
Lehendakariak baieztatu du zientziari eta berrikuntzari esker aldaketa klimatikoari erantzuteko gai izango garela
- Hidrogenoaren teknologiak garatzeko TECNALIAren laborategi berriaren inaugurazioaren buru izan da Iñigo Urkullu, laborategi hau aitzindaria da Europan
- Teknologia berritzaileak ikertzea eta balioztatzea da Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan dauden instalazio hauen helburua, bai eta teknologia hauek industriara igarotzea ere, horrela, deskarbonizazioa eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko
Gaur goizean, Iñigo Urkullu Tecnalia-n izan da, bertan hidrogenoaren teknologiak garatzeko Europan aitzindaria den laborategi berri bat ipini baitute abian.
Arantxa Tapia Sailburuak lagunduta, Lehendakariak gainerako agintariekin eta Tecnalia-ko arduradunekin batera, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan kokatutako laborategi berria bisitatu du. Laborategi berri hau hidrogenoa sortzeko, biltegiratzeko, garraitzeko eta banatzeko teknologiak garatzeko erabiliko da, bai eta hidrogenoaren erabilera desberdinetan eta hidrogenoaren segurtasunean sakontzeko ere. Instalazioek, orotara, 1.000 metro koadrotik gora dituzte, 5 milioi eurotik gorako inbertsioa bideratu da, eta, arduradunen ahotan, hainbat administrazioren arteko lankidetzaren, Eusko Jaurlaritzaren eta inguruko enpresen lanaren fruitua da.
Bisitaren ondoren, Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkio Tecnalia-ri, jadanik 20 urte baitaramatza hidrogenoarekiko konprometituta, eta karbono maila baxuko ekonomia baterantz azkarrago igaro gaitezen, gune teknologiko honek duen etorkizunerako ikuspegia eta bertan egin duten apustua nabarmendu ditu.
Lehendakariak baieztatu duenez, laborategi berria berezia izango da, eta, azken finean, beste mugarri bat izango da teknologiaren, industriaren eta eraldaketa energetikoaren aldeko euskal estrategiaren baitan. Iñigo Urkulluk argi eta garbi dauka aldaketa klimatikoarekiko erantzuna, hain justu ere, zientziaren eta ikerketaren eskutik iritsiko zaigula.
“Erakunde publikook, ekimen pribatuekin lankidetzan, planeta berdeago, iraunkorrago eta justuago baterantz garamatzan apustu honi eutsiko diogu”- adierazi du.
Zentzu horretan, Lehendakariak ziurtatu du Euskadi herri berritzailea dela eta gogoratu du azken hamarkadetan hirukoiztu egin direla berrikuntzan egindako inbertsioak, 1.800 milioi eurora iritsi arte, baieztatu duenez, “gure historiako kopururik handiena”; horri esker, Europako Berrikuntzaren Panelean Euskadik duen kokalekua indartu egin da; Euskadi, orain, Alemania, Austria, Frantzia eta gisa horretako herrialdi “indartsuen” ondoan dago.