
Arriola sailburuak eta Etxebizitzako ministroak Zumarragako alokairuko 108 etxebizitza publikoen obrak —Next funtsekin finantzatuak— bisitatu dituzte
- Isabel Rodríguezek bertatik bertara ezagutu ditu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak abian dituen politikak; halaber, Visesak zuzenean sustatzen dituen etxebizitza berrien xehetasunak ezagutu ditu
- Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila 14 sustapen eraikitzen ari da, 1.140 etxebizitza guztira, eta horiek finantzatzeko funts autonomikoak eta Europako laguntzak erabili dira (48,4 milioi euro).
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro berri Isabel Rodríguezekin eta Zumarragako alkate Mikel Serranorekin batera, Visesa sozietate publikoa —Eusko Jaurlaritzaren mendekoa— Gipuzkoako udalerri horretan bultzatzen ari den sustapena bisitatu du ostiral honetan. Sustapen hori aurrera eramateko, funts autonomikoak eta Next Generation EU funtsak erabiltzen ari dira, Gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez.
Sustapenak, guztira, alokairuko 108 etxebizitza publiko barne hartzen ditu, 15 milioi euroko inbertsioarekin; horietatik 4,6 milioi euro eraikin jasangarrietan errentamendu-erregimeneko etxebizitza babestuak eraikitzeko Next Generation EU Funtsen programatik datoz. Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxasorekin batera, erakundeetako arduradunek etxebizitzen eraikuntzan egindako aurrerapenak egiaztatu dituzte. Etxebizitza horiek hiru eraikinetan banatuta daude —bakoitzean 36 etxebizitza—.Etxebizitza horietako 95ek bi logela dituzte eta gainerakoek hiru; halaber, guztiek egongela, sukaldea, bainugela eta kanpoko espazioa dituzte, baita garajeak ere lurpean. Etxebizitza horietako bostek mugikortasun urriko pertsonak bertan bizi ahal izateko baldintzak betetzen dituzte. Eraikina energia-kalifikazio altuena lortzeko moduan eraikitzen ari dira, aluminiozko fatxada aireztatua izango du eta estalkian eguzki-plakak jarriko dira.
Bestalde, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak nabarmendu duenez, etxebizitza horiek "etxebizitza-premia larria duten eta alokairu librearen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei erantzun egokia emango dieten etxe bihurtuko dira; eta hori ez da arazo marjinala, baizik eta biztanleriaren zati handi bati eragiten dioen arazoa, eta horietako asko gazteak dira; zorionez, etxebizitzaren eta alokairuen garestitzearen arazoa gai nagusi bihurtu da eztabaida publikoan, arazoari arreta jartzen zaionean bakarrik landu daitezkeelako soluzioak". Arriolak gogoratu du bere Sailak alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzea ere bultzatzen duela garai batean Faustino Orbegozoko geriatrikoak hartu zuen eremuan, eta etorkizunean, bertan, adinekoentzako eta emantzipatu nahi duten gazteentzako 24 apartamentu prestatuko direla.
Zumarragako alkate Mikel Serranok berretsi du Etxebideren azken datuen arabera 309 pertsona daudela zerrendetan, horietatik 211 udalerri honetan erroldatutakoak. 258k eskatu dute alokairuaren eredua. Eredu horretan daudenen artean, 99 gazteak dira, 36 urtetik beherakoak, eta 124 kupo orokorrean daude, alokairuko nahiz erosketako etxebizitzak eskatzen dituztenak.
Diru-sarrera haztatuei dagokionez, alkateak nabarmendu du Etxebiden izena emanda duten pertsona gehienek3.000 eta 25.000 euro arteko errenta dutela, 198 eskatzaile guztira, eta 25.000 eta 39.000 euro arteko errenta dutenen artean 38 pertsona daude.
Alkateak azaldu du inskribatutako pertsonen artean 156k bakarrik bizi dira, 59k bi kideko bizikidetza-unitateetan bizi dira, 63k hiru edo lau kidekoetan eta 31k 5 pertsonako unitateetan.
Zumarraga bisitatu aurretik, ministroak Europako funtsen bidez finantzatutako Visesaren beste bi sustapen —152 etxebizitza amaituta eta 166 eraikitzen, hurrenez hurren— bisitatu ditu Vitoria-Gasteizko Salburua auzoan.
Gaur Vitoria-Gasteizen eta Zumarragan bisitatu diren Visesaren sustapenek osatzen dituzten 426 etxebizitzak Eusko Jaurlaritza gaur egun, Next Generation EU funtsen esparruan, eraikitzen ari den 14 esku-hartzeen barruan daude, Europaren 48,4 milioi euroko finantzazioarekin; halaber, 2024an 20 milioi euroko bigarren hitzarmen bat ixteko lanean ari dira, Visesak 385 etxebizitza gehiago eta Bilboko Udalak 80 etxebizitza gehiago eraiki dezaten laguntzeko.