Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Arriolak azpimarratu duenez, Euskadiko 17.000 gaztek baino gehiagok Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen dute etxebizitza bat eskuratu ahal izateko, laguntzen edo etxebizitza-esleipenen bidez

2024-02-16
  • Sailburuak Euskadin alokairuko etxebizitzen parke publikoak azken urteetan izan duen hazkundearen garrantzia nabarmendu du, ia 28.000 etxebizitzara iritsi baita
  • Etxebizitza Sailak Gobernu Zentralari etxebizitzaren fiskalitateari buruzko datuak igortzeko eskatu die foru-ogasunei, erreferentziazko prezioen indizeak ezarri ahal izan daitezen

 

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak ostiral honetan Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran azpimarratu duenez, Euskadiko 17.000 gaztek baino gehiagok jasotzen dute laguntza motaren bat alokairuko etxebizitza bat ordaintzeko. Zehazki, Arriolak adierazi duenez, 35 urtetik beherako 6.600 pertsonak hileko errenta ordaintzeko laguntza jasotzen dute Gaztelagun programaren bidez, beste 8.550 pertsona xede horretarako gainerako laguntzen titularrak dira, eta beste 2.500 pertsona Eusko Jaurlaritzaren zuzkidurazko etxebizitza edo bizitoki baten zuzeneko esleipendunak dira.

 “Espainian etxebizitza-arloko kudeaketagatik nabarmentzen den gobernu bat badago, gurea da", azpimarratu du, eta aurretik gogorarazi du Euskadik alokairuko etxebizitza babestuen parke publikorik handiena duela biztanle kopurua kontuan hartuta: alokairuko ia 28.000 etxebizitza babestu, eta, haietatik, 16.300 Eusko Jaurlaritzak kudeatuak, Alokabideren bitartez.

Arriolak azpimarratu duenez, errentamendu-erregimeneko parke publikoko etxebizitzen kopuruak % 35eko igoera izan du sailburuak 2016an Etxebizitza Saila bigarren aldiz bere gain hartu zuenetik, eta Sail hori lanean ari da gaur egun Euskadi osoan 2.100 etxebizitza eraikitzeko 30 sustapenetan, 250 milioi euroko inbertsioarekin. “Espainian hasten diren hiru etxebizitza babestutik bat hemen eraikitzen da", nabarmendu du,"administrazio publikoen eta etxebizitza babestuak eraikitzearen aldeko apustua egin duen sektore pribatuaren sustapen-lanari esker". 

Legebiltzarrean azaldu duenez, "badakigu bide luzea geratzen zaigula, baina baita bide egokian gaudela ere", eta "hurrengo legegintzaldietan ahalegin, konpromiso eta gaitasun tekniko eta ekonomiko berari eutsi” behar zaiola adierazi du.

Etxebizitzaren fiskalitate berria

Arriolak azaldu duenez, parke publikoa eraikitzeko politikez, etxebizitzarako eskubide subjektiboaz, herritarrentzako zuzeneko laguntzez eta arrazoizko prezioko alokairua bultzatzeko sektore pribatuarekiko lankidetza sustatzera bideratutako formulez gain "errentatzaileen baldintzak (errenten prezioa geldiaraziko dutenak) eta errentarien eta kolektiborik kalteberenen (hala nola gazteen) baldintzak hobetzera bideratuta egongo den fiskalitate konprometitu bat behar dugu, eta hori jakinarazi diogu Zerga Koordinaziorako Organoari". Ildo horretan, berretsi egin du foru-aldundiei lan egiten duten erreforma fiskalean "errentamenduei lotutako PFEZa lehenbailehen aldatzeko eta hobetzeko" egindako eskaera.

Estatuko Etxebizitzaren Legearen aplikazioa

Arriolak Etxebizitza Saila Estatuko Etxebizitzaren Legeak ahalbidetzen dituen neurri berriak Euskadin aplikatu ahal izateko ematen ari den urratsak azaldu ditu. Azpimarratu duenez, Lege hori "aurrerakoia da, eta bat dator, oso neurri handian, gure Etxebizitzaren Legearekin". Sailak EAEko legearen osagarri gisa duen aplikagarritasunari buruzko dokumentu juridiko bat landu du, eta Autonomia Erkidego osoko barrutiak aztertu ditu, tentsio handiko merkatu-eremu deklaratzeko lege-irizpideak osorik edo partzialki betetzen dituzten udalerriak identifikatzeko (41 guztira). Sailburuak iragarri duenez, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak udalerri-mailako azterketa "agregatu eta zabaldu" bat argitaratuko du datozen egunetan, oso-osorik tentsio handiko udalerri deklaratu daitezkeenak zein diren jakiteko.

Era berean, gogorarazi du udalei laguntza-dokumentuak eman zaizkiela, Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremuaren deklarazioa eska diezaioten, nahi izanez gero, jarduketa-protokolo batekin eta deklarazioaren eskaerari erantsi beharreko justifikazio-memoria eta udalerriek gauzatu beharreko hiru urteko ekintza-plana idazten laguntzeko dokumentu metodologiko batekin. Udalerriei, nolanahi ere, etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzearen aldeko neurriak abian jartzeko “lankidetza estua” eskaini die berriz.

 “Bide berri bat egiten hasi gara, eta euskal etxebizitza-politikaren ekintza-ildo berri horren alde modu eraginkor eta errealean egiten duten udalekin partekatu nahi dugu", laburbildu du Arriolak. Halaber, tentsio handiko eremu deklaratzeko neurria testuinguruan kokatu du: "beste tresna bat da, hori bai, garrantzi handikoa, egoera jakin batzuetarako baliagarria izan daitekeena, betiere beste neurri batzuekin batera".

Sailburuak azaldu duenez, aldundiei formalki eskatu zaie, Zerga Koordinaziorako Organoaren bitartez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari erosketa eta alokairuagatiko zerga-desgrabazioei lotutako PFEZren datuak emateko, Gobernu Zentralak Euskadiko erreferentziazko prezioen indizeak argitara ditzan, alokairuei mugak jartzeko erreferentziazko tresna baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)