Jarduera fisiko eta kirolean euskararen erabilera normalizatzeko lanetan aditua den Aritz Olagoik jaso du Eusko Jaurlaritzaren “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria
- Olagoik saria jaso du Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia zehatza garatzeagatik
- “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” sariaren helburua kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiak prestigiatu nahi ditu
Gaur banatu da Eusko Jaurlaritzak sortutako “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria Donostiako Aquariumean kirolean euskara sustatzen duten 100 bat eragileren artean. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatutako Aritz Olagoik jaso du lehen edizioko “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriaren eskutik. Euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik, batez ere, jaso du saria.
Eusko Jaurlaritzak sortutako sari honek bere egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol klubak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzeko ideia dakar. Gaur eman den saria 2023koa da, lehen edizioa, alegia. Ekitaldian, Bingen Zupiria sailburuak esan duenez, “euskararen bizi-indarra dugu jokoan eta eremu formalez gain, eremu ez formalak ere irabaztea izango da gure hurrengo urteotako erronka nagusia”. Zentzu honetan, urtarrilean Eusko Jaurlaritzak onartutako AROA Marko Estrategikoa aipatu du sailburuak eta aisialdia eta kirolaren eremuak gazteengana iristeko “esparru egokienetakoak” direla gehitu du.
Sariduna: Aritz Olagoi
Aritz Olagoi Psikologian Lizentziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan burutu du. Esparru horretan, euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik, batez ere, jasoko du saria.
Metodologia honek kirol hezitzaile-entrenatzailea du ardatz, bera baita euskararen erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak euskaraz egingo die haurrei beti eta entrenamenduetan zein partidetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte gaur egun bizi dugun elebitasunezko errealitateak haurrekiko komunikazioan sortzen dituen egoera anitzak kudeatu ahal izateko.
Lehen edizioko hautagaitzak
Ekitaldian zehar saridunari aitortza egiteaz gain, hautagaiei ere aipamena egin zaie, haiek egindako lana gizarteratzeko.
- Aritz Olagoi
- Añorga Kultur eta Kirol Elkartea
- Arritxu Iribar
- EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea
- EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (IVEF)
- Gaztedi Rugby taldea
- Ibon Oregi
- Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia
- Oihana Azkorbeitia
- Ostaiska Egia
- Pou Anaiak
Sariaren jatorria
Sari honek “2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean” du bere jatorria eta urteroko edizioak izango dira aurrerantzean. Euskararen erabileraren aktibazioa ez ezik, erabileraren sustapena ere baita planaren zutabeetako bat eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera. Horrela, egitasmo honen bitartez, kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten klubei zein pertsonei aitortza egitea eta kirol arloan euskararen erabilera gizarteratzea du helburu.
Sariaren ikurra diseinatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta UPV/EHUren Arte Ederren FakultateaK lan-hitzarmena egin dute, beren-beregi “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” sariketa bideratzeko. Bada, lan-hitzarmena baliatuz, sortzaileen arteko lehiaketa bideratu zen eta horren irabazlea Idoia Leache izan da. Bere artelana sariaren lehen 5 edizioetan erabili ahal izango da gutxienez.
Kirolean euskararen erabilera
Gogoratu beharra dago “Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria” ez dela kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra; honako ekintza hauek ere biltzen baititu Kirolean Euskara Sustatzeko Planak: euskarazko material didaktiko erakargarriaren ekoizpena sustatu, tokiko kirol komunitate digital berria “MATX” abian jarri, izen handiko taldeekin sustapen kanpaina bateratuak bideratu, adibidez.
Ikus daitekeenez, ekintza bakoitzak esparru zehatz bat du jomuga; guztiek dute elkarrekiko lotura kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintzak diren heinean, baina ekintza bakoitzak helburu eta hartzaile zehatz eta propioak ditu.
-
2024-02-15
Comentario de Twitter:
Aritz Olagoik jaso zuen atzo I. Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria.
Hainbat proiektutan aritzeaz gain, Gipuzkoako Futbol Federazioko entrenatzaile eskolako irakaslea ere bada @Aolagoi
Zorionak merezitako sariagatik!
https://t.co/TDxwLKs0wR