidetzak azken urteotan gehitu dituzten beste baliabide batzuekin —pandemia gorabehera—, Osasun Mentaleko Euskal Sarea zabaldu da, eta gaur egun elementu hauek osatzen dute:
- Helduentzako 4 ospitale psikiatriko, akutuen unitate batekin.
- Helduentzako 5 psikiatria-zerbitzu, ospitale orokorrean.
- Haur eta gazteentzako psikiatriako 3 ospitale-unitate.
- Elikadura-portaeraren nahasmendua artatzeko 2 ospitale-unitate espezifiko
- Helduentzako psikiatriako 18 eguneko ospitale.
- Haur eta gazteentzako psikiatriako 6 eguneko ospitale.
- Osasun mentaleko 41 zentro
- Eta, gainera, unitate monografikoak (nortasunaren nahasmenduak, gertakari psikotikoak, psikogeriatria, Elikadura Portaeraren Nahasmendua, adikzioak, arrisku handia, jaiotza ingurukoa, patologia duala eta genero-indarkeria) eta asistentzia-ekosistemak (Osakidetzako osasun mentalaren sareak, Osakidetzan barne hartzen diren osasun-erakundeak eta Euskadiko baliabide soziosanitarioak).
EUSKADIKO OSASUN MENTALEKO ESTRATEGIA
Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia (2023-2028) partaidetza-prozesu zabal baten emaitza da. Prozesu hori Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Kontseiluan oinarritzen da eta osasun mentalaren arloan diharduten profesionalen, adituen, elkarteen eta administrazio publikoen ordezkari ugari elkarlanean aritu da.
Osasuneko sailburuaren hitzetan, adostasunaren inguruan eraikitako bide-orri bat da, eta helburu hauek ditu: herritarren osasun mentalaren hobekuntzan aurrera egitea, gaixotasun mentala duten pertsonentzako arreta integrala sustatzea, haien familiei laguntzea, eta gizarte-berreskurapena eta gizarteratzea erraztuko dituen arreta-eredu komunitarioa sustatzea.
-
2024-02-21
Comentario de Twitter:
👨🏻⚕️ Euskadi incorpora a su Red de Salud Mental dos nuevas unidades específicas de atención a Trastornos de Conducta Alimentaria y un hospital de día infanto-juvenil -
2024-02-21
Comentario de Twitter:
👩🏻⚕️ Euskadik Elikadura-Portaeraren Nahasmendua artatzeko beste bi unitate espezifiko eta haur eta gazteentzako eguneko ospitale bat gehitu ditu Osasun Mentaleko bere Sarean