Berriak Kultura
Eu

Etxepare Euskal Institutuak eta AIE-k lankidetza hitzarmena sinatu dute; euskal musika ekoizpenak Estatu mailan ezagutarazteko asmoz

2012.eko otsailak 15

Iaz hasitako elkarlanari segida emanez, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta José Luis Sevillano AIE Asociación de Artistas, Intérpretes o Ejecutantes erakundeko zuzendari orokokorrak 2012. urterako hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, AIE-ko Madrileko egoitzan.

Ituna Artistas en Ruta programaren eremuan garatuko dute.Izan ere, gaur bertan datorren hiruhilekoan egitasmoan parte hartuko duten taldeak hautatu dituzte, tartean, lehen aldiz, lau euskaldun: Jon Urrutia Trio, Jabier Muguruza, Sumisión City Blues eta Smile. Hitzarmen honen xede nagusia euskal musika ekoizpenak Estatu mailan ezagutaraztea da; horrekin batera, balio artistiko berriei adierazpide esparru berriak eskaintzea, negu-parteko zirkuitu sendo eta egonkor bat sortzea eta Autonomia Erkidegoen arteko artisten trukea sustatzea ere gaur sinatutako itunaren helburuen artean daude.

Akordioaren ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak diruz lagunduko du Artistas en Ruta, Estatuko artisten arteko truke kulturala sustatzeko amoz 1995ean sortu zen programa. Gainera, hiru hilabeteko zikloetan parte hartuko duten musika taldeak hautatzeko bileretan parte hartuko du. Aukeraketa egiteko bilera horietan esku hartuko dute, halaber, AIE-ko arduradunek, programan partaide diren beste  Autonomia Erkidegoetako ordezkariek, bai eta musika prentsa espezializaturiko kritikariak ere.

Artistas en Ruta programaren metodologiari dagokionez, lehenik eta behin Estatu osoko aretoak aukeratzen dira urtero, egitasmoan parte hartzen duten erakundeek zehaztutako irizpide orokorrak aintzat hartuz. Ondoren, AIEk jaso dituen artisten eskaeren artean aukeraketa egiten da, hiru hiletik behin: zerrendarako hautatuak suertatzen diren horiek, dagokien hiruhileko (urtarrila-martxoa, apirila-ekaina, urria-abendua) kontzertu zikloetan parte hartzeko aukera daukate.

Artisten eskaerak bi estilo modalitate nagusitan banatzen dira: Pop-Rock/ Kantautoreak eta Jazz / Musika Berriak / Sustrai Musikak; mota bakoitza, dagokion estiloa jorratzen duen aretoetan programatu ahal izango da. Hautaketa egiterakoan, gainera, artista hasiberri eta beteranoen presentzia bermatu beharra dago; gune geografiko bakoitzeko musika estilo ezberdinak eta Autonomia Erkidego desberdinak ordezkatzen dituzten artistak egotea ere kontutan hartzen dute.

Hitzarmena sinatzeaz gain, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak apirila-ekaina hiruhilekorako artisten hautaketa prozesuan parte hartu du gaur Madrilen. Autonomia Erkidegoko  gehienez lau aukeratu ahal dira…. eta lau izan dira, lehen aldiz, euskal zerrendaratuak: Jon Urrutia Trio, Jabier Muguruza, Sumisión City Blues eta Smile.

Etxepare Euskal Institutuak euskal artista guztiak programa honetan parte hartzera animatu nahi ditu! Argibide gehiago:

http://www.aie.es/musicaenaie/aie-n-ruta-artistas

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aizpea Goenaga