Hasierako Lanbide Heziketa: gizarte-kohesioaren aldeko apustua egiten duen Lanbide Heziketako eredu berria
- Hasierako Lanbide Heziketa ikasle oso desberdinei arreta emateko diseinatu da, eta kolektibo zaurgarrienetan jartzen du arreta bereziki
- Ikasleek ikasten prestakuntza jasotzen jarraitzea da eredu berritzaile honen helburu nagusietako bat
- Bi titulazio eta lanbide-ziurtagiri bat lortuko dituzte ikasleek, baita hezkuntza-sistemako titulazio guztiekiko loturak ere
- Hainbat ibilbidetan egituratzen da —ibilbide egokituak eta malguak—; ibilbide horiek zuzenduta dauden kolektibo desberdinen premiei erantzuten diete.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, gaur goizean aurkeztu du Hasierako Lanbide Heziketaren eredu berria —orain arte Oinarrizko Lanbide Heziketa gisa ezagutzen zena—. Eredu hori Hezkuntza Sailak diseinatu eta 2024-2025 ikasturtetik aurrera jarriko du abian Lanbide Heziketako euskal sisteman. Aurkezpena Gasteizko Mendizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan egin da, Automozio arloko Elektromekanika tailerrean. Aurretik, sailburuak eta sailburuordeak bisita egin dute Arte Grafikoetako eta Ikus-entzunezko geletan.
Prestakuntza-eredu malguagoa, egokituagoa, irekiagoa, irisgarriagoa eta efizienteagoa da, eta gizarte-kohesioan du bere zutabe garrantzitsuenetako bat. Hasierako Lanbide Heziketa sortzeko helburu nagusia da ikasleek ikasten jarraitzea, prestatzen jarraitzea, baita titulazio bat lortu ondoren ere. Inor atzean gera ez dadin sortu da, prestakuntza-ibilbide batetik kanpo edo ikasketekin jarraitzeko aukerarik gabe ez geratzeko, eta kolektibo ahulenetan jartzen du arreta bereziki.
Gizarte-kohesioa
Gizarte-kohesioak eta gizartearen ongizateak —Eusko Jaurlaritzaren lehentasun nagusietako bi izanik— egoki prestatutako biztanleria zabala behar dute, kualifikatua eta integratua, sozialki zein profesionalki. Eta hezkuntza-sistemak izugarrizko garrantzia du gai honetan. Gizarte aurreratu eta kohesionatu batek ezin du inor atzean utzi; izan ere, hala gertatzea ez da ona bazterturik geratzen denarentzat, eta ez dio mesederik egiten gizarteari oro har.
Horregatik, Hasierako Lanbide Heziketa oso giza-kolektibo zabal eta anitzari irekitzen zaio, DBHn arazoak izan dituen ikaslearekin hasi —eta aukera honetan aurkitzen du ikasten jarraitzeko bidea—, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo migratzaileei, besteak beste; helburu diren kolektiboen premiei erantzuten dieten hainbat ibilbide diseinatzen ditu, eta curriculum-garapenak horien ezaugarrietara egokitzen ditu.
Formazio eredu honetako ikasketak amaitzean, ikasleek bi titulazio lortzen dituzte (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eta Oinarrizko Graduko titulua, eta ibilbide integratua egiten badute, Erdi-mailakoa ere bai), eta baita lanbide-ziurtagiri bat ere. Titulazio horien helburua lanbide-konpetentziak eta enplegagarritasunerako konpetentziak eskuratzea da, baita bizitza osoan zehar ikaskuntzarako konpetentziak eskuratzea ere.
Ateak itxi beharrean, Hasierako Lanbide Heziketak parez pare irekitzen ditu, ikasleek beren prestakuntza-ibilbidearekin jarraitu ahal izan dezaten. Horregatik, hezkuntza-sistemako titulazio guztiekin loturak errazten ditu. Hau da, prestakuntza hori amaitzean, ikasleek Erdi Mailako, Goi Mailako, Batxilergoko eta unibertsitateko ikasketak egiten jarrai dezakete.
Kolektiboen aniztasuna
Hasierako Lanbide Heziketa askotariko ikasleei arreta emateko diseinatu da. Kolektibo hauei eman ahal izango die arreta:
- Abilezia, trebetasun eta gaitasun praktikoak dituzten ikasleak: bi ikasturteko Lanbide Heziketako ziklo arruntak egingo dituzte. Ikasle horien lehentasunezko helburua DBHko titulua lortzea izango da, ondoren Batxilergoan edo Erdi Mailako prestakuntza-ziklo batean ikasten jarraitzeko.
- Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak: bi ikasturteko ziklo arruntak egingo dituzte, baina oinarrizko graduko tituluari emango zaio lehentasuna. Halaber, DBHko titulua lortzen lagunduko zaie. Ibilbide hau irteera profesionaletara bideratuko da, baina ikasleek Erdi Mailako prestakuntza-zikloetan jarraitu ahal izango dute ikasten. Erdi Mailako teknikariaren titulua egiaztatzen badute, ondoren espezializazio-ikastaro bat egin ahal izango dute eta/edo Goi Mailako prestakuntza-ziklo batean sartu.
- Dibertsitate funtzionala duten pertsonak: curriculuma egokitutako prestakuntza-zikloak egingo dituzte. Zikloek hiru ikasturteko iraupena izan dezakete. Lehentasuna emango zaie lana errazago lortzeko prestakuntza-zikloei eta praktikak egiteko testuinguru egokia diseinatuko da. Prestakuntzak, gainera, aukera emango du katalogo modular malguaren bidez ikasteko, hau da, moduluak zatika egiteko aukerarekin.
- Titulaziorik ez baina lan-esperientzia duten pertsonak: lanean ari diren eta profesionalizatzeko prestakuntza-ibilbide batean sartu nahi duten helduei zuzenduta, baldin eta ez badituzte lortu aldez aurretik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak. Lan-esperientzia egiaztatuko dute konpetentzia egiaztatzeko egituraren bidez. Prestakuntza-eskaintza oso malgua jasoko dute.
- Titulaziorik gabeko langabeak: prestakuntza oso malgua jasoko dute - Lan-esperientzia egiaztatuko dute, izatekotan, konpetentziak egiaztatzeko egituraren bidez, baldin eta horrek lotura badu egingo duten prestakuntzaren xede-sektorearekin. Lehentasuna emango zaio lana errazago lortzeko prestakuntzari.
- Prestakuntza egiaztatua duten migratzaileak: eskatutako baliozkotzeak eskatuko dituzte eta baliozkotzeak ahalbidetutako prestakuntza-zikloa egingo dute. Dagokien titulazioa lortuko dute.
- Prestakuntza egiaztatu gabeko migratzaileak: hauen helburua lanbide bat lortzea izango da. Katalogo modular malguaren bidez landuko da ikaskuntza, eta prestakuntza irteera profesionaletara bideratuko da, baina, ahal izanez gero, prestatzen jarraitzera bultzatuko zaie.
Dibertsitate funtzionala duten pertsonek, titulaziorik gabekoek eta migratzaileek, lortzen duten prestakuntza-mailaren arabera, honako hauek eskuratu ahal izango dituzte: konpetentziaren egiaztapen partziala; konpetentziaren egiaztapen bat; ziurtagiri profesional bat; edo Lanbide Heziketako titulu bat (titulazioak biltzen dituen modulu guztiak gaindituz gero).
Ibilbideak
Kolektibo horiei erantzuteko, Hasierako Lanbide Heziketa hainbat ibilbidetan egituratuta egongo da. Honako hauek dira:
- Ikaskuntzako ibilbide integratuak: helburua da oinarrizko eta erdi-mailako graduen tituluak egiaztatzea, lau urteko prestakuntza egituratuaren bidez. Gainera, espezializazio-ikastaro eta -programekin indartuko dira.
- Ikaskuntzako ibilbide egokituak: iraupena bi edo hiru ikasturtekoa izango da, eta curriculum-garapen espezifikoak izango dituzte. Ikaskuntza katalogo modular malguaren bidez egiteko aukera eskainiko dute (moduluak zatika egiteko aukera), eta ingurune praktikoetara egokitutako oinarrizko konpetentziak jasoko dituzte.
- Profesionalizatzeko ibilbideak: lanbide edo ofizio espezifikoetara bideratutako espezializazioa sustatzen dute, eta beraz, ibilbide horiek indartu eta egokitu egiten dute dagokion lanbideari lotutako curriculuma. Teknikari-titulua, teknikari espezialistarena, goi-mailako teknikariarena eta master profesionalarena lortzea da helburua.
- Hezkuntza indartzeko ibilbideak: ikasleen lehentasun eta aurreikuspenetan oinarrituta, ingurune praktikoago batean ikasteko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak lortzeko aukera handiagoak dituzten ikasleentzat. Baita oinarrizko edo erdi-mailako gradu-titulua lortu duten eta hezkuntza-sistema orokorrera itzultzeko aukerak dituzten ikasleentzat ere.
- Ikaskuntzako ibilbide malguak: tituluak, ziurtagiriak eta neurrira egindako programak barne hartuko dira. Ikaskuntza katalogo modular malguan oinarrituko da. Haiek amaitzean titulu eta ziurtagiri ofizialak egiaztatuko dira.
Hori guztia kontuan hartuta, Hasierako Lanbide Heziketaren helburuen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Eskola-uzte goiztiarraren tasa oso txikia izaten jarraitzea Euskadin (Estatuko txikiena gaur egun, eta Europako batez bestekoaren azpitik).
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak egiaztatzen dituen oinarrizko mailako konpetentziak lortzeko, Ikasleei erantzutea beharrezko ezagutza eskuratzean oinarritutako ibilbide aplikatuak egitea komeni zaiela, gaitasunen, abilezien eta trebetasunen bidez.
- Prestakuntzatik arreta ematea migratzaileei, ahalik eta lasterren gure gizartean integratzeko, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonei, lan egin ahal izateko beharrezko prestakuntza eskuratu ahal izateko eta pertsona gisa erabat garatzeko beharrezko aukerak zabaltzeko.
- Era berean, lan-esperientziaren bidez eskuratutako ezagutza eta trebetasun profesionalak dituzten, baina ezagutza horiek egiaztatzeko inolako modurik ez duten pertsonei erantzutea; ezintasun horrek haien garapen eta aurrerapen profesionala eta, askotan, haiek lanean jarraitzea mugatu baitezake.
-
2024-02-10
Comentario de Twitter:
Hasierako Lanbide Heziketa: gizarte-kohesioaren aldeko apustua egiten duen Lanbide Heziketako eredu berria - Irekia @FPeuskadi https://t.co/T1eGbYde3L -
2024-02-10
Comentario de Twitter:
Formación Profesional Inicial: un nuevo modelo de FP que apuesta por la cohesión social @Irekia
@bildarratz @jarevalo_FP @MendizabalaFP @ikaslanaraba
@IkaslanEuskadi #hezkuntza #fppública
https://t.co/4L1ZF6Kvvv https://t.co/I98ZLJS9FA