Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du kostaldeko inpaktuagatik datorren igande goizalderako

2024-02-09
  • Alerta 03:00etatik 07:00etara bitartean aktibatuko da, itsasgorarekin batera
  • Marea oso biziak espero dira, eta olatuen altuera adierazgarria 4,5 m-tik gorakoa izan daiteke

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du kostaldeko inpaktuagatik datorren igandean, otsailaren 11n, 03:00etatik 07:00etara bitartean, aurreikusitako itsasgorarekin batera olatuen altuera adierazgarria 4,5-5 m ingurukoa izan baitaiteke.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbat, igande eta asteleheneko itsasgorak bereziki altuak izango dira, marea astronomiko oso biziei (ilargiaren eragina) marea meteorologiko adierazgarriak (behe-presioaren eta haize nagusiaren ondorioz) batuko baitzaizkie. Kontuan hartuta mareak bereziki biziak izango direla, gainditzeak kostaldeko lehen lerroan ez ezik urak mareen eraginez soilik har ditzakeen beste eremu batzuetan ere gerta litezke. 

Igandeko lehenengo itsasgoran aktibatuko den alerta laranjaz gainera, maila horia aktibatuko da kostaldeko inpaktuagatik larunbateko bi itsasgoren inguruan, 04:00etatik 06:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, bai eta igande arratsaldeko itsasgoraren inguruan ere, 17:00etatik 19:00etara.

Espero diren olatuak direla eta, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatuko du nabigaziorako lehenengo 2 milietan, larunbateko, otsailaren 10eko, 15:00etatik igandeko, otsailaren 11ko, 18:00etara. Gainera, haizeagatik ere abisu horia aktibatuko du itsasertzeko haizeguneetan larunbatean 15:00etatik 24:00etara bitartean, mendebaldeko/ipar-mendebaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan baitaitezke.

Gomendioak

  • Urrundu olatu handien kolpea jasotzen duten lekuetatik (harkaitzetatik, lur-muturretatik eta kaietatik), eta ez gerturatu itsas pasealekuetara, lur-muturretara edo itsas labarretara. Uraren indarrak eraman egin zaitzake. Ez egin uretako kirolik. Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu itsasontzirik ez erabiltzen eta berrikusi amarrak. Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatu arte. Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka. Itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.
  • Gogoan izan espero diren ezohiko itsasgorek uholde puntualak eragin ditzaketela.
  • Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmeten webgunearen bidez (www.euskalmet.euskadi.eus), X kontuaren (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)