Eman odola!
qrcode

Eusko Jaurlaritzak “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortu du euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutakoei aitortza emateko

2024-02-12
  • “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” lehen edizioko saria Aritz Olagoik jasoko du, jarduera fisiko eta kirolean aditua den psikologoak
  • Sari-emate ekitaldia otsailaren 14an, asteazkenean, izango da Donostiako Aquariumean 18:00etan

Eusko Jaurlaritzak “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortu du Kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiak prestigiatzeko Sari honen bidez bere egunerokoan euskararen erabilera sustatzen duten kirol klubak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzeko ideia dago. 2023 urtean, lehen edizioan, “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria Aritz Olagoi psikologoari emango zaio. Saria otsailaren 14an, asteazkena, arratsaldeko 18:00etan Donostiako Aquariumean egingo den ekitaldian jasoko du.

Aritz Olagoi Psikologian Lizentziatua da eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian espezializatuta dago. Bere ibilbide profesionala psikologiaren, kirolaren eta euskararen inguruan burutu du. Esparru horretan, euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propio sortu ditu eta Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko (KEES) Metodologia garatzeagatik, batez ere, jasoko du saria.

Metodologia honek kirol hezitzaile-entrenatzailea du ardatz, bera baita  euskararen erabilera sustatzeko arduradun nagusia. Entrenamendu saioak euskaraz gidatzeko gaitasuna duten entrenatzaileak euskaraz egingo die haurrei beti eta entrenamenduetan zein partidetan informazioa, aginduak eta zuzenketak euskaraz emango ditu. KEES metodologiaren bidez entrenatzaileek baliabide eta tresnak ezagutuko dituzte gaur egun bizi dugun elebitasunezko errealitateak haurrekiko komunikazioan sortzen dituen egoera anitzak kudeatu ahal izateko.

Sariaren jatorria

Sari honek “2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean” du bere jatorria eta urteroko edizioak izango dira aurrerantzean. Euskararen erabileraren aktibazioa ez ezik, erabileraren sustapena ere baita planaren zutabeetako bat eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera. Horrela, egitasmo honen bitartez, kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten klubei zein pertsonei aitortza egitea eta kirol arloan euskararen erabilera gizarteratzea du helburu.

 

 

Lehen edizioko hautagaitzak

2023ko lehen edizio honetan 11 hautagaitza ebaluatu dira eta aitortza ere jasoko dute ekitaldian:

  1. Aritz Olagoi
  2. Añorga Kultur eta Kirol Elkartea
  3. Oarsoaldeko Kirol Lan-Mahaia
  4. EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (IVEF)
  5. Gaztedi Rugby taldea
  6. EHUko GIKAFIT Ikerketa taldea
  7. Oihana Azkorbeitia
  8. Ostaiska Egia
  9. Arritxu Iribar
  10. Ibon Oregi
  11. Pou Anaiak

Saria aitortzeko kirolaren esparruan euskararen normalizazioaren eta euskararen erabilera hauspotzearen alde egindako ekarpena balioetsi da

Epaimahaia

  • Euskara eta kirolaren gaia landu eta alorrean prestigioa duten 3 aditu, lurralde bakoitzeko aditu bana, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak Foru Aldundiekin elkarlanean izendaturik. Adituok euskalgintzan garatutako lanagatik erreferentzialtasuna dute eta euren lurraldearen kirol munduaren ezagutza ere badute.
  • Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zuzendaritzako Zuzendaria, edo berak izendatutako kide bat.
  • Kirolene kirol-ikasketa zentroko kide bat.
  • Euskal Kirol Federazioen Batasuneko (EKFB) kide bat.
  • Genero Berdintasunean eta Kirolean aditua den kide bat.
  • Euskara Sustatzeko Zuzendaria izango da epaimahaiko buru.

Kirolean euskararen erabilera

Gogoratu beharra dago “Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria” ez dela kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra; honako ekintza hauek ere biltzen baititu Kirolean Euskara Sustatzeko Planak: euskarazko material didaktiko erakargarriaren ekoizpena sustatu, tokiko kirol komunitate digital berria “MATX” abian jarri, izen handiko taldeekin sustapen kanpaina bateratuak bideratu.

Ikus daitekeenez, ekintza bakoitzak esparru zehatz bat du jomuga; guztiek dute elkarrekiko lotura kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintzak diren heinean, baina ekintza bakoitzak helburu eta hartzaile zehatz eta propioak ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko