Hauteskundeak 2024
qrcode

Euskal kontsumitzaileek oso ongi bat eman diote beren inguruneko merkataritzari

2024-02-21
  • Nagusien belaunaldiek tratua eta hurbiltasuna baloratu dute nagusiki, eta gazteen belaunaldiek, berriz, ingurumenarekiko konpromisoa eta itzulketen politika

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Merkataritzako zuzendari Elena Morenok Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egindako “Kontsumo-ohituren azterketa 2023” aurkeztu dute. Horrez gain, Behatokiaren webgune berria eman dute ezagutzera. Webgune hori modernizatu egin da, eskuragarriagoa izateko, merkataritza-jarduera monitorizatzera bideratutako panel berriak txertatzeko eta azterlanen bistaratze argia eta sinplea eskaintzeko.

Euskadiko Merkataritzaren Behatokia ezagutza sortzeko, kudeatzeko eta erabiltzeko plataforma bat da, ezagutza funtsezkoa baita merkataritza-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta Euskadiko merkataritza-politikak dinamizatzeko.

Kontsumo-ohituren azterketa 2023

Azterketaren (lehenago kontsumoaren barometro izenarekin ezagutzen zenaren) ondorioek erakusten dutenez, euskal herritarren kezka nagusia berriz ere inflazioa bada ere, ehunekoa nabarmen jaitsi da (% 34,6 2023an eta % 50 baino gehiago 2022an). Bestalde, % 20,4k urtearen hasieran eskuratu nahi zituzten ondasun iraunkorren erosketa atzeratzea erabaki dute, hala nola ibilgailuaren, etxebizitzaren eta bidaien erosketa. Datu horrek behera egin du azken boladetan, eta horrek adierazten du kontsumitzaileak pixkanaka konfiantza berreskuratzen ari direla. Izan ere, konfiantza-adierazlea 62,7 puntutik 84,6 puntura igo da 2022tik 2023ra bitarte.

Elikadurari lotutako kontsumo-ohiturei dagokienez, euskal herritarrek errotazio handiko erosketa-patroia agertu dute: % 45,1ek astean behin erosten dute, eta % 43,5ek astean zenbaitetan edo ia egunero. Erosketa-establezimenduei dagokienez, hurbileko supermerkatuak lehentasuna du euskal herritarren merkataritza-formatuen artean, bai elikagai freskoak erosteko, bai elikagai ez-galkorrak edo etxea garbitzeko ondasunak erosteko. Bestalde, denda espezializatua ere (hala nola harategia, arrandegia edo fruta-denda) gehiengoaren aukera da produktu freskoak kontsumitzeko garaian.

Noizbehinkako kontsumo-ondasunen erosketari dagokionez, aldea dago belaunaldien artean saltokiaren ezaugarriak baloratzeko garaian. Alde batetik, adinean gora egin ahala, orduan eta garrantzi handiagoa ematen zaie hurbiltasunari, profesionaltasunari, arreta pertsonalari eta aholkularitzari. Aitzitik, gazteenentzat, gero eta garrantzitsuagoak dira aldaketen eta itzulketen inguruko politika, finantzaketa, marken edo saltokien ingurumen-konpromisoak edo saltokiaren sustapen-jarduera.

Online erosketari dagokionez, bitik batek online erosketak egin ditu aurreko hiruhilekoan, eta erosketa hori lotuta dago bizilekuaren inguruko merkataritza-dentsitatearekin. Hau da, Interneteko erosketa gehiago egiten dira merkataritza-dentsitate txikiko inguruneetan, eta eragin txikiagoa dute EAEko hiriburuetan bizi diren biztanleen kasuan, adibidez. Azkenik, herritarren herenak adierazi du merkataritza-bonuren bat erabili duela erosketak egiteko, hala nola Euskadi Bono Denda.

Sailburuak, azterketa laburbiltzeko ondorioztatu duenez, "herritarrak inflazioarekin kezkatuta daude oraindik, baina konfiantza berreskuratzen ari dira. Kontsumitzaile zorrotzak dira, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioa kontuan hartzen dutenak, baina, belaunaldiaren arabera, garrantzia balio desberdinei ematen dietenak. Jasangarritasuna eta ingurumen-konpromisoa gero eta garrantzitsuagoak dira gazteenentzat. Eta gora egiten ari da lankidetza-kontsumoa. Oro har, euskal herritarrek oso ongi bat (7,3) eman diote tokiko merkataritzari, eta tratua eta hurbiltasuna baloratu dituzte".

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @muganirun
    2024-02-21

    Comentario de Twitter:
    El "Estudio de hábitos de consumo 2023" revela diferencias generacionales en las preferencias de compra.
    Los mayores valoran el trato y la cercanía, mientras que los jóvenes priorizan el compromiso medioambiental y la política de devoluciones.

    https://t.co/fLhPwA2BG7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak