Hauteskundeak 2024
qrcode

Azpiazuk euskadi Bonu Jasangarria Aurkezteko erronda itxi du, inbertsio-gose handia antzemanda

2024-02-06

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak inbertitzaileekin azken bilerak egin ditu gaur Parisen, aurten 600 M € aurreikusten dituen Euskadi Bonu Jasangarriaren zortzigarren jaulkipena aurkezteko. Horrela, atzo Londresen hasitako bilera-erronda itxi da, jaulkipen berri honen harrera neurtzeko balio izan duena. Jaulkipen honen bidez, 2018tik zor jasangarrian jaulkitako zenbatekoa 5.000 M €-ra iritsiko da.

 

 “Hainbat erakunderekin egindako bilera hauetan, gose handia antzeman dugu datozen egunotan jaulkiko dugun Euskadi Bonu Jasangarrian inbertitzeko. Profesional horiek euskal ekonomiari, sendotasunari eta gure finantza-muskuluaren indarrari buruz duten balorazio bikaina bertatik bertara ezagutzen lagundu digute topaketa hauek”, Azpiazuk baloratu duenez.

 

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaur Allianz taldearekin eta Neuberger Berman-ekin egindako bilera hauetan nabarmendu duenez, 2023a ixtean, Eusko Jaurlaritzak 10.270.731 €-ko zorra zuen maileguen eta bonuen artean. Zor hori EAEko BPGd-aren % 12,8koa zen, autonomia-erkidegoen artean baxuena eta Espainiako batez bestekoa baino ia 10 puntu txikiagoa. Jaulkipen berri honen abagunea eta egokitasuna islatzen duen egoeraren argazkia da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez, zorra finantzatzeko tresnarik onena da.

 

Kalifikazio-agentzia nagusiek emandako rating bikaina da jaulkipen berri honi arrakastatsu izateko aukera oinarridunaz heltzea ahalbidetzen duen euskarria. Izan ere, iazko jaulkipenak (700 M €) zazpi aldiz eskari handiagoa izan zuen.

Jaulkipen hauek jasangarritasun-zigilua izateak, gainera, “erraztu egiten du jasangarritasunean soilik inbertitzen duten inbertitzaileek gure bonuetan arreta jartzea. Horrela, Euskadik ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetan dituen erronkei aurre egiteko finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatzeko estrategiarekin jarraitzen dugu”, nabarmendu du Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, eta onartu du “jasangarria” etiketak arrakasta ziurtatzen ez badizu ere, “interesa handitzen duela eta, gainera, merkatu konplexuetan egikaritzen laguntzen duela”.

 

Ildo horretatik, Azpiazuk gaur Parisen azpimarratu du, atzo Londresen bezala, beharrezkoa dela finantzaketa-esparru jasangarri bat izatea, “gure kasuan Jaurlaritzaren 2030 Agendarekin bat datorrena”. Izan ere, finantzatu beharreko programak Jasangarritasun Bonuen Batzordeak hautatzen ditu, “eta kontuan hartzen da GJHekin duten lerrokatze-maila”, zehaztu duenez.

 

Azpiazu sailburuak gaur Parisen izandako harremanetan lagun izan ditu Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendaria eta Yurdana Burgoa Kabinete eta Koordinazioko burua.

 

Halaber, roadshow honen barruan, Euskadiko Bonu Jasangarriaren zortzigarren jaulkipenari begira, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde Hernando Lacallek eta Ekonomia eta Plangintzako zuzendari Alberto Ansuategik Euskadiko Bonu Jasangarria aurkeztu diete gaur Frankfurten Hauck Aufhaeuser Lampe erakundeari (banku pribatu bat da) eta Deka inbertsio-funtsari.

 

Azkenik, Azpiazu sailburuak eta bere taldeak Eusko Jaurlaritzak Parisen duen Ordezkaritza bisitatu dute, eta Arantza López de Muniainekin topaketa atsegina izan dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko