Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Basque Quantum Estrategiaren Erakundearteko Batzordea eratu da

2024-02-14
  • Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek osatzen dute batzordea eta Basque Quantum Estrategiaren jarduerak eta laguntza-programak koordinatzea da bere zeregina

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Basque Quantum (BasQ) estrategiaren erakunde arteko Batzordea eratzeko bileraren buru izan da gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Sailburuarekin batera, bileran parte hartu dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatu Cristina Uriartek eta Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Moraisek. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatuta, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin lankidetzan, Basque Quantum estrategikoa da Euskadirentzat teknologia kuantikoen esparruan, eta Euskadi Europa hegoaldeko ikerketa, talentu eta berrikuntza-ekosisteman liderra izatea du helburu.

Eratu berri den batzordea Eusko Jaurlaritzak –hainbat sailen bitartez– eta hiru foru aldundiek osatzen dute. Basque Quantum estrategiaren jarduerak eta laguntza-programak koordinatzeko sortu da, baliabideen esleipenean eta erabileran sinergia operatiboak bilatuz. Izan ere, erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa funtsezkoak dira agertoki berriari erantzuteko eta BasQ-en ezarritako helburuak lortzeko. Batzordea urtean bitan bilduko da.

Foru-erakundeen izenean, bileran parte hartu dute Arabako Ekonomia Garapen eta Berrikuntzako foru diputatu Saray Zaratek, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatu Ainara Basurkok eta Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu Ane Insaustik. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko, Osasun Saileko, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko eta Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariak izan dira. Horiekin guztiekin batera, BasQ estrategiaren zuzendari zientifiko Javier Aizpuruak ere parte hartu du.

Erakunde anitzeko estrategia

Bileraren hasieran, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Basque Quantum estrategiaren ildo nagusiak azaldu ditu, eta erakunde arteko bere izaera azpimarratu du, sorreratik bertatik Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek bultzatutako herri-proiektu gisa planteatzen baita BasQ. “Erakunde anitzeko proiektu bat, Euskadin teknologia kuantikoak bultzatzea helburu duena, bikaintasuneko ezagutza zientifikoaren funtsezko abiapuntutik”.

Bildarratzek BasQ-k zientzia eta teknologia kuantikoen esparruan lantzen dituen lau arloak aipatu ditu: komunikazio, sentsorika, konputazio eta simulazio kuantikoak, alegia. Ildo horretan, estrategia zabal horren proiektu esanguratsuenetako bat nabarmendu du, informatikaren arloko IMB erraldoiarekin egindako aliantzaren emaitza: BasQ-IBM proiektua. “BasQ estrategia globalaren barruko proiektua da hau, eta gaur egun oso leku garrantzitsua betetzen du. Urtebete barru, gutxi gorabehera, IBMren azken belaunaldiko ordenagailu kuantiko bat iritsiko da Euskadira, eta horrek aurrekaririk gabeko mugarria ezarriko du estrategia honetarako eta Euskadirentzako” azaldu du.

Sailburuak adierazi duenez, BasQ-ren oinarrian azken hamarkadetan Euskadiko bikaintasuneko zientziak egindako bide luzea dago, eta “bikaintasuneko ekosistema zientifiko oso aurreratua eta ondo posizionatua du”, punta-puntako ikerketa-zentroekin, Ikerbasque Fundazioarekin eta unibertsitateekin. “Azken hamarkada hauetan ezagutza zientifikoa metatzen eta nazioarteko esparruan ikerketak egiten jardun dute”. “Denbora gutxian, zientziaren eta teknologia kuantikoen arloko jarduerak gora egin du progresiboki. Ekimen asko bultzatu dira eta bultzatuko dira gaur bertan biltzen garen sail edo erakunde guztietatik”, gaineratu du, estrategiaren erakunde arteko izaera azpimarratuz.

Horregatik, erakundeen arteko kohesioaren alde egin du. “Esparru horretan erreferente izan nahi badugu, Euskaditik kanpo lehiatu behar dugu, eta, beraz, Euskadiren barruan lankidetzan aritzea aukera bat eta behar bat da. Erakundeen kohesioak indartsu egingo gaitu erronka horren aurrean”, adierazi du.

BasQ pilotaje-taldea

Gaur eratu den batzordeak laster jarriko du abian BasQ pilotaje-taldea, eta haren helburu nagusia BasQ estrategiaren hedapena koordinatzea eta bultzatzea izango da. Teknologia kuantikoek eragina izan dezaketen Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariek, hiru foru aldundietako ordezkariek, ikerketa eta unibertsitate ekosistemako eragileek eta BasQ-eko zuzendari zientifikoak osatuko dute taldea. Pilotaje-taldeak jarduerak bideratuko ditu eta estrategiako lantaldeek garatutako lan teknikoa atzeraelikatuko du.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatu Cristina Uriartek azaldu du erakunde arteko Batzordearen gobernantza-eredua. Adierazi duenez, pilotaje-taldearen barruan lau BasQ lantalde antolatuko dira, jarduera-eremuen arabera: Ikerketa; Talentua (Hezkuntza/prestakuntza); Inpaktua (berrikuntza eta transferentzia); eta Azpiegitura. Lantalde bakoitzean parte hartuko dute inplikatutako administrazioetako ordezkariek, eta eragile zientifiko-teknologiko eta enpresetakoek. Modu autonomoan funtzionatuko dute, eta egoki iritzitako aldietan bilduko dira, estrategiaren eraginkortasuna bermatzeko eta gauzatzen diren ekimenak koordinatzeko eta ezagutzeko.

Bileran, bestetik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek BasQ-ren oinarrian dagoen Ikur estrategia aurkeztu du. Hain zuzen ere, teknologia kuantikoena da Ikur estrategia bultzatzen ari den esparruetako bat da, honako beste hauekin batera: Neurobiozientziak, Neutrionika eta Superkonputazioa eta Adimen Artifiziala.

Basque Quantum Estrategia

BasQ - Basque Quantum Estrategiaren helburua da Euskadi teknologia kuantikoetan ikerketa, talentu eta berrikuntzako ekosistema nagusi bihurtzea Europako hegoaldean. BasQ asmo handiko zeharkako estrategia bat da, eta honako xede hauek biltzen ditu: teknologia kuantikoen hainbat arlotan aurkikuntza zientifikoari modu aktiboan laguntzea; teknologia horien aplikazio praktikoan aurrera egitea eta hainbat enpresa-sektoretan erabilera eta ustiapena bizkortzea; negozio-aukera berriak sustatzea eta balio soziala sortzea; eta Euskadi goi-mailako kualifikazioa duten profesionalen erreferentziazko harrobi eta teknologia horietan nazioarteko talentu-polo bihurtzea.

BasQ-ren funtsezko elementu bat Euskadik IBMrekin duen aliantza garatu izana da, IBM Quantum sare globalean integratu den euskal ekosistema kuantiko hori bultzatu eta katalizatzeko. Batasun horren barne hartzen du konputazio kuantikoa onartzea, IBM-Euskadi Quantum Computational Center abian jartzearen bidez. Zentro honek Qiskit Runtime zerbitzuak emango ditu, Donostian ezarriko den 127 qubiteko IBM Quantum System One konputagailu kuantikoaren bidez.

 

IBMrekiko aliantza estrategikoaren oinarria Euskadin bikaintasun-zientziaren aldeko apustua bultzatzeko gaitasunak izatea da. Era berean, Euskadi konputazio kuantikoan trebatzeko eta erabilera-kasuak garatuz esperimentazio eta aplikazio industrialerako lurralde bihurtzea du helburu. Horregatik aukeratu du IBMk Euskadi konputazio kuantikoko zentroen nazioarteko sarearen seigarren nodo gisa (QCC, ingelesezko Quantum Computing Centres siglengatik), konputagailu kuantiko bat instalatzeko.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @AlbisTech
    2024-02-21

    Comentario de Twitter:
    🔛🚀Ya está en marcha el Comité interinstitucional de #BasQ - #BasqueQuantum, la estrategia y proyecto de país que posicione a Euskadi como el ecosistema de #investigación, #talento e #innovación en tecnologías cuánticas líder del sur de Europa ♾️🧲

    https://t.co/fNuXF62DgL https://t.co/9vM3kSlevU

  • Argazkia SN Robot
    @AlbisTech
    2024-02-21

    Comentario de Twitter:
    🔛🚀Abian da #BasQ - #BasqueQuantum-en Erakundearteko Batzordea, Euskadi teknologia kuantikoetan #ikerketa, #talentu eta #berrikuntza ekosistema lider gisa kokatuko duen estrategia eta herri proiektua Europa hegoaldean ♾️🧲

    https://t.co/Iz1Zp7wXWt https://t.co/22tBq4KAC5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Saray Zárate; Ainara Basurko; Ane Insausti; Javier Aizpurua