Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Eusko Jaurlaritzak bat egin du "Zahartze aktiboaren eta belaunaldi arteko elkartasunaren Europako urtearen" aldarrikapenarekin (2012-02-14(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko otsailak 14

Erabakia, Eusko Jaurlaritza Europar Batasuneko Legebiltzarraren eta Kontseiluaren adierazpen batekin bat datorrela adierazteko dena. Adierazpen horrek 2012. urtea "Zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren Europako Urtea” izendatzen du

2012. urtea "Zahartze aktiboaren eta belaunaldi arteko elkartasunaren urtea" izateko Europar Batasunak egindako aldarrikapenari atxikitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Aldarrikapen horrek berekin dakar ongizatearen Europako gizartea eraikitzeko eta mantentzeko adinekoek gizartearen eta ekonomiaren alorrean duten garrantzia onartzea. Ildo horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila zahartze aktiboari lotutako hainbat proiektu bultzatzen ari da aspalditxotik, ikuspegi berri bat adinekoei bideratutako politiken plangintzan, non kolektibo horren autonomiaren sustapena, kolektibo horrek dituen lehentasunekiko errespetua eta konpromiso soziala biltzen diren. Politika horien artean Berrikuntza soziosanitarioko zentro bat sortzea dago, baita arreta etxean emateko Etxean Ondo esperientzia pilotua eta BetiON telelaguntza aurreratuko zerbitzua ere.

Sail honen beste ekimen berritzaile bat kohesio soziala, erantzunkidetasuna eta belaunaldi arteko elkartasuna sustatzera bideratuta dago. "Adinekoen ongizatean eta tratu onean aurrera egiteko ehun proposamen" deituriko dokumentuan proposatzen da gizarte- eta osasun-zerbitzuek ez ezik, hezkuntzak, garraioak, hirigintzak, kulturak, turismoak edo merkataritzak ere bideratu behar dituztela beren zerbitzuak pertsona guztien premietara, pertsona horien adina eta gaitasun funtzionala kontuan izan gabe.

Ideia horiek dira Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatzen duen "inguru egokiak" ekimena gorpuzten dutenak. Plan horrek hiriei laguntzen die handitzen ari den urbanizazioaren eta biztanleriaren zahartze azkarrerako prestatzen; horretarako, adinekoen ikuspegia txertatzen du hirigintza-plangintzan, ingurunean, etxebizitzen eraikuntzan, hiriko espazioetako irisgarritasunean eta mugikortasunean, beste ezaugarri batzuen artean.

Euskadiko hainbat hirik (Donostia eta Bilbo, esaterako) bat egin dute dagoeneko ekimen horrekin, hau da, hiriak egokitzea helburutzat duen ekimenarekin, hiriek beren biztanle guztiei bizi-kalitatearen eta segurtasunaren mailak eskaintzeko.

Joan den astean Bilbon jardunaldi bat egin zen "ingurune egokiak" deituriko proiektu horren gainean, eta 200 aditu baino gehiago bildu ziren. Jardunaldi horretan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak berretsi egin zuen zahartze aktiboa sustatzeko eta "atseginak diren hiriak" deituriko ideia Euskadiko lurralde guztietara hedatzeko hartutako konpromisoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan