Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gemma Zabaletak “inor arrotz sentituko ez den” gizarte batekiko konpromisoa helarazi die gizarte-eragileei

2012.eko otsailak 16

 

Immigrazioaren aldeko Itun Sozialari buruz ireki den partaidetza- eta elkarrizketa-prozesuaren barruan, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua eragile sozialekin eta erakundeen ordezkariekin bildu da gaur berriro, Donostian, akordioaren zirriborroaren azterketan sakontzeko. Lehenengo bilera Bilbon izan zen, iazko abenduan.

Prozesu horren azpian dagoen ideia zera da: gizartea anitzagoa bada irekiagoa ere bada, eta aukera gehiago eskaintzen dizkie bere herritarrei. Desberdinen arteko bizikidetasunaren erronkaren aurrean, Jaurlaritzak diseinatu duen itunaren bitartez gizarte askotarikoa eta inklusiboa lortu nahi da, eta guztion funtsezko askatasunen, eskubideen eta betebeharren ardatza ez da izango nazionalen eta atzerritarren arteko bereizketa, guztiak ere egoiliar izatea baizik.

Zabaleta sailburuaren iritziz, Immigrazioren aldeko Ituna "gutxieneko konpromisoa da, Euskadi kohesionatuagoa lortzeko, inor arrotz sentitu ez dadin". Horretarako, immigranteak gizarteratzeko ereduak herritarren eskubideak, kulturen arteko bizikidetza eta gizarte-kohesioa bermatu behar ditu.

Gaur egun, 144.500 atzerritar dauden erroldatuta Euskadin, hau da, EAEko biztanle guztien % 6,6 osatzen dute. Estatuan, aldiz, % 12,2 dira. EAEn bizi diren atzerriko etorkinei buruzko inkestaren arabera, beste 35.000 atzerritarrek lortu dute nazionalitate espainiarra azken urteotan. Horren ondorioz, EAEko biztanleriaren % 8,2k etorkin-jatorria du (atzerritarra), eta gehientsuenak Latinoamerikatik (% 42,4) eta EBtik (% 24,9) datoz. Jatorrizko herrialde nagusia Errumania da (% 11,2), eta, horren atzetik, Maroko (% 10,08) eta Kolonbia daude (% 8,4). Atzetik hasita, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea ditugu (hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira). Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonak dira, eta % 48,6 emakumeak.

Euskadin bizi diren 10 etorkinetik ia 9k gure artean geratu nahi dute datozen bost urteotan gutxienez. Itunaren oinarrizko dokumentua idatzi behar dutenen ustez, datu horrek immigrazioari buruzko ikuspegia aldarazi beharko liguke, egiturazko fenomenoa delako, ez iragankorra. Horrek indarrean dauden ideiak birpentsatzera behartzen gaitu, baita erroldatzeko, erregularitzateko, familia-elkartzeko eta nazionalitatea lortzeko bideak eta prozesuak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)