Euskadiko Orkestraren ‘Boleroak’ Salzburgo liluratu du
- Ravelen 'Bolero' 'Basque National Orchestra'-k Salburgoko Denboraldian aurkeztu behar zituen programen baitan erakargarritasun gehien zuen obra zen, eta interes handia piztu zuen, baina espero baino harrigarriagoa izan da publikoaren erantzuna, orain arte hirian orkestrak eman dituen bi kontzertuetan aretoa ia betetzeraino iritsi baita.
- Gaur amaituko da orkestraren Austriako bira arrakastatsu hau Salzburgon egingo den hirugarren eta azken kontzertuarekin. Honetan ere sarrera guztiak saldu dira.
Linzeko Brucknerhausen lehen kontzertu bat eta Salzburgoko Grosses Festspielhausen beste bi eman ondoren, Euskadiko Orkestrak amaitutzat emango du gaur Austriako lurretan egiten ari den bira arrakastatsua, Mozarten jaioterriko areto handian eskainiko duen azken hitzordu batekin.
Salzburgoko lehen egunean sumatu zen arrakasta, Reinhold Gliereren Harparako kontzertuarekin, Xavier de Maistre bakarlari frantsesaren esku magikoetan, eta Dmitri Xostakovitxen Hamargarrenarekin. Baina atzo, otsailak 8, garaipena nabarmena izan zen Euskadiko Orkestra eta Robert Treviño titularrak Ravel hautatu zutenean programaren plater nagusi gisa. Jakina da Ziburuko konpositoreari eskainitako azken bi grabazioek arrakasta handia lortu dutela mundu osoan zehar. Sekretua honakoa izan da: orkestrak Ravel bere begirada propioaz aurkeztu du, bere alderik euskaldunena nabarmenduz. Kontzertuaren lehen zatian Bizeten Carmenen lehenengo suitea eta Maistrek maisutasunez Alberto Ginasteraren Harparako kontzertua eskaini ondoren, Euskadiko Orkestrak eta Treviñok Salzburgoko Grosses Festspielhausen Ravelen Alborada del gracioso, Rapsodie espagnole eta Pavane pour une infante défunte interpretatu zituzten, Boléro ospetsu eta unibertsalera iritsi arte. Eta azken obra honetan orkestrak dena eman zuen, Ravelen kapritxoei erantzunez, familia instrumental ezberdinek partiturak markatzen duen in crescendo hori gorenera emanez.
Txalo-zaparrada handia entzun zen areto osoan minutu luzez, Thomas Heissbauer programatzailearen zorionerako. Hau esan zuen berak kontzertua amaitzean: “ez da batere ohikoa hain publiko apartaren erantzun hori. Garrantzitsua eta interesgarria da hirira hain ezagunak ez diren beste kultura eta orkestra batzuk ekartzea, maila handia ematen baitute eta beren herrialdeetako enbaxadore handi bihurtzen baitira”. Ildo beretik mintzatu zen Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere, Salzburgoko lehen bi kontzertuetan egon zena: “Oso harro nago euskalduna naizelako eta Euskadi ordezkatzen duzuelako —esan zion orkestra osoari arratsaldeko entseguan— oso zirraragarria izaten ari da; kultur enbaxadore handiak izaten ari zarete”.
Robert Treviñok eta Oriol Rochek zorion-mezuak jaso zituzten bertaratutako publikoaren aldetik. Orkestrak eskaini zituen hiru bisek ikusentzuleen interesa piztu zuten, zalantzarik gabe: Jesus Guridiren Hamar euskal melodiatako Amorosa, Brahmsen bosgarren Hungariar dantza eta Geronimo Gimenezen Luis Alonsoren ezteien pausaldia.
Informazio gehiago hemen.