Hauteskundeak 2024
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadin haur-minbiziaren ondorengo biziraupena % 80koa da 5 urtetara (gaixotasunaz libre)

2024-02-14

Otsailaren 15a, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna

  • Diagnostikoan lortutako zehaztasun handiagoaren ondorioz eta aukera terapeutikoen hobekuntzaren ondorioz, Euskadin pixkanaka baina modu progresiboan behera egiten ari da heriotza-tasa

  • Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait ekimen bultzatzen dituzte pediatriako pazienteen arreta integrala errazteko, onkologia pediatrikoko unitateen arteko sareko lana sustatzeko, terapiarik berritzaileenak eskuragarri egoteko eta familiek laguntza jasotzeko, pazienteen elkarteekin lankidetza estuan 

Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunaren bezperan, Osasun Sailak eta Osakidetzak gaur ezagutarazi dituzten 1990-2016 aldiko Euskadiko Minbiziaren Erregistroaren bilakaerari buruzko azken datuen arabera, minbizia duten 15 urtetik beherako gaixoen biziraupena hobetu egin da Euskadin, eta % 80koa da 5 urtetara (gaixotasunaz libre) ohikoenak diren tumore gaiztoen kasuan.

 Minbizi arruntenen artean leuzemiak eta linfomak daude, 15 urtetik beherako haurrengan diagnostikatutako minbizien ia erdiak baitira (% 47); horien atzetik daude nerbio-sistemako tumore gaiztoak (% 15) eta beste tumore solido batzuk, hala nola neuroblastomak, ehun bigunetako sarkomak eta hezurretako tumoreak, detektatutako tumoreen % 38 dira.

 Haur-minbiziak Euskadin duen intzidentziari dagokionez, 1990-2018 aldian, 1.338 kasu diagnostikatu ziren (% 58 mutilak - % 42 neskak), hau da, urteko milioi bat pertsonako 159,88 kasu.

Diagnostikoan lortutako zehaztasun handiagoaren ondorioz eta aukera terapeutikoen hobekuntzaren ondorioz, Euskadin pixkanaka baina modu progresiboan behera egiten ari da heriotza-tasa aztertutako aldian (1999-2018). Haurren heriotza-tasa nabarmen jaitsi da zenbait tumore motatan, bereziki linfometan, eta behera egin du leuzemietan, hezurretako tumoreetan eta sarkometan.

Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean, Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartu dute gaixotasun horren sendatze-tasak hobe daitezen eta bizirik irauten dutenen bizi-kalitatea hobetzen jarrai dadin. Horretarako, zenbait ekimen bultzatzen dituzte pediatriako pazienteen arreta integrala errazteko, onkologia pediatrikoko unitateen arteko sareko lana sustatzeko, terapiarik berritzaileenak eskuragarri egoteko eta familiek laguntza jasotzeko, pazienteen elkarteekin lankidetza estuan.

  “Ahaleginak egiten jarraituko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei arretarik onena eskaintzeko, eta gaixotasun horrek haurrei eta haien senideei eragiten dien inpaktuari aurre egiteko. Horretarako, ekitatea bermatuko dugu osasun-sistemaren sarreran, baita kalitateko arreta seguru eta eraginkorra ere”, aditzera eman du Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak. Gainera, gizarteari dei egin dio, guztion artean, haurrei bizimodu osasungarriak irakasteko eta Euskadiren etorkizuneko osasuna hobetzeko.

Osakidetzan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Donostia Unibertsitate Ospitalea dira haurren —jaioberrietatik 18 urtera bitartean— arreta onkologikorako erreferentziazko osasun-zentroak. Zentro horiek diziplina anitzeko arreta, espezializazio handia eta esperientzia-maila handia bermatzen dute, eta, horri esker, osasun-emaitzarik onenak lortzen dira eta, ondorioz, erantzun eta arreta onkologikorik onena.

IKERKETAREN ALDEKO APUSTUA

 Osasun Sailak eta Osakidetzak haur-minbiziaren arloko ikerketan aurrera egiteko apustu irmoarekin jarraitzen dute, eta, hala, zenbait ikerketa-proiektu bultzatzen dute.

Nabarmentzekoa da Euskadiko Haur Minbiziaren Ikerketa Klinikorako Baterako Unitatearen zeregina. Unitate hori Bizkaiko eta Gipuzkoako onkologia pediatrikoko unitateek ikerketa klinikoaren esparruan sarean egiten duten jardueraz arduratzen da, eta, horrela, ikerketa klinikoak batera abian jartzea eta garatzea errazten du.

2023an, Osakidetzak, Osasun Ikerketako Institutuekin batera, zenbait ekimenetan parte hartu du, hala nola nerabezaroan minbizia prebenitzeko SUNRISE Europako proiektuan edo haur-minbizirako Doitasuneko Medikuntzako PENCIL/SEHOP ikerketa-proiektuan.

BISTARATZEKO EGINTZAK

 Otsailaren 15ean ospatzen den Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, bihar, Aladina Fundazioak, La Cuadri del Hospi eta Aspanovas elkarteek Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haur Onkologiako Unitatean bistaratze-ekitaldiak antolatu dituzte.

Aladina Fundazioak buruan zapia jarri eta ospitaleko sarreran argazki bat egitera gonbidatu ditu ospitaleratutako haurrak, haien senideak eta haurrak artatzen dituzten profesionalak, eta gero argazki hori sareetan partekatzera, #PañueloChallengeAladina bidez. Gainera, urtero bezala, Unibertsitate Ospitaleak horiz argiztatuko du bere eskailera, gaixotasun hori duten haurrei laguntza eta ikusgarritasuna emate aldera.

Bestalde, La Cuadri del Hospi elkarteak bat egingo du egun horrekin, eta ilusioa piztuko du Haur Onkologiako eremuko haurrengan, korridorearen, eguneko ospitalearen eta ospitalizazio-eremuaren dekorazioarekin. Bestalde, Aspanovas elkartek Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko sarreran informazio-mahaia jartzen lagunduko du.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-02-14

    Comentario de Twitter:
    🔵 Euskadin haur-minbiziaren ondorengo biziraupena % 80koa da 5 urtetara (gaixotasunaz libre)

    🔗 https://t.co/uyZZyPQudP

    🔵 La supervivencia por cáncer infantil en Euskadi se sitúa a los 5 años (libres de enfermedad) en un 80%

    🔗https://t.co/MdxgjcMt99

  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-02-14

    Comentario de Twitter:
    🔵 Euskadin haur-minbiziaren ondorengo biziraupena % 80koa da 5 urtetara (gaixotasunaz libre)

    🔗 https://t.co/uyZZyPQudP

    🔵 La supervivencia por cáncer infantil en Euskadi se sitúa a los 5 años (libres de enfermedad) en un 80%

    🔗https://t.co/MdxgjcMt99

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak