qrcode

Nerea Melgosak adierazi duenez, Martxoak 3 Fundazioa eratu ondoren, “orain adosteko garaia da Gasteiz hiriarekin dugun zorra kitatzeko”

2024-02-06
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua legegintzaldia amaitu aurretik “emandako hitza betetzearen alde” agertu da
  • Era berean, betiON bezalako zerbitzuak nabarmendu ditu, adinekoei beren etxeetan denbora gehiago egoteko aukera ematen baitie

Vitoria-Gasteiz, 2024/02/06

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur azpimarratu duenez, otsailaren 15ean eratuko da Martxoak 3 Fundazioa, “prozesu luze eta konstruktibo baten ondoren”. Sailburuak gaineratu duenez, otsailaren 15ean notario aurreko eskritura publikoa eratu ondoren, hurrengo urratsa izango da Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren mendeko Fundazioen Erregistro Publikoko Protektoratuaren aurrean inskribatzea. “Hemendik aurrera asko hitz egitea dagokigu, asko adostea, Gasteiz hiriarekin dugun zor hori kitatzeko”.

Gaur goizean Radio Vitorian egindako elkarrizketan, Melgosa hunkitu egin da bere burua “gasteiztar, arabar eta ordezkari sindikal baten alaba gisa, langile klaseko alaba gisa” identifikatzean. Ildo horretatik, “fundazio honen buru izateak eta 1976ko martxoaren 3an gure hirian izandako gertakarien memoriaren alde lan egiteak” eragiten dion “harrotasuna” aipatu du, eta albistea bere aitarekin, garai hartako langileen grebetan parte hartu zuenetako batekin, partekatzean sentitu zuen zirrara kontatu du.

Aratz Goikoetxeak Radio Vitoria Gaur irratsaioan egin dion elkarrizketan, Melgosak esan du otsailaren 15 horretan beste hitzordu handi bat duela bere agendan, aurreikusita baitago Eusko Legebiltzarrak bere ardurapeko bi lege onartuko dituela: Haur eta Nerabeen Legea eta Lankidetza eta Elkartasunaren Legea. Horrez gain, genero-identitateagatik ez diskriminatzeko eta transexualen eskubideak aitortzeko Legea aldatuko da. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren amaiera honetan lanean jarraitzen du, “emandako hitza bete egin behar delako”.

Gainera, Melgosak aipatu du berak zuzentzen duen saila oso zabala dela, eta esan du arlo guztiak identifikatzen dituena dela “aplikatzen dugun giza eskubideen ikuspegia”.

Euskadiko migrazio-prozesuen feminizazioei buruz ere galdetu diote sailburuari. Izan ere, 2023an berriki izandako Aholku Sarearen jardueraren aurkezpenean adierazi zen kontsulten % 59 emakumeek egin zituztela, eta, kasu askotan, Melgosaren arabera, emakume horiek “zaintzaren arloan lan egitera” datozela. “Migratzen duten pertsonak ez datoz oporretara, etorkizun hobe baten bila daudelako etortzen dira, pobrezia-egoera batetik ihes egiteagatik eta, kasu batzuetan, heriotza-arrisku batetik ihes egiteagatik. Hori kontuan hartu behar dugu”, argudiatu du.

Zainketei dagokienez, Melgosa sailburuak zainketen aldeko itun sozial bat onartzeko beharra azaldu du, eta nabarmendu egin ditu arlo horretan elkarrizketa zibilerako eta elkarrizketa sozialerako mahaiekin eta Emakundeko aholku-kontseiluarekin dagoeneko egiten ari diren lanak. Halaber, adierazi du “Urrezko 5 Arauak izenekoak” lantzen jarraitu behar dela: “aitortzea, saritzea, murriztea, birbanatzea eta ordezkatzea”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari galdetu zaio, halaber, adinekoei zuzendutako bi proiekturen inguruan, hots: Nagusi Agenda eta betiON. Lehenengoa kogobernantza-prozesu bat da, non adinekoek eragiten dieten gaiei buruzko ikuspegia ematen duten. Ildo horretatik, Melgosak adierazi duenez, adineko pertsonak kezkatzen dituzten alderdiak dira, besteak beste, “bizi-kalitatea, zainketa edo edadismoa —adinekoak izateagatik jasaten duten diskriminazioa—“.

BetiON Euskadiko telelaguntza aurreratuko zerbitzuari dagokionez (70.000 erabiltzaile ditu dagoeneko), Melgosak nabarmendu duenez, erabiltzaileak dira zerbitzu horrek ematen dien “segurtasunari balioa ematen diotenak”, eta, horregatik, gai horren inguruko zalantzak dituztenei dei egin die “betiON-en familia handiarekin bat egin dezaten”. Zerbitzu horrek, besteak beste, aukera ematen die adinekoei beren etxeetan denbora gehiago egoteko.

Azkenik, Melgosa galdetu zaio, baita ere, Gasteizen genero-indarkeriako epaitegiak indartzeko beharraren inguruan. Horri dagokionez, sailburuak adierazi du epaitegi berriak sortzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esku dagoela soilik eta esklusiboki, eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola langileak plantillan sartzea. Ildo horretatik, adierazi du 2016an eta 2020an Urkulluren gobernuak langileen kopurua zabaldu zuela, eta eskatzen bazaie berriro egingo dutela.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-06

    Comentario de Twitter:
    🗣️ La consejera Nerea Melgosa: "Tras la constitución de la Fundación 3 de Marzo ahora toca consensuar para saldar esa deuda que tenemos con la ciudad de Vitoria-Gasteiz”

    🎙️ En Radio Vitoria Gaur con Aratz Goikoetxea

    👉 https://t.co/OSVTDmgtub

  • Argazkia SN Robot
    @BerdintasunEJGV
    2024-02-06

    Comentario de Twitter:
    🗣️ #NereaMelgosa sailburuak: Martxoak 3 Fundazioa eratu ondoren, orain adosteko garaia da Gasteiz hiriarekin dugun zorra kitatzeko
    🎙️Aratz Goikoetxea-rekin #RadioVitoriaGaur-en
    👉https://t.co/C0iWXPefIX

    #GOGORA #Memoria #Gasteiz #Martxoak3 #3deMarzo https://t.co/Y9p4sfq1Vl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak