Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak ETAko Ibarla komandoari leporatu dio Ramón Doral Trabadelo “Montxo” agentearen 1996ko hilketa

2024-02-11
  • Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. Epaitegi Zentralak berriro ireki du 13/96 sumarioa, Ertzaintzak igorritako atestatu osatuari esker, eta informazio berria eman du, hemendik aurrera atentatu hori argitzeko.
  • Orain dela 26 urte irekitako atestatuak, “Montxo” Doralen atentatua Iratxe Sorzabal Diezi, Francisco Javier Irastorza Dorronsorori, Ignacio Telletxea Goñiri, Marcos Sagarzazu Oyarzabali, Ainhoa Adin Jaureguiri eta Asier Oyarzabal Chapartegiri leporatuz
  • Polizia-ikerketan egindako aurrerapen hori posible izan da aldian-aldian berrikusten direlako argitu gabe dauden ETAren atentatu guztiak, horien egileak argitu eta agintari judizialaren eskuetan jartzeko

ETAk 1996ko martxoaren 4an, 09:15ean, hil zuen Ramón Doral Trabadelo. Montxo Doral une horretan Ertzaintzako ofizialordea zen, eta garai horretan terrorismo-delituak ikertzeaz arduratzen zen Segurtasun Sailburuordetzara atxikitako Unitatean erantzukizun-lanak egiten zituen. ETAk handik egun batzuetara, 1996ko martxoaren 19an, hartu zuen bere gain atentatua, Egin egunkarira zuzendutako komunikatu batean. 36 urte zituen, ezkonduta zegoen eta 13, 11 eta 1 urteko 3 seme zituen.

Handik 6 urtera, 2002ko apirilaren 29an, Frantziako poliziak Castreseko zulo batean ETAren barneko agiri bat, “autokritika” edo “kantada” izenekoa, aurkitu zuen. Era horretako agiriak atxilotutako ETAko kideek erabiltzen zituzten talde armatuaren buruei komandoetan egin zuten ibilbidearen nahiz atxilotu zituztenean poliziari emandako informazioaren berri emateko. “Autokritika” edo “kantada” horien helburua beste pertsona batzuk atxilotzea edo ETAko beste talde batzuk desegitea eragozteko informazioa pasatzea zen.

Castresen aurkitutako agiri horretan, une hartan ETAren burua zenak, Iratxe Sorzabal Díazek, hauxe utzi zuen idatzita: “Martxoan lapa bat jarri genuen Montxo Doral zipaioaren autoaren azpian. Lapa ez genuen guk egin, eginda iritsi zen. Markos (Marcos Sagarzazuri aipamena eginez) eta Xabi (Francisco Javier Irastorzari aipamena eginez)”.  

Gero Iratxe Sorzabal Díazek ukatu egin zituen hitz horiek egoitza judizialean, eta inoiz ez dira kontuan hartu Montxo Doralen hilketa judizialki argitzeko. Alegatu zuen adierazpenok torturapean egin zituela Guardia Zibilak atxilotu zuenean.

Epai berria

Orain, atentatu hartatik 26 urte igaro direnean, oraintsuko epai baten (*) arabera, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Díaz ETAren burua kondenatu du Gijonen urte hartan bertan, 1996an, egindako bi atentaturengatik. Kondena-epai horretan frogatutzat ematen da “autokritika” edo “kantada” horiek funtsezko froga-balioa dutela justiziarentzat. Epaiak, zehazki, honako hau adierazten du: “’Autokritika’ funtsezko froga-baliotzat hartzen da, eskuz idatzitako gutun batean ETA talde terroristako buruei naturaltasunez, askatasunez eta borondatez egindako adierazpenak dituenez, eta aipatutako taldearen argotean ‘kantada’ esaten zioten”.

Eginbideak osatzea

Epaiaren azken paragrafo horretan xedatutakoan oinarrituta, eta “Montxo” Doral hil zutenean Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegi Zentralak hasitako 13/1.996 sumarioarekin lotuta, Ertzaintzak duela 26 urte irekitako atestatua osatu eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi duBITEZ SL | bertan Iratxe Sorzabal Díazek, Francisco Javier Irastorza Dorronsorok, Ignacio Telletxea Goñik, Marcos Sagarzazu Oyarzabalek, Ainhoa Adin Jaureguik, eta Asier Oyarzabal Chaparteguik osatutako ETAko Ibarla komandoari leporatzen dio atentatua.

Ertzaintzaren lan horri esker, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 2. Epaitegi Zentralak 13/96 Sumarioa ireki du berriro, 2023ko apiriletik amaituta zegoena, eta horrek atentatu hori argitzeko bidean aurrera egitea ahalbidetuko du.

Ikerketa etengabe irekita

Ertzaintzaren lan berri horrek argitu gabe dauden ETAren atentatu guztiak aldian behin eta etenik gabe aztertzeko lehentasunezko helburuari erantzuten dio, horiek argitu eta egileak agintari judizialaren eskuetan jarri ahal izateko.

15 agente hil zituen ETAk

ETAk Ertzaintzako 15 agente hil zituen, eta Euskal Poliziaren Museoan dagoen “Hemen Gaude” txokoan gogoratzen eta omentzen dira: Jorge Díez Elorza, Ramón Doral Trabadelo, Carlos Díaz Arcocha, Iñaki Totorika Vega, Luis Hortelano García, Mikel Uribe Aurkia, Alfonso Mentxaka Lejona, José María Aguirre Larraona, Juan José Pacheco Cano, Genero García de Andoain Larrinaga, Javier Mijangos Martínez de Bujo, Ana Isabel Arostegui Legarreta, Joseba Goikoetxea Asla, José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria.

(*) Zigor-arloko Salako 1. Atalaren 1/2022ko epaia, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko Epaitegi Zentraletik eratorritako 8/2015 Salako Erroiluari dagokionez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)