Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Erakundeek argi berdea eman diote Gizarte-Zerbitzuen zorroa izapidetzeari

2012.eko otsailak 15

 

  • Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak zorroari buruzko dekretua izapidetzen hastea onartu du gaur
  • Lan-talde bat sortuko da Organoaren barruan, erakundeek zorroa garatzeko eduki behar dituzten diru-baliabideak eta horrek administrazio bakoitzean izango duen eragina zehazteko

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak argi berdea eman nahi dio gaur gizarte-zerbitzuen zorroa arautuko duen dekretua izapidetzeari. Herritarrek jasotzeko eskubidea duten laguntza-mota jasoko du zorroak, eta horren ezaugarriak zehaztuko ditu.

Elkarrizketa- eta negoziazio-prozesu luze baten ondoren (bi urte baino gehiago lanean), Organoa osatzen duten erakundeek akordio bat erdietsi dute zorroari buruzko oinarrizko testuaren gainean. Zorroak gizarte-zerbitzuak eskuratzeko prozedura eta jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuetako bakoitzaren edukia zehazten ditu. Horien artean daude, besteak beste, laguntza-zerbitzuak, eguneko zentroak, adinekoen egoitzak eta gizarte- eta hezkuntza-eskuartzeko zerbitzuak.

Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa osatzen dute Eusko Jaurlaritzak (Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Ekonomia Saila eta Koordinazio-arloa), hiru foru aldundiek eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak osatzen dute. 2010. urtean eratu zen, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea garatzen duen gobernu‑organo gorena da. Haren lana gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren kudeaketaren eta arretaren kalitateari eta kohesioari buruzko estrategia nagusiak ezartzea da. Horrela, organo horrek bermatzen du Euskadi osoan gizarte-prestazio eta -zerbitzuak modu koherente eta harmonikoan garatzen direla. Organoak hamabi kide ditu; sei Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango dira, eta beste seiak aldundien eta udalen ordezkariak. Presidentea Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko sailburua da.

Zorroari buruzko administrazio-izapidetzeari ekiteaz gainera, bere barruan lan-talde baten eraketa sustatzea adostu du Organoak, zorroaren finantza-nahikotasuna zehazteko; hau da, erakunde bakoitzak esleitzen zaizkion eskumenak garatzeko eduki beharko dituen diru-baliabideak zein izango diren. Urrats hori nahitaezkoa da, eta berebiziko garrantzia dauka; izan ere, gizarte-zerbitzuen unibertsalizazioak gastu handiagoa eragingo die erakunde guztiei.

Horrez gain, egindako bileran gizarte-zerbitzuen mapa garatzeko irizpideak adostu ziren. Mapa hori izango da zerbitzu bakoitzak eduki behar duen estaldura zehaztuko duen plangintza-dokumentua. Adibidez, zenbat leku behar diren adinekoen egoitzetan 1.000, 10.000 edo 100.000 biztanleko.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak bere poza adierazi du zorroari buruzko dekretua izapidetzen hasteko akordioagatik, eta, azpimarratu duenez, "Gizarte Zerbitzuen Legea garatzea ukaezinezko helburua da. Izan ere, herritarren ongizatea hobetzen lagunduko duen politika bat aplikatuko da".

"Gaur", gaineratu du Zabaletak, "gizarte-zerbitzuen zorroan eta Jaurlaritzak, udalek eta aldundiek osatutako lan-taldean adostu dugunez, uda baino lehen zehaztuko da zein aurrekontu eta zein diru-baliabide eduko dituzten erakundeek gizarte-zerbitzu eta -prestazioetarako".

Eztabaida hori, azpimarratu du sailburuak, "ezin da gelditu egoera ekonomikoaren ondorioz. Egoera horretara egokitu egin behar da. Baina guztiz nahitaezkoa da gizarte-zerbitzuak, ongizate-politika eta diru‑sarrerak berriro orekatzea. Eta eztabaida horri ausardiaz heldu behar diogu, eta irismen handiko akordio politikoen bidez. Horixe nahi dugu Gizarte Zerbitzuen Organoan gauden erakunde guztiok".

2010eko ekainean izandako eratze-bileran, jada, Organoak erakundeen arteko gogoeta-prozesu bat eskatu zuen, gizarte-zerbitzuen egungo eta etorkizuneko finantzazioa bermatzeko, administrazio publikoen finantza- eta aurrekontu‑politikaren barruan.

Iruzkin bat
  • @muricor
    2012.eko otsailak 15

    Comentario de Twitter:
    Las instituciones dan luz verde a la tramitacion de la cartera de Servicios Sociales http://t.co/EyqOwVJX a expensas de la financiación

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)