Hauteskundeak 2024
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkoreka buru dela egin da larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen bereizgarriak banatzeko ekitaldia

2024-02-17
  • 13 pertsonak jaso dituzte bereizgarri berdedun dominak 2023an egindako merezimenduzko ekintzengatik, eta plaka-diploma bat eman diote Gasteizko Acción Norte GKEri
  • Ekitaldian Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratuta dauden boluntarioek egindako lana ere aitortu dute
  • 2023an 112-SOS Deiak zerbitzuak 927.920 dei hartu zituen eta 242.605 gertaera kudeatu zituen, gehienak larrialdi medikoak, herritarren segurtasunarekin zerikusia zuten arazoak eta bide publikoan hautemandako arriskuak

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak, Joseba Mirena Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak lagunduta, iaz herritarren alde egin zituzten ekintza solidarioengatik nabarmendu ziren pertsona eta organismoei Larrialdietako eta Babes Zibileko Merezimenduaren bereizgarri berdedun 13 domina eta plaka-diploma bat emateko ekitaldiaren buruan izan da. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan egin den ekitaldian, 2023an zerbitzuan 10 eta 25 urte bete zituzten Babes Zibilera atxikitako boluntarioek egindako lana ere aitortu dute.

Ohorezko aitorpen hauen helburua da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema osatzen dutenek egiten duten lana bereiztea eta balioestea, bai eta larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen lagundu duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo moduan nabarmendu diren organizazio edo pertsona zehatzak ere.

Bereizgarri berdedun 13 domina

Bereizgarri berdedun domina, besteak beste, larrialdi egoera batean pertsonak eta ondasunak babesten eta zaintzen edo larrialdiaren ondorioak murrizten laguntzeko erabakigarriak diren, eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemaren helburuei laguntzen dieten, merezimenduzko ekintzak, jarduketak edo egitateak saritzeko da.

Edizio honetan, merezimenduzko jarduerak hiru gairen inguruan bildu dira, saritutako pertsonek zer gertaera-motatan parte hartu zuten kontuan hartuta:  “Osasun mentala/Suizidioak”, “Larrialdi medikoak” eta “Gertakarien aurrean erantzutea”. Gainera, ekitaldian, Osakidetzako Larrialdietako eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako profesionalek lagunduta gai horiei buruz prestatu diren dibulgazioko 3 bideo proiektatu dira.

“Osasun mentala/Suizidioak” atalean, hauek dira bereizgarriak jaso dituztenak:

  • Nuria Corral Campo. 2023ko apirilaren 30ean, Bizkaiko Trafiko Unitatean lan egiten zuen Ertzaintzako agente lehen honek Arrontegiko zubitik bere burua bota nahi zuen algeriar gazte baten bizia salbatzea lortu zuen. Agenteak patruilako lankide baten eta Bilboko Udalera atxikitako bi suhiltzaileren laguntza izan zuen.
  • Borja Zapata Fidalgo eta Iñaki Rodríguez Moreno. 2023ko ekainaren 8an, biek Portugaleteko Burdinazko Kaiaren parean bere burua itsasadarreko uretara bota zuen gizon baten suizidioa eragozten lagundu zuten.
  • Jon Manjón Beristain. 2023ko uztailaren 11n, praktiketan zegoen Ertzaintzako agente honek, zerbitzutik kanpora zegoela, Getxon emakume batek bere buruaz beste egitea eragotzi zuen, honek bikotekidearekin zuen borrokan bitartekari lanak egin ondoren.

Larrialdi medikoak” atalean, hauek dira bereizgarriak jaso dituztenak:  

  • Andrea Gómez Olivenza eta Uxue Suing Bermejo. 2023ko otsailaren 5ean, biek –une hartan erizaintzako hirugarren mailako ikasleak ziren- modu erabakigarrian esku hartu zuen Gasteizko diskoteka batean lau pertsona sastakatu zituztenean, sabelean zauri larriak zituen gazte bati tornikete bat jarriz.
  • Julen Guisasola Lamikiz. 2023ko martxoaren 30ean, zerbitzutik kanpora zegoen ertzain honek BBB bat egin zion Eibarren (Gipuzkoa) bihotz-biriketako geldialdia izan ondoren konbultsioak zituen gizon bati, eta bizia salbatzea lortu zuen.

Azkenik, “Gertakarien aurrean erantzutea” atalean, hauek dira bereizgarriak jaso dituztenak:

  • Victoria Eugenia Bustillo Casares: 2023ko martxoaren 30ean, Victoria Eugenia Bustillo Casarek erabakigarritasunez esku hartu zuen Portugaleten arraza arriskutsu bateko txakur bat eraso egiten ari zitzaion 9 urteko adingabeko bat babesten, bere osotasun fisikoa arriskuan jarrita.
  • Aitor Zurinaga Goikoetxea eta Jon Iker Garay Canelón: 2023ko otsailaren 12an, Madril-Bilbo bidea egiten ari zen autobus bateko gidariak ondoeza izan zuen Lerman (Burgos), orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran zihoanean. Bidaiari batzuek, tartean bi sarituek, bolantearen kontrola hartu zuten eta ibilgailua zerbitzugune batera arte gidatzea eta bertan aparkatzea lortu zuten.
  • Iñigo Malax-Echevarria Uribe, Jon Soto Sedano eta Bernardo González de Zarate Pérez de Arriluzea: 2022ko azaroaren 28an, Iñigo Malax-Echevarria Uribek erabakigarritasunez esku hartu zuen Algortako (Getxo) trasteleku batzuetan piztutako sutean, trasteleku horien barruan zegoen bizilagun bat erreskatatzera joan zenean. Gertaera berean Ertzaintzako Jon Soto Sedano eta Bernardo González de Zarate Pérez de Arriluzea agenteek ere parte hartu zuten.

1 Plaka-Diploma

Acción Norte GKE suhiltzaile profesionalek osatzen dute, eta Gasteizen eta Zamoran ditu egoitzak.  2023ko otsailaren 8an, GKE horretako Arabako egoitzako zortzi kide Turkiara abiatu ziren ingurua suntsitu zuen lurrikarak eragindako egitura kolapsatuetatik biktimak erreskatatzen laguntzera.

Era berean, irailaren 12an, Daniel zikloiak eragindako hondamendia zela eta, Gasteizko GKE horretako hamar kide Libiara abiatu ziren, Derna hirian botatako euriteen ondorioz urak eramandako edo egitura kolapsatuetan harrapatuta geratutako pertsonak bilatzen eta erreskatatzen laguntzera.

35 diploma

Bestalde, zerbitzuan 10 eta 25 urte bete dituzten boluntarioen lana ere aitortu dute ekitaldian, eta 35 akreditazio-diploma banatu dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak