qrcode

Eusko Jaurlaritzak jardunean dauden 19 artista eta kolektiboren 27 artelan erosi ditu euskal artearen aldeko apustua berretsiz

2024-02-12
  • Bilduma Partekatua osotuko duten obrak dira. Proiektua 2020an jarri zen abian, eta ordutik Artium Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin parte hartzen dute jardunean dauden euskal artisten lanak erosteko batzordean.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro bideratu ditu obrak erostera Artium Museoari zuzeneko dirulaguntza emanez
  • Aurten erositako lanak hainbat diziplinatakoak eta belaunaldi eta ibilbide desberdinetako artistenak dira, eta, aurreko urteetan bezala, zerrenda parekidea da

Eusko Jaurlaritzak 2020tik ondare historiko-artistiko publikoa aberasteko eta eguneratzeko eskuratzen duen Bilduma Partekatua aurkeztu du gaur. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako 200.000 euroko dirulaguntzaren bidez, Artium Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak erosketa-batzorde bateratu batean lan egin dute, zer artelan erosi erabakitzeko. Horrela, batzordeak indartu egiten du museoen eta arte garaikidearen praktiken eta hizkuntzen esparruan lan egiten duten zentroen arteko ekintza koordinatua. Eskuratutako ondare-funtsak Artium Museoaren bildumaren parte izango dira, eta fitxa teknikoetan "Bilduma Partekatuaren esparruan erositako obra" izendapena jasoko dute.

Erositako lanak hainbat diziplinatan lan egiten duten jarduneko artista profesionalen autoretzakoak dira, hala nola, pintura, eskultura, zinema, bideoa, marrazketa edo argazkigintza. Era berean, edizio honetan erosi diren obrak belaunaldi eta ibilbide desberdinetako artistenak dira. Guztira, 19 artistaren eta kolektiboren 27 lan dira.

Bilduma Partekatua sortzeko proiektu hau, lehen aldiz, 2020an jarri zen martxan, pandemia garaian, Covid-19ak gogor eragindako sektore ezegonkor batean ekonomia arintzeko helburuz. 2020ko eta 2021eko deialdietan 150.000 euroko inbertsioa egin zen, baina 2022an, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal artearen aldeko apustua sendotu zuen eta partida beste 50.000 eurotan handitu zuen. Edizio honetan 200.000 euroko inbertsioa finkatu da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, "Euskadiko ondare historiko-artistiko publikoa aberasteko eta eguneratzeko" inbertsioa da.

Artium Museoan egin den aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Arabako Diputatu Nagusi eta Artium Fundazioaren Patronatuko presidente Ramiro González, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal izan dira. Aurkezpenean izan dira 2023ko erosketen zerrendan dauden artistetako batzuk ere, Bilduma Partekatuaren parte direnak.

Zupiriak nabarmendu duenez, proiektu honek "gure museoen eta arte garaikidean espezializatutako euskal zentroen arteko ekintza bateratu eta koordinatua indartzen laguntzen du. Lankidetza da gure arte-sistemaren oinarrietako bat ".

Bilduma Partekatua 2023

Bilduma Partekatua erosteko proposamena, aurreko edizioetan bezala, Bilboko Arte Ederren Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Vitoria-Gasteizko Artium Museoak elkarrekin egindako planteamendu batetik abiatuta egin da, azken hori baita titulartasun publikoko funts horren egoitza.

Gaur aurkeztutako artelanen eta artisten aukeraketa hiru erakunde artistikoek osatzen duten batzorde batek egin du. Guztira 19 artista edo kolektiboren 27 lan erosi dira Bilduma Partekatuaren funtsa handituz. Guztira, kolektiboak ere kontutan izanda, 13 emakume eta 10 gizon daude zerrendan.

2023ko Bilduma Partekatuan honako artista hauen artelanak daude: Xabier Salaberria (Donostia, 1969); Maddi Barber (Lakabe, 1988) eta Marina Lameiro (Iruñea, 1986); Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echávarri (Iruñea, 1988); Xare Álvarez Berakoetxea (Donostia, 1990); Pedro Osés (Iruñea, 1942) eta Juanjo Aquerreta (Iruñea, 1946); Ainara LeGardon (Bilbo, 1976); Álvaro Perdices (Madril, 1971); Isabel Herguera (Donostia, 1961); Naia del Castillo (Bilbo, 1975); Karlos Martínez Bordoy (Bilbo, 1976).

Aukeratutako obrek praktika artistiko garaikidea gauzatzeko formatuen eta tekniken aniztasunari erantzuten diote: pintura, argazkigintza, eskultura, zinema, bideoa, instalazioa, audio-instalazioa, marrazketa eta obra grafikoa, besteak beste.

Artelan eta artista multzo horren aukeraketa hainbat irizpideren arabera egin da, besteak beste, artistek inplikatutako erakunde bakoitzaren programetarako eta helburuetarako duten interesa; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea, finkatuenetatik hasi eta belaunaldi gazteagoetara; ekoizpen berriei nahiz obra eta dokumentu historikoei lekua egitea; eta galeriekin eta Euskadiko artearen sistema osatzen duten beste eragile batzuekin lan egitea.

Proiektu honen barruan erositako lanak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren, Artium Museoaren, bilduman sartuko dira bere ondare-funts publikoaren zati gisa eta Bilduma Partekatuaren epigrafean katalogatuko dira. Guztira, 2020tik, 80 egile eta kolektiboren 144 lan erosi dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak