Berriak Hezkuntza
qrcode

Hyperion, Euskadiko superordenagailu berria

2024-02-19
  • Jokin Bildarratzek Hyperion superordenagailu berria bisitatu du gaur goizean Donostia International Physics Center-en (DIPC)
  • 14.000 nukleo baino gehiagorekin eta 150 TB RAM memoriarekin, Hyperionek bere aurrekoaren indarra hirukoizten du eta Euskadiko ikertzaile-komunitate osoari ematen dio zerbitzua
  • Sailburuak bilera izan du ERC aitorpena eta finantzaketa jaso duten ikertzaileekin; ikerketa bultzatzeko Europan dagoen prestigio handieneko laguntza da hori

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera, Hyperion superordenagailua bisitatu du gaur goizean, Donostia International Physics Centerren (DIPC) kokatua dagoen Superkonputazio Zentroan. Hyperion, potentzia handitu ondoren, Estatuko hirugarren superordenagailu indartsuena da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikertzaileei ematen die zerbitzua. Zehazki, honako hauek hartzen ditu erabiltzaileen sareak: bederatzi Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketako Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC nanoGUNE eta CIC biomaGUNE), Ikerketa Sanitarioko Zentroak (Biogipuzkoa) eta Zentro Teknologikoak (Tecnalia).

2017tik hona, Hezkuntza Sailak 5.925.000 euroko inbertsioa egin du superkonputaziorako ekipamendua eskuratu eta hobetzeko. 2,8 milioi Hyperion eraiki eta abian jartzeko izan dira.

Hyperion jada erabiltzen da, beste proiektu batzuen artean, galaxien eraketa simulatzeko, material berrien portaera simulatzeko, teknologia kuantikoetan, adimen artifizialean, eta kimika konputazionalean garatzeko. Horrelako superordenagailuak ikertzaileen lana errazteko erabiltzen dira, arazo handi bat hainbat arazo txiki eta erabilgarritan sekzionatzeko gai direlako. Horietako bakoitzaren emaitzak konbinatu egiten dira gero, eta azken soluzioa denbora-tarte laburragoan aurkitzen da.

Superkonputazio Zentroko zuzendari Txomin Romerok azpimarratu duenez, Hyperionek 14.000 nukleo baino gehiago eta 150 TBko RAM memoria ditu, eta bere aurreko Atlas superordenagailuaren potentzia halako hiru du. Gaur egun, gure ekosistemako 500 zientzialari baino gehiagori ematen die zerbitzua.

Hyperion eraikitzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estrategia globalaren barruan kokatzen da, hau da, komunitate zientifikoari bere lana egiteko behar dituen tresnak eta azpiegiturak emateko estrategian. Apustu horri esker, oraingoan DIPCn Hyperionekin egin den bezala, BERC Biofisika Bizkaiak bereizmen handiko krio-mikroskopio elektronikoaren momentuko eredurik aurreratuena du, eta BCBLn magnetoentzefalografiako ekipo berritzaile bat instalatu da jarduera kortikala erregistratzeko.

IKUR Estrategia

Hyperion ezagutza berria sortzearekin lerrokatuta dago, IKUR estrategian identifikatutako lau esparru estrategikoen bidez: Neurobiozientziak, Teknologia Kuantikoak, Neutrionika (neutroien eta neutrinoen fisika) eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala; eta baita euskal ikerketa-komunitatearen beste ildo garrantzitsu batzuetan ere, tartean Astrofisika eta Kosmologia, Klimaren Zientzia eta propietate aurreratuak dituzten Materialen Zientzia.

ERC Europako aitorpenak

Bisitan, Bildarratz sailburuak Euskadin lan egiten duten eta Europako Batzordearen ERC Grant laguntza lortu duten ikertzaileekin topaketa batean parte hartzeko aukera ere izan du. Hyperionek eta gainerako azpiegitura zientifikoek ahalbidetzen dute Euskadiko sare zientifikoak nazioarteko aitorpena handitzen jarraitzea, eta horren erakusle da gaur egun Europako aitorpena duten ikerketa-proiektuen hazkundea. Euskadik 28 ERC laguntza aktibo ditu gaur egun, eta horietatik hamar ERC Starting Grant dira; hamar ERC Consolidator Grant; sei Advanced Grant; eta beste bi ERC Synergy Grant*.

28 laguntza horiek, Europako funtsetatik datozen 61 milioi euro gehigarri baino gehiago dira, Euskadin ikerketan inbertituak, ikertzaileak kontratatzeko eta azken belaunaldiko ekipamendu zientifikoa erosteko.

ERC-ren laguntzak (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) Europar Batasunaren finantzaketa-programa bat dira, ezagutzaren mugan bikaintasun zientifikoa eta ikerketa bultzatzera bideratua. Beren karreren etapa desberdinetan dauden ikertzaileei zuzenduta daude, talentu gazteetatik hasi eta zientzialari finkatuetaraino. ERC laguntzen helburu nagusia berrikuntza, sormena eta ideia berrien esplorazioa sustatzea da hainbat diziplina zientifikotan.

  • *ERC Starting Grant: beren karreren hasierako etapetan egon arren etorkizun handia duten ikertzaileentzat diseinatua (doktoretza egin eta 2-7 urtera), beren eremuetan potentzial bikaina dutela frogatzen badute.
  • ERC Consolidator Grant: 7 eta 12 urte bitarteko doktoretza-ondoko esperientzia duten ikertzaile finkatuei zuzendua. Ikerketa-taldeen eta proiektu berritzaileen sendotzea babestea du helburu.
  • ERC Advanced Grant: beren ikerketa-esparruetako liderrentzat, ibilbide nabarmenarekin eta doktoratu ondorengo 12 urte baino gehiagoko esperientziarekin. Helburua da ikerketa-proiektu aitzindari eta anbiziotsuak babestea.
  • ERC Synergy Grant: ikertzaile-taldeentzat diseinatua, ikertzaile bikainen laguntza behar duten ikerketa-galdera konplexu eta anbiziotsuei batera heldu nahi dietenentzat.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Miguel Etxenike; Ricardo Díez Muiño; Txomin Romero