Hauteskundeak 2024
qrcode

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea adostasun sozial eta politiko zabalarekin onartu da

2024-02-15
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Nerea Melgosak, gizarte eragileekin eta Legebiltzarreko indar politiko gehienekin lortutako akordioa nabarmendu du
  • Lege berriak berresten du Euskadiren konpromiso solidarioa eta honek duen pertsona guztien duintasuna bermatzeko botere eraldatzailea
  • Testuak dei egiten die euskal gizarte eta erakunde guztiei beren gaitasunak eta baliabideak jar ditzaten erronka globalen zerbitzura, Hegoaldeko eragileekin elkarlanean
  • Arau berriak jasotzen du Eusko Jaurlaritzak urtero bideratuko duela, gutxienez, guztizko gastuaren % 0,7  

 

Eusko Legebiltzarrak ia aho batez onartu du, gaur, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea.  Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Nerea Melgosa, pozik agertu da arauarekin; izan ere, “gure lantaldeak inplikatutako gizarte erakundeekin lortu ditu akordioak, eta, ondoren, Ganbera honen gehiengo zabalarekin”.

Egindako hitzaldian, Melgosak nabarmendu du “elkartasunak batzen” gaituela, legea egiteko prozesuan elkarrekin egindako ibilbideari erreferentzia eginez, eta aipatu ditu “erakundeak, gizarte-eragileak, GGKEak, akademia, Hegoaldeko erakundeak eta legebiltzarreko taldeak”. “Elkarrekin egindako bide horrek lortu du euskal lankidetzaren eta elkartasunaren ikuspegi partekatua eta adostasun zabala izatea”, jarraitu du sailburuak. 

Ildo horretan, eta erantzunkidetasuna eta askotariko maila instituzional eta sozialaren arteko aliantzak sustatzeko, Lege berriak “euskal gizarte osoari eta bertako erakundeei dei egiten die, Hegoaldeko eragileekin batera, beren gaitasunak eta baliabideak giza garapenaren, justizia globalaren, demokraziaren, giza eskubideen eta bakearen zerbitzura jartzera”, azpimarratu du sailburuak.

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziako lantaldearen lana eskertu ondoren, Melgosak GGKEen eta haien Koordinakundearen zeregina aitortu nahi izan du, “historikoki euskal lankidetzaren motorra izan direlako. Lankidetza horrek gizarte zibilaren aurpegia du Euskadin, eta GGKEak dira oraindik ere aitzindari”.

Hala ere, sailburuak adierazi du nazioarteko elkartasuna ezin dela izan eLankidetzari edo erakundeei soilik dagokien gaia, “guztion konpromisoa izan nahi du, behar du eta izan daiteke, herri konpromisoa”.

Berrikuntza nagusien artean, euskal sektore osorako esparru komun bat ezartzea dago, hiru mailatan. Era berean, Melgosak aipatu du testuak garapen iraunkorrerako politiken koherentzia txeratzen duela, “administrazioek beren politikek Hegoaldeko herrialdeetan eta etorkizuneko belaunaldietan izango dituzten eraginak aintzat har ditzaten”, eta gaineratu du, “bai eta erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza mekanismoak sortzeko ere”.

Lankidetzako ekimenen kudeaketa hobetzeko eta lankidetzan aritzen den herrialdeetako errealitateetara egokitzeko, legeak arau bereziak eta berariazko prozedurak ezartzen ditu, kudeaketa arinagoa eta sinplifikatuagoa egin ahal izateko.

Nerea Melgosak azpimarratu du funts nahikoak izateko konpromiso solidarioa. Zentzu horretan, legeak jasotzen duenez, “Eusko Jaurlaritzak urtero, gutxienez, guztizko gastuaren % 0,7 bideratuko du lankidetza eta elkartasun politiketara”.

Amaitzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak euskal gizarteari eskatu dio “harro egoteko, herrialde solidarioa izateagatik eta mundu gizatiarrago, bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa sendotzeagatik”.

Legearen artikuluak

Legeak 5 kapitulu, 19 artikulu,  xedapen gehigarri bat, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta 3 azken xedapen ditu.

Legearen helburuak dira giza garapen eta jasangarritasuna bultzatzea; pobrezia eta bazterketa eragiten duten egiturazko kausak eraldatzea; desparekotasunen aurka borrokatzea, eta giza eskubideen eta justizia globalaren alde, eta gizarte askeak, demokratikoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzea. Gainera, bilatzen du gizartean balio aldaketak egotea eta helburu horiek lortzeko gizarte mobilizazioa bultzatzea.

Azkenik, testu berriak Euskadiko zein Hegoaldeko gizarte erakundeak indartzea ere du helburu.

Prozesu partehartzailea

Gaur lortutako adostasuna 2021ean hasitako lege berria egiteko prozesuaren isla da. Honako hiru urte hauetan, askotariko eragileen parte-hartzea sustatu da, hala nola euskal administrazio publikoak zein estatukoak, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, zentro teknologikoak, erakunde feministak, LGTBI+ kolektiboak, pertsona migratuen elkarteak, Nazio Batuetako agentziak edo hezkuntza arloko eragileak.

Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Euskadiko garapenerako GKEen koordinakundeak, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 83 euskal erakunde biltzen ditu. Koordinakundeak uste du lege honek aurrerapen garrantzitsuak mahaigaineratzen dituela politiken koherentziari, aurrekontu konpromisoari eta lankidetza politikaren sendotzeari dagokionez.

“Aitortzen dugu Eusko Jaurlaritzak egindako ahalegina parte-hartzailea izateko eta gure eskaerak txertatzeko. Horiek gure esperientziaren eta munduko biztanle zaurgarrienekin egindako lanaren emaitza dira. Alderdi politikoek adostasun zabala lortu izana ere aintzat hartzen dugu. Ilusioz, poztasunez eta tentuz ekingo diogu garai berri honi, eta espero dugu lege honek ezarriko duela kalitatezko euskal politika egonkorrak bermatzeko esparrua, mundu osoan eragina duten ziurgabetasunez eta mehatxuz beteriko testuinguru aldakor batean”, adierazi dute koordinakundetik.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-15

    Comentario de Twitter:
    🆕La Ley Vasca de Cooperación y Solidaridad es aprobada con un amplio consenso social y político

    🌍La nueva Ley ratifica el compromiso solidario de Euskadi y su poder trasformador para garantizar la dignidad de todas las personas

    👇
    https://t.co/NeQU8WaGwH

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-15

    Comentario de Twitter:
    🆕Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legea adostasun sozial eta politiko zabalarekin onartu da
    🌍Lege berriak berresten du Euskadiren konpromiso solidarioa eta honek duen pertsona guztien duintasuna bermatzeko botere eraldatzailea
    👇
    https://t.co/6UWZwlI99m https://t.co/73ZsgMrG3R

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak