Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Minbizia bahetzeko Osakidetzaren programei esker, 17.500 tumore detektatu dira, gehienak fase goiztiarrean eta pronostiko onarekin

2024-02-02

MINBIZIAREN AURKAKO MUNDU EGUNA – OTSAILAREN 4a

  • Osasun Sailak programa horiek etengabe hobetzeko konpromisoa berretsi du, eta Osakidetzan prostatako minbiziaren baheketaren ezarpena baloratzeko lehen proiektu pilotua abian jarriko du, Europak finantzatuta
  • Gaur egun, Osakidetzak minbiziaren inguruko 507 ikerketa-proiektutan parte hartzen du, zehazki minbiziaren prebentzioari, diagnostikoari, diziplina anitzeko arretari eta tratamendu pertsonalizatuei buruzko proiektutan, eraginkortasuna handitu eta albo-ondorioak murriztu daitezen

Euskadin minbizia goiz detektatzeko programak abian jarri direnetik (1995ean, bularreko minbiziaren baheketa; 2009an, kolon-ondestekoa; eta 2018an, zerbixekoa) 17.582 tumore detektatu dira, gehienak fase goiztiarrean. Hortaz, tratamendu ez hain oldarkorrak aplika daitezke eta biziraupen-indize handiagoa lortu.

Igande honetan, otsailaren 4an, Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakitera eman ditu Osakidetzak garatzen dituen minbizia bahetzeko hiru programen datuak: bularrekoa, kolon-ondestekoa eta zerbixekoa. Programa horiek Euskadiko Onkologia Planaren funtsezko tresna dira. Plan horren helburua da minbizia prebenitzea, pazienteentzako arretaren kalitatea hobetzea eta gaixotasun horren biziraupena areagotzea.

1995ean hasitako bularreko minbiziaren baheketa-programaren barruan 2,5 milioi miaketa baino gehiago egin dira jada, eta 12.663 tumore diagnostikatu. Horietatik % 84tan posible izan da tratamendu kontserbatzailea egitea. 2023an, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen artean —baita 40 eta 49 urte bitarteko emakumeen artean ere, baldin eta lehen mailako senideren batek bularreko minbizia izan badu— 709 minbizi detektatu dira, gehienak oso fase goiztiarretan eta pronostiko onarekin.

Bularreko lesio susmagarriak diagnostikatzeko gaitasuna areagotzeko helburuaren ildotik, Osasun Sailak eta Osakidetzak guztiz berritu dute azken belaunaldiko mamografoekin osasun-zentroetako flota.

Bestalde, 2009an abian jarri zen kolon-ondesteko minbiziaren baheketaren bidez, 4.519 tumore gaizto detektatu ahal izan dira, % 71 fase goiztiarrean, eta horrek, bost urtera, programan parte hartzen duten pertsonen % 95en biziraupena ekarri du. 50 eta 69 urte bitarteko biztanle guztiei zuzendutako programa horren barruan, urtero batez beste 300.000 pertsona gonbidatzen dira proba egitera, eta % 72ko parte-hartzea izaten da. Horri esker, gaizto izan aurreko 39.929 lesio detektatu eta erauzi dira. 2023an, 270 minbizi inbaditzaile detektatu dira, baita gaizto izan aurreko 3.500 lesio ere.

Zerbixeko minbizia bahetzeko programa 2018an jarri zen abian eta 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. 2021. urtera arte, umetoki-lepoko minbiziko 400 kasu inguru identifikatu ditu. Programa abian jarri zenetik 550.000 emakumeri baino gehiagori deitu zaie programan parte hartzeko, eta, 2023an soilik, 97.504 lagin aztertu ziren Donostiako Unibertsitate Ospitaleko baheketa-unitatean. Ikus daiteke baheketa-programak oso inpaktu handia izan duela biziraupenean, % 97.

ETENGABEKO HOBEKUNTZA: BAHEKETA BERRIAK ETA XEDE-BIZTANLERIA

Osasun Sailak minbiziaren baheketa-programen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoaren barruan, eta Europako Batzordearen gomendioen ildo beretik, Osakidetzak prostatako minbiziaren baheketaren ezarpena baloratzeko lehen proiektu pilotua jarriko du abian.

Ekimen hori sartzen da Joint Action CanScreen Europako proiektuaren barruan. Proiektu horrek bahetze-proba eta -protokolo gehiago sartzen lagunduko du edo baheketa-programak beste hartzaile eta minbizi mota batzuetara zabaltzen.

Prostatako minbiziaren baheketa-proiektu pilotuaz gain, beste gai hauetan ere lan egingo da: zerbix-baheketa txertoa hartu duten kohorte berrietara egokitzea; baheketa aktiboak baloratzea (bularra, kolona, zerbixa); baheketa berrien bideragarritasuna aztertzea (birika); arriskuan oinarritutako etorkizuneko baheketak aztertzea; edo baheketen emaitzak ebaluatzeko simulazio-ereduak erabiltzea.

MINBIZIA IKERTZEA 

Euskal Osasun Sistema Publikoak teknologia berrien eta abangoardiako tratamenduen aldeko apustu irmoa egiten du, minbiziaren prebentzioan, diagnostiko goiztiarrean eta tratamenduan aurrera egiteko tresna gisa, baita pazienteari arreta integrala emateko tresna gisa ere.

Gaur egun, Osakidetzak, Osasun Ikerketako Institutuen bidez, minbizia ikertzeko 507 ikerketa-proiektu traslazionaletan parte hartzen du (horietatik 151 saiakuntza klinikoak dira), hau da, proiektu aktibo guztien % 20 inguru. Horretarako, 11 milioi euro inguruko kanpo-finantzaketa du.

Prebentzioan, diagnostikoan, diziplina anitzeko arretan eta tratamendu pertsonalizatuetan hobekuntzak bilatzea dute oinarri proiektuek, eraginkortasuna areagotu dadin, bigarren mailako ondorioak murriztu daitezen eta, azken batean, pazienteen osasuna eta bizi-kalitatea hobetu dadin.

Bularreko minbizia, hematologikoa, biriketakoa, azalekoa, prostatakoa, digestio-aparatukoa, arnas-sistemakoa, gernu-sistemakoa, nerbio-sistema zentralekoa eta buruko eta lepokoa dira gehien ikertzen diren minbiziak, horien intzidentziagatik batik bat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)