Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

2024-02-08

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, Hezkuntza Sailak 2024-2025 ikasturterako onarpen-prozesua (aurrematrikula) ireki eta biharamunean.

Bildarratzek prozesu honek aurten dituen berritasun nagusiak errepasatu ditu. Alde batetik, ikastetxe bateko sarbide-mailarako eskaerek plaza lortuko dutela, baldin eta eskatzaileak dagoeneko ikastetxe horretan matrikulatutako neba-arrebaren bat badu. Eta, bestetik, baremoak 6,5 puntu ematen dizkiela neba-arreba bikiei, ikastetxe baten sarbide-mailarako eskaeretan.

Gai horren inguruan, sailburuak gogorarazi du joan den ikasturtean hasi zela Hezkuntza Saila eskolatze orekatuagoa helburu duten neurriak ezartzen; izan ere, "funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek erantzukizun berberarekin heldu behar baitiote zaurgarritasunari gizarte orekatuak sortu nahi ditugulako", 2022ko apirileko Hezkuntza Hitzarmenean jaso zen bezala.

Aste honetan bertan, halaber, indarrean sartu da Hezkuntza Lege berria, joan den abenduan Legebiltzarraren osoko bilkuran onartu ondoren. Gai honi dagokionez, adierazi du arau berriak dagoeneko zenbait irizpide ezartzen dituela, datozen urteetan garatu beharrekoak. Eta aipatu du berak zuzentzen duen Saila hainbat Dekretu prestatzen ari dela, hala nola Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua sortzeko Dekretua, aniztasunari helduko dion Dekretua edo finantzaketarekin lotutakoak, besteak beste.

Bestetik, aste honetan ikastetxe batzuetako menuetan izan den arazoari buruz galdetuta, Bildarratzek positibotzat jo du eragindako ikastetxeek eta enpresak berak izan duten azkartasuna, eta argitu du kasu guztiak sukalde propioa duten eta menuak eskolan bertan prestatzen diren ikastetxeetan gertatu direla. Ildo horretan, adierazi du ez dela jantoki-ereduaren arazoa izan, baizik eta arazoa ikastetxe horiei menua egiteko iritsi zaien lehengaian zegoela (azalorean). Gaineratu duenez, gertakari hau ez da inoiz osasun-arazo izan ikasleentzat.

Eskola-jantokien gaiarekin segituz, datu batzuk ere eman ditu Bildarratzek, gaia testuinguruan kokatzeko. Euskadin, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen % 78k jantokia dute (Estatuan % 44k dute), eta orotara, ikastetxe publikoetako jantokietan 85.000 otordu inguru ematen dira egunero, 15 milioi inguru urtean. Kopuru hori (85.000 menu egunean), azaldu duenez, 50 urtez lau kideko familia batek prestatzen duen otordu kopuruaren parekoa da.

Azkenik, ikastetxeetan telefono mugikorrak erabiltzeari dagokionez, gogorarazi du urtea amaitu arteko epea dutela ikastetxeek gai hau arautzeko, bakoitzak bere autonomiaren arabera, eta hezkuntza-komunitatearekin eta guraso-elkarteekin batera. Gailu horiek erabili ahal izango irizpidea pedagogikoa izan beharko da. Sailburuaren hitzetan, gai horren inguruan ere hezi egin behar da, eta gogorarazi du arazoa ez dagoela hainbeste ikastetxeetan, ikastetxeetatik kanpo baizik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)