
Euskal Autonomia Erkidegoak Next Generation EU funtsekin eraikitako lehen etxebizitzak —alokairurako 152 BOE— amaitu ditu Vitoria-Gasteizen
- Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodríguezek bertatik bertara ezagutu ditu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak abian dituen politikak; halaber, Visesak zuzenean sustatutako etxebizitza berriak bisitatu ditu
- Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila 14 sustapen eraikitzen ari da gaur egun, 1.140 etxebizitza guztira, eta horiek finantzatzeko funts autonomikoak eta Europako laguntzak erabili dira (48,4 milioi euro).
Eusko Jaurlaritzak amaitu ditu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Visesa sozietate publikoak eraikitako alokairu-erregimeneko babes publikoko lehen 152 etxebizitzak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Next Generation EU Funtsek finantzatuta, energia-arloan jasangarriak diren eraikinetan errentamendu-erregimeneko etxebizitza babestuak eraikitzeko. Etxebizitza eta Hiri Agendako ministro Isabel Rodriguez Euskal Autonomia Erkidegoan izan da ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola, Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasorekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan abian dauden etxebizitza-politikak bertatik bertara ezagutzeko eta etxebizitza-parke publikoa handitzeko jarduketak zuzenean ikusteko.
Bisitan, Gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan eraikitako 152 etxebizitzen egoera egiaztatu ahal izan da. Zazpi eta zortzi altuerako hiru eraikinetan banatuta daude, hiriko Salburua auzoan, eta guztiak amaituta daude zenbait erremateren faltan. Bi logelako 120 etxebizitza eta hiru logelako 32 etxebizitza dira; guztiek sukaldea, egongela eta bainugela dute, baita kanpoko espazio bat ere, eta bakoitzak bere garajea du lurpeko bi solairuetan. Etxebizitza horietako zazpi mugikortasun urriko pertsonen beharretara egokituta daude. Eraikinak energia-kalifikazio altuena du, eta estalkian eguzki-plakak daude instalatuta. Inbertsioa, guztira, 19,8 milioi eurokoa da, eta horietatik 6,8 milioi euro Europako funtsetatik datoz.
Etxadi berean, Eusko Jaurlaritza beste 166 etxebizitza eraikitzen ari da, aldameneko zazpi eta zortzi pisuko hiru bloketan. Hauek ere Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europaren finantzaketari esker ari dira eraikitzen. Etxebizitzek logela bat, bi edo hiru dituzte, bainugela, sukaldea, egongela eta kanpoko espazioa, baita garajea ere lurpeko bi solairuetan. Etxebizitza horietako zazpi mugikortasun urriko pertsonentzat prestatuta egongo dira. Aurreikuspenen arabera, 22,3 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta Next Funtsen laguntzak 6,7 milioi eurokoak izango dira.
Sustapen horiek Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Vitoria-Gasteizko Udalak adostutako hitzarmenean —hirian 960 etxebizitza publiko eraikitzea bultzatzeko— kokatutako aurreratuenak dira. Horrela, herritarren eskariari erantzutea da helburua; izan ere, herritar horiek alokairuko etxebizitzak prezio eskuragarrietan eskatzen dituzte, batez ere etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehiago dituzten kolektiboen kasuan, hala nola gazteen kasuan.
Duela gutxi amaitutako etxebizitzak behin betiko esleipen-prozesuan daude; eraikitzen ari direnen kasuan, berriz, gaur zabalduko da izena emateko epea, otsailaren 22ra arte —prozesu horrek hilabete batzuk iraungo du, eta eraikuntzarekin batera egingo da—.Etxebizitza bat eskuratu ahal izateko, pertsonek Etxebiden izena emanda egon behar dute eta ezarritako baldintzak bete behar dituzte; besteak beste, hirian erroldatuta egon behar dute eta urtean 9.000 eta 43.753,71 euro arteko diru-sarrerak izan behar dituzte azken ekitaldi fiskalean. Sustapenek lehentasunezko kolektiboentzako kupo batzuk dituzte; besteak beste, 36 urtetik beherakoentzat —etxebizitzen % 40 erreserbatuta dute—, edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta dutenentzat.
Bestalde, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak nabarmendu duenez, gaur bisitatu dituzten etxeak "etxebizitza-premia larria duten eta alokairu librearen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei erantzun egokia emango dieten etxe bihurtuko dira; eta hori ez da arazo marjinala, baizik eta biztanleriaren zati handi bati eragiten dioen arazoa, eta horietako asko gazteak dira; zorionez, etxebizitzaren eta alokairuen garestitzearen arazoa gai nagusi bihurtu da eztabaida publikoan, arazoari arreta jartzen zaionean bakarrik landu daitezkeelako soluzioak".
Vitoria-Gasteizko alkate Maider Etxebarriak adierazi du “amaituta dauden 152 etxebizitzak eta datozen hilabeteetan amaituko diren 166 etxebizitzak etxe babestuarekiko konpromiso publikoaren emaitza baino askoz gehiago dira, 300 konponbide positibo baio gehiago dira gure bizilagunen arazoentzat, kalitatezko etxebizitzak eskatzen baitizkigute arrazoizko prezioetan beren bizi-proiektuei aurre egiteko”.
Vitoria-Gasteizko sustapena bisitatu ondoren, ministroa Zumarragara joan da, eta bertan Visesaren alokairuko 108 etxebizitza publikoren beste sustapen baten aurrerapenak ikusi ahal izan ditu. Sustapen hori ere Next Generation EU funtsen bidez bultzatu da, 15 milioi euroko inbertsioa eginez, 4,6 milioi euro Europako finantzaketarekin. Sailburuarekin eta udalerriko alkate Mikel Serranorekin batera, etxebizitzen eraikuntzan —bi eraikinetan banatuta— egindako aurrerapenak ikusi ditu; etxebizitza horietako 95 bi logelakoak eta gainerakoak hiru logelakoak dira. Etxebizitza horietako bostek mugikortasun urriko pertsonak bertan bizi ahal izateko baldintzak betetzen dituzte.
Gaur Vitoria-Gasteizen eta Zumarragan bisitatu diren Visesaren sustapenek osatzen dituzten 426 etxebizitzak Eusko Jaurlaritza gaur egun, Next Generation EU funtsen esparruan, eraikitzen ari den 14 esku-hartzeen barruan daude, Europaren 48,4 milioi euroko finantzazioarekin; halaber, 2024an 20 milioi euroko bigarren hitzarmen bat ixteko lanean ari dira, Visesak 385 etxebizitza gehiago eta Bilboko Udalak 80 etxebizitza gehiago eraiki dezaten laguntzeko.
-
2024-02-02
Comentario de Twitter:
Euskadi finaliza las primeras viviendas construidas con Fondos Next Generation EU, 152 VPO en alquiler en Vitoria-Gasteiz - Irekia https://t.co/lQoGdWL40A