
Lehendakariak: “Egunero lan egiten dugu kalitate goreneko osasun-zerbitzu publiko eta unibertsalaren alde, pertsona bakoitzak arreta medikorik onena jasotzeko duen eskubideari erantzun dakion”
- Iñigo Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin, inauguratu du Donostiako Alde Zaharreko osasun-zentroa
- Osakidetzaren osasun-azpiegitura berria Bretxako Arrandegia eraikinean kokatzen da, eta Alde Zaharreko eta Erdialdeko 13.650etik gora bizilagunen osasun-arreta hobetuko du
- Osasun Sailak 6,8 milioi euro inbertitu ditu zentro horretan, eta bertan Medikuntza Orokorreko 17 kontsulta eta Pediatriako 2 kontsulta izango dira, baita Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko zerbitzua eta Etengabeko Arreta Gune berria. Datorren otsailaren 19an zabalduko ditu ateak
Iñigo Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuekin eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera, inauguratu du gaur arratsaldean Donostiako Alde Zaharreko Osasun Zentro berria. Zentro horrek Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharreko eta Erdialdeko 13.650 bizilagunei (12.550 heldu eta 1.100 haur inguru) ematen zaien osasun-arreta hobetzeko aukera emango du.
Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailaren bidez, 6,8 milioi euro inbertitu ditu guztira Osakidetzaren osasun-zentro berri horretan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek euskal herritarren osasunarekin duten konpromisoan eta Oinarrizko Arreta indartzeko helburuan egindako beste urrats bat da.
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, egunero lan egiten da kalitate goreneko osasun-zerbitzu publiko eta unibertsalaren alde, pertsona bakoitzak arreta medikorik onena jasotzeko duen eskubideari erantzun dakion. “Arreta hori profesionalik onenek ematen dute, haien eskura dauden baliabiderik onenekin, betiere ahaleginak edo baliabideak xuhurtu gabe eta errealismoaren printzipioari jarraituz” eman du aditzera. Lehendakariak aitortu eta eskertu du osasun-zentro bakoitzaren atzean dagoen ahalegin profesional eta ekonomiko itzela.
Eusko Jaurlaritzak joan den irailean herritarrekin hartutako konpromisoa gogorarazi du. ‘Helburu errealistak, demagogiarik gabe, eta, halaber, asmo handikoak’, adierazi du. ‘Sei hilabeteko epea jarri genion geure buruari, eta, besteak beste, helburu hauek betetzen ari gara: Osakidetzan itxaron-zerrendak murriztea, Lehen Mailako Arretaren eskuragarritasuna erraztea, osasun-zentro berri hau irekitzea eta asmo handiko Inbertsio Plan Berezia abian jartzea, hau da, 1.200 milioi euro Euskadiko ospitale-sarea hobetzeko’.
Ildo horretatik, Urkullu lehendakariak iragarri du aurten Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro jarriko dituela Euskal Autonomia Erkidegoko ospitale handienetako hiru handitzeko: ‘Donostiakoa, Basurtukoa eta Usansolo-Galdakaokoa, eta, hala, jarraipena emango zaio iaz Txagorritxu Ospitalearekin hasitako bideari’, azaldu du.
Bestalde, Donostiako alkateak poz handia azaldu du Alde Zaharreko Osasun Zentroa laster irekiko delako, “garrantzi handiko hiriko eremu bati zerbitzua egingo dion eta aspalditik espero zen azpiegitura”. Goiak, gainera, balioa eman die Osasun Sailak eta Osakidetzak Donostian egiten ari diren inbertsio handiei, “donostiarrei zerbitzu hobea egiteko eta osasun-arreta hobetzeko aukera emango duen irismen handiko inbertsio-planarekin”, nabarmendu du alkateak.
OSASUN-ZENTRO BERRIAREN EZAUGARRIAK
Bretxako Arrandegia eraikinaren ekialdeko hegalean kokatzen den osasun-zentro berriak 2.185 metro koadroko azalera du, beheko solairuan eta hiru solairutan banatuta.
Beheko solairuan, eta Aldamar kaletik sartuta, harrera-lekua eta administrazio-eremua dago, baita hiriaren Erdialderako Etengabeko Arreta Gune berria ere. Etengabeko Arreta Gune berri horrek, Bengoetxea kalean dagoena ordezkatuko du eta odola ateratzeko gela bat, lau box, kontsulta bat eta pazienteak egonkortzeko gela bat izango ditu.
Alde Zaharreko Osasun Zentroko lehen solairua kontsultetarako erabiliko da, eta bertan familiako eta erizaintzako 17 kontsulta, pediatriako 2 kontsulta eta sendaketa-gela bat izango dira. Bigarren solairuan, berriz, haur eta gazteen osasun mentaleko zerbitzua egongo da, haur-psikiatriako 16 gela eta nahaste mental larriko 2 gela eta 2 areto, Donostialdeko 18 urtetik beherakoen arretarako. Orotara, eta gutxi gorabehera, 56.353 pertsonari egingo die zerbitzu.
Azken solairua Osakidetzako profesionalentzat izango da soilik, eta bertan kokatuko dira bilera-gelak, aldagelak, officea, atseden-gela eta osasun-zentroko beste barne-zerbitzu batzuk.
Osakidetzak pazienteentzako hurbileko espazioak sortzearen aldeko apustua egin du, eraikin osoan diseinu zabal eta argitsuak sortuz, argi naturala sartzen den barneko patio beiraztatuari eta leihate handiei esker.
Donostiako Alde Zaharreko zentro berriak datorren otsailaren 19an zabalduko ditu ateak.