Berriak Herrizaingoa
Eu

EAEko Bigarren Hezkuntzako ikasleek bide segurtasunaren inguruan kontzientzia hartzeko antzerki-foruma

2012.eko otsailak 17

Trafiko Zuzendaritzak ''Norabide guztiak/Cambio de sentido'' aurkeztu du

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Michelinekin eta Abertis Autopistakekin lankidetzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. mailako ikasleei zuzendutako antzezkizun batzuk antolatu ditu, mugikortasun seguruaren inguruan hausnarketa egitera bultzatzeko. Programa gaur goizean aurkeztu dute Bilbon, ETKZn, Amparo Lopez Trafiko zuzendariak, Félix Sanchidrián Michelineko Komunikazio zuzendariak eta Isabel Marcila Albertisek Logroñon duen Operazio Zentroaren arduradunak.

"Norabide guztiak/Cambio de sentido" antzerki-foruma da, antzezkizun pedagogikoa; balio etikoak sustatzen ditu eta ikusleek parte hartzen dute bertan. Jokaera arriskutsuak dira gai nagusia eta mugikortasun seguruaren esparruan agertu ohi diren arazoak plazaratzen ditu, hausnarketa egitera bultzatzeko.

"Bigarren Hezkuntzako ikasleek duten adinera heltzean, gauez irteten hasten da eta gero eta gertuago izaten da motordun ibilgailuak erabiltzen hasteko garaia; hortaz, beren eta beren ingurukoen segurtasuna kontuan hartuz erabaki egokiak hartzen lagunduko dieten mezuak jasotzea oso garrantzitsua dela uste dugu", esan du Amparo Lopez Trafiko zuzendariak.

Bestalde, Félix Sanchidrián Michelineko Komunikazio zuzendariak adierazi duenez, "Errepideko mugikortasuna ezinbesteko faktorea da garapen ekonomiko eta sozialerako, baina haren bilakaerak hainbat erronka jo dizkigu, ingurumen mailakoak, segurtasun mailakoak... Errepideko istripuek eragiten dituzte beste ezerk baino heriotza gehiago gazteen artean".

Antzerki-forumak mintzaira sortzaile eta jostagarriagoa eskaintzen du eta pertsona helduek emandako diskurtso eta gomendioak baino didaktikoagoa eta pedagogikoagoa da. Gainera, ikus-entzule gisa ez ezik, antzezlaneko aktore eta zuzendari gisa ere parte hartzeko aukera ematen du. Errealitate bidegabe bat fikzioan eraldatzeko ahalmena ematen zaie ikasleei. Antzerkian eraldaketa hori gauzatzeko esperientziak benetako bizitzan antzeko eraldaketak egiten lagunduko die.

Hogeita hamar saio, ikasturtea amaitu arte

"Norabide guztiak/Cambio de sentido" programa urtarril erdialdean abiatu zuten eta apiril amaierara arte egongo da martxan. Agurain, Amurrio, Lasarte, Usurbil, Bermeo, Tolosa, Azpeitia eta Portugalete herrietako ikastetxeetan egin dituzte antzezkizunak. Hurrengo hitzordua Leioan izango da, martxo hasieran. Guztira, 30 saio egin nahi dituzte.

Emanaldiaren lehen zatian, zoritxarreko amaiera duen istorio bat kontatzen da, mugikortasun seguruaren inguruan. Jarraian, amaiera positiboago batera eramateko istorioan zer aldaketa egin ahal diren galdetzen die moderatzaileak ikus-entzuleei. Iradokizunak une horretan bertan gauzatzen dituzte, bat-batean, eta publikoa aktoreei batzen zaie, proposatutako aldaketak erakusteko. Hortik aurrera, antzezkizuna hainbat ikuspegitatik kontatzen da. Publiko gazteak istorioarekin identifikatuta ikusten du bere burua, metodo horrek kontatzen denarekin elkarreragina izaten uzten baitie. Hirugarren zatian, publikoan hainbat talde sortzen dira, egoera ezagun edo gertuko jakin bat aztertzeko. Amaitzeko, ikasle-irakasleek emandako informazioa erabiliz idazten den "bizikidetza kontratu" bat sinatzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)