Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Hainbat sektoreren arteko lankidetzarako Interkluster proiektua aurkeztu da 137 enpresatako 200 lagun baino gehiagoren aurrean

2012.eko otsailak 15

Ekimen honen bitartez, euskal enpresentzako hiru "aukeragune" nagusi identifikatu dira: Energia, Nazioartekotzea eta Hiri Iraunkorrak.

Duela urtebete sortu zen ekimena Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila buru izanik eta EAEko klusterren eta aurreklusterren lankidetzarekin.

Interkluster izena du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak diseinatu duen ekimen berriak; enpresen arteko lankidetzarako sektore arteko proiektuak sustatzea du xede. Bilbon egun osoko jardunaldia izango da gaur eta, bertan, Kabinete, Plangintza eta Kanpo Harremanetarako sailburuorde Pedro Gómez Damborenea jaunak proiektuaren aurkezpena egin du 137 enpresatako 200 ordezkari baino gehiagoren aurrean.

Ekimena hori abiarazteko, Jaurlaritzak kluster eta aurrekluster elkarteen laguntza izan du. Elkarlanean, aldez aurreko lana egin dute eta hiru "aukeragune" nagusi identifikatu dituzte. Hain zuzen ere, Energia, Nazioartekotzea eta Hiri Iraunkorrak.

Arlo bakoitzari buruzko saio berezia egin dute gaur Bilboko jardunaldian. Horretarako, sailburuordearekin batera kluster eta aurreklusterretako arduradunak ere bertaratu dira.

Energiari dagokionez, 53 parte-hartzaile izan dira eta industriarekin loturiko sektoreetan energia nola optimizatu azaldu dute.

Nazioartekotzearen arloan, lehentasunez jarduteko merkatuetan enpresen arteko jardun bateratuak lortzeko moduari buruzko xehetasunak azaldu dituzte hainbat adituk. Euskal enpresetako 64 ordezkari izan dira saioan.

Jardunaldia amaitzeko, Hiri Iraunkorrei buruzko ponentzia izan da eta 119 pertsona bertaratu dira. Euskal enpresen potentzialtasunak azaldu dituzte; hain zuzen ere, gure enpresek iraunkortasunean biltzen diren negozio-eremuetan duten esperientzia eta jakintza kanpoan baliarazteko potentzialtasunak.

Gaurko aurkezpena egiteko ia urtebeteko lana egin behar izan da aurretik. Izan ere, 2011ko martxoan Klusterren arteko Zuzendaritza Batzordea sortu zen; Batzordearen lehen osoko bilkura iazko martxoan izan zen eta, harrezkero, ekintzak koordinatzen ari da.

Euskal enpresen arteko lankidetza indartzeko modu horrek badu aurrekaririk: Euskadin dagoen kluster-sare sendoa. Elkarren artean lotura duten enpresen elkarteak dira, elkarlanean lehiakortasuna hobetzearren.

Mundu osoan, klusterren sistema ezarri zuen lehen eskualdeetako bat Euskadi izan zen (90eko hamarkadaren hasieran). Besteak ez bezala, egonkortasun-ingurunean hazteko gai izan da, Eusko Jaurlaritza eta enpresak berak (klusterraren funtsezko nukleoa osatzen duten aldetik) inplikatu baitira.

Euskadin, kluster bakoitzaren barruan enpresen arteko lankidetza-proiektuak garatzeko ingurune egokiak sortzea lortu dugu baina bada jorratu gabeko beste bide bat: kluster ezberdinetako enpresen arteko lankidetza. Lankidetza hori gauzatu gauzatu da, bai enpresen ekimen indibidualari esker, bai kluster elkarteen ekimenez, baina lankidetza isolatuak izan dira, noizean behin.

Hori dela-eta, Interkluster edo klusterren arteko ekimena abiarazi da, esparru orokorragoa eta iraunkorra sortzeko, klusterren arteko lankidetza-proiektuak sustatzeko egokiagoa. Eta enpresa-proiektuak hartu dira ardatz.

20 kluster eta aurreklusterrak

Euskadin 20 kluster eta aurrekluster daude. Gaur egun 11 elkarte daude Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren aldetik lehentasunezko kluster kalifikazioa lortu dutenak, hainbat sektorerekin erlazionatuta: AFM (Makina Erreminta), Energiaren Klusterra, Hegan (aeronautikoa), Acicae (automozioa), Euskal Herriko Itsas Foroa, Aclima (ingurumena), Euskadiko Paperaren Klusterra, Eiken (ikus-entzunezkoa), Acede (etxetresna elektrikoak), Gaia (IKTak) eta Uniport (Bilboko Portua).

Horietaz gain, 9 aurrekluster ezagun ditugu Euskadin: galdaketaren, estanpaziozko forjaketaren, garraio eta logistikaren, biozientzien, elikadura-industrien, altzarien, siderurgiaren, esku-erremintaren eta eraikuntzaren sektoreak, hain zuzen.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 15a

2 iruzkin
  • @jamierwilson
    2012.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    Primeros resultados de una iniciativa importante para promover cooperacion intersectorial en #Euskadi: http://t.co/EOaesLok #cluster

  • @mlcluster
    2012.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    El proyecto Intercluster para la cooperacion entre distintos sectores re\u00FAne a mas de 200 personas de 137 empresas. http://t.co/WyPxFin0

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan