Elkarlan Sariak
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratzek Euroeskualdeko II. Unibertsitate Foroan parte hartu du, Biarritzen

2024-02-12
  • Foroko saioetan Euroeskualdeko Unibertsitate Lankidetzarako Plataforma aurkeztu da ofizialki
  • Goizez, Mugaz gaindiko Lankidetza Laborategien Sarearen (LTC Sarea) topaketa burutu da

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen Unibertsitate Lankidetzarako II. Foroa irekitzeko ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean, Biarritzen. Euroeskualdeko erakunde akademikoen arteko lankidetzaren garrantzia aitortuz, foro honen helburua da unibertsitate-lotura horiek indartzen eta sustatzen jarraitzea. Sailburuarekin batera, irekieran parte hartu dute Akitaniako Eskualde Kontseiluko Goi Hezkuntzako eta Ikerketako lehendakariorde arduradun Gérard Blanchardek eta Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Patricia Fanlok.

Irekieran hitza harturik, Jokin Bildarratzek unibertsitate-lankidetzari dagokionez orain arte egindako lan eta ibilbide luzea azpimarratu ditu, eta bereziki nabarmendu du euskal unibertsitateen eta Akitania Berriko erakunde akademikoen artean dagoen lankidetza estua, dagoeneko sendotua dagoena. Lankidetzan eta aliantzetan uste osoa duela agertu du, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzarentzat Euroeskualdea esparru ezin hobea dela aliantza kohesionatzaileak eratzeko, eta, aldi berean, etorkizunerako bide horretan sakontzen jarraitzeko.

Mugaz gaindiko eta nazioarteko bikaintasuneko lankidetzaren adibide on gisa, sailburuak Mugaz gaindiko Lankidetza Laborategien (LTC) sarea aipatu du. UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatea (UB) buru dituen Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campuseko proiekturik esanguratsuenetako bat da LTC Sarea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proiektu hori garatzen eta bultzatzen lagundu du, 2021etik 2 milioi euroko inbertsioa eginez. Mugaz gaindiko Lankidetza Laborategien arrakasta txalotu du Bildarratzek, eta nabarmendu du tresna baliotsua direla horiek Euroeskualdearentzat interesgarriak diren gai estrategikoetan bikaintasuenko ikerketa egiteko, gure unibertsitateetara talentua sortzeko eta erakartzeko, edo nazioartekotzea bultzatzeko, unibertsitateak Europako eta munduko ikerketa-zentro eta unibertsitate onenekin konektatuz eta era horretan Euroeskualdean eragin handiagoa sortuz.

Euroeskualdeak eta Europa osoak hiru eremutan (demografikoan, ekologikoan eta digitalean) une honetan bizi duten trantsizio sozial eta ekonomikoaren aurrean, Bildarratzek gogorarazi du beharrezkoa dela etorkizuneko profil profesionalen aurrean erne egotea eta ikerketa eta berrikuntza bultzatzea. Horregatik, unibertsitate foroari eskatu dio etorkizuneko prestakuntza zientifiko-teknikoaren beharrak ikuspegi zabal batetik identifikatu eta jorratu ditzala, Euroeskualdea osatzen duten unibertsitate-sistema guztiak eta haien gaitasun guztiak kontuan hartuta.

Ondoren, Bildarratzek Unibertsitate Foroaren gobernantza-bileran parte hartu du. Hiru gobernuetako arduradunak (presidenteorde eta sailburuak), eskualdeko unibertsitateetako errektoreak eta Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboko kideak izan dira bertan parte hartzaile. Bilera horretan, alde batetik, Euroeskualdeko unibertsitateen arteko lankidetzan egin diren aurrerapenak aztertu dira, eta, bestetik, unibertsitate bakoitzak lankidetzaren alorrean datozen urteetarako dituen jarduera-ildo nagusiak errepasatu dira, lankidetza-prozesu hori bizkortzeko beharrezkoak diren politikei buruz ere hausnarketa eginez.

Euroeskualdeko Unibertsitate Lankidetzarako Plataforma

Bigarren unibertsitate foro honek, halaber, azken urtean garatu den Unibertsitate Lankidetzarako Plataforma ofizialki aurkezteko balio izan du. Tresna honen bidez, Euroeskualdeak gune digital bat eskaini nahi dio Euroeskualde mailako unibertsitate-lankidetzari. Euroeskualdeko unibertsitateen mugikortasunean, ikerketan eta nazioartekotzean parte hartzen duten eragileen arteko lankidetza indartzeko eta bultzatzeko asmoz diseinatu da plataforma. Helburu nagusia erakunde akademikoen arteko ikerketa-loturak sendotzea da, ezagutza partekatuaren sarea sendotuz. Epe luzera, tresna hori komunitate akademiko sendo eta kohesionatua eratzeko katalizatzaile gisa erabiltzeko asmo irmoa du ABEN Euroeskualdeak

Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak

Horren aurretik, gaur goizean eta hau ere Biarritzen, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien sarearen topaketa egin da (LTC Sarea). Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua izan dira topaketako buru, eta izena emandako 80 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, ikertzaile senior eta juniorrek. Sareak gaur egun 7 LTC eta 11 LTC incubators ditu.

LTC laborategiak Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren proiekturik enblematikoenetakoak dira (Euskampus fundazioak koordinatua). Hormarik gabeko laborategiak dira, hau da, egoitza bakarrik gabekoak, eta ikerketa-programa komun batean zentratzen dira. Programa horretan, EHUko, Tecnaliako eta Bordeleko Unibertsitateko taldeek eta bazkideek parte hartzen dute, dauden baliabideen trukea sustatuz, bai giza baliabideena, bai ekipoena eta kostuena.

Bi ikertzailek koordinatzen dituzte, bata Euskadikoa eta bestea Bordeleko Unibertsitatekoa, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetan eta Euroeskualdearen estrategian eragin zuzena duten lanak garatzen dituzte. Bi unibertsitateen eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jasotzen dute, bai eta prestakuntza jasotzen ari diren langileak ere, eta 2022tik aurrera doktoretza ondoko ikertzaileei zuzendutako CO-FUND Adagio proiektu europarraren laguntzak jaso ditzakete. Hezkuntza Sailak 2 milioi euro inbertitu ditu 2021etik LTC Sarea bultzatzeko.

Hautatu berria den AquEus laborategi berriarekin (Bizkaiko Golkoan mikro eta nanoplastikoek, bioplastikoak barne, izan ditzaketen ingurumen-arriskuak aztertzen dituena), zazpi dira jada Mugaz Gaindiko Campusak sortutako LTC laborategiak. Lehenengoa, 2017an sortua, QuantumChemPhys izan zen, eskala kuantikoan ikerketa kimiko eta fisikoari eskainia. Ondoren, AENIGME (Akitania Euskadi Sarea Fabrikazio Berdean eta Ekodiseinuan), TRANSMATH (matematikari eta bere aplikazioei buruzkoa), GREEN CONCRETE (zementu oinarri iraunkorreko material konposatuetan), COMORPD (komorbilitate ez-motorretan Parkinson gaixotasunean) eta Trans Light (Fotonikan) sortu ziren.

Eusko Jaurlaritzaren ekarpenari esker, hain zuzen ere, LTC Sarea ekimena abiarazi ahal izan da. Prestakuntzaren, ikerketaren, transferentziaren eta LTCen nazioartekotzearen inguruko lan-agenda hedatzen laguntzeaz gain, LTC Incubator tresnaren bidez, mugaren bi aldeetako ikerketa-taldeei laguntzea ahalbidetu da, baldin eta modu estrategikoan LTC bat sortu nahi badute edota beren lankidetza-proiektuak garatzeko dauden LTCen dinamikarekin bat egin nahi badute.

Horri esker, gaur egun 11 LTC incubator daude arlo hauetan: osasuna, fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, biomaterialak, antibiotikoekiko ingurumen-erresistentzia, bioingeniaritza, arkeologia, bio-nutrizioa eta gizarte-zientziak.

Unibertsitate-lankidetza Euroeskualdean

11 unibertsitate publiko eta pribatutan 250.000 ikasle baino gehiago ditu gaur egun Euroeskualdeak. Goi-mailako irakaskuntzako tituludunen kuota Europar Batasuneko batez bestekoa baino handiagoa da (+5,9 puntu), eta azken hamar urteetan eutsi egin zaio kuotaren hazkundeari. Goi-mailako irakaskuntzan, hainbat unibertsitate-sare sortu dira eskualdean: nazioarteko bikaintasuneko hainbat campus (Euskampus, Iberus) edo unibertsitate europarrak, besteak beste.

Sortu zenetik, Euroeskualdeak unibertsitate-lankidetza eta ikasleen mugikortasuna sustatzeko ahaleginak egin ditu, "mugarik gabeko" prestakuntzaren eta ikerketaren alde egiteko.

Lankidetzari esker, Euroeskualdeko unibertsitate-eremuan mugarik gabeko prestakuntza eta ikerketa bultza daitezke, bai eta ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen mugikortasuna ere. Hala eta guztiz ere, aldez aurreko baldintza da inplikatutako eragileen, haien eskaintzen, proiektuen eta gaitasunen arteko elkar ezagutza egokia bermatzea. Estrategia hori hiru lan-ardatzen inguruan egituratzen da: sarean jartzea, ikerketa eta prestakuntza, eta mugikortasuna.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)