Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntza-proiektuetan zerga-kenkari lortzeko kalifikazio-txostenetarako SPRIren zerbitzu berria aurkeztu dute

2024-02-02
  • Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek. Horren helburua da aurrerapen teknologikoa duten berrikuntza-proiektuak bultzatzea eta enpresek Sozietateen gaineko Zergan dagokion kenkaria berme osoz aplika dezaten aldundiek eskaintzen duten zerbitzua osatuko du. Aldundiek zergadunen segurtasun juridikoarekin lotuta duten konpromisoa agerian uzten du neurriak.

Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek jendaurrean aurkeztu dute aurrerapen teknologikoa duten berrikuntza-proiektuetarako zerga-ondorioetarako kalifikazio-txostenen zerbitzu berria. Aipatutako zerbitzua SPRI Taldeak kudeatuko du, Aldundiek egun eskaintzen dutena osatuz. Horren helburua da Euskadiko industrian jarduera horiek bultzatzea, sustatzea eta indartzea, zerga-pizgarriekin eskaintzen diren dirulaguntzen bidez eskainitako babesaren osagarri.

Gaurko ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Estibaliz Hernáez; Ogasuneko sailburuordea, Itziar Agirre; Arabako Ogasuneko diputatua, Itziar Gonzalo de Zuazo; Bizkaikoa, Itxaso Berrojalbiz; eta Gipuzkoakoa, Jokin Perona. Aurkezpena jaso duen jardunaldia Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren egoitzan, Gasteizen, egin dute eta bertan izan dira Euskadiko patronaletako, klusterrak dinamizatzen dituzten erakundeetako, Garapen Agentzien Euskal Elkarteko, Innobasqueko, Euskaliteko, BEAZko eta BRTAko ordezkariak.

Aurkeztutako zerbitzuaren helburua da Euskadiko industrian berrikuntzaren jarduera sustatzea, enpresentzako segurtasun juridikoko esparrua ezartzeko lanean Foru Aldundiekin elkarlanean arituta. Izan ere, esparru hori ezinbestekoa da enpresa-proiektuak garatzeko, lehiakortasuna handitzeko eta jarduera ekonomikoa hobetzeko. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ekimena bultzatu du eta SPRIk kudeatuko du.

Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloak abian jarritako ekimenetako bat da zerbitzu berri hori, eta bere helburua da berrikuntzari bultzada berria ematea eta, horren bidez, dirulaguntzetako zuzeneko laguntza zerga-pizgarriekin osatzea proposatu da, I+G arloan eskuratutako esperientzia eta sailean landutako berrikuntza-proiektuen ebaluazioarekin eta karakterizazioarekin lotutako metodologia berria aprobetxatuz.

Doako zerbitzua urte osoan zehar

Doako zerbitzua eta izaera propioa duena da zerbitzu berria. Txosten tekniko horiek jasotzeko, enpresek urte osoan irekita dagoen aplikazio telematiko baten bidez aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektu-proposamenak. Aplikazio telematiko hori gaur egun I+G proiektuetarako kalifikazio-txosten teknikoak eskatzeko erabiltzen den aplikazio bera da. Jasotako proposamenak ebaluatu egingo dira eta, positiboak izanez gero, zerga-ondorioetarako dagokion kalifikazio-txosten teknikoa emango da, eta loteslea izango da Foru Aldundientzat. Dena den, zerga arloko araudiak xedatutakoaren arabera, Foru Aldundien zeregina da inbertsio eta gastuak behar bezala egin direla eta egindako jarduera horiek igorritako txostenean jasotakoekin bat datozela egiaztatzea. Horretarako, edozein unetan, egokitzat jotako justifikazioa jaso daiteke.

Mikroenpresei, ETE-ei, industria-enpresa handiei eta industriarekin lotutako zerbitzuei zuzenduta dago eta, aurretiko txostena denez, berrikuntza-estrategia planifikatzea ahalbidetuko die, eta zerga-kenkariak aplikatzeko segurtasun handiagoa emango die. Gainera, automatikoki igorriko zaie Hazitek eta/edo Fast Track Innobideak laguntza-programen bidez dirulaguntzaren bat eskatu eta jaso duten enpresei.

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @konfekoop
    2024-02-02

    Comentario de Twitter:
    Presentación del nuevo servicio de @GrupoSPRI de calificación de proyectos de innovación a efectos fiscales.

    ℹ️ https://t.co/jRnrfFBBfE https://t.co/GB8rpymj7l

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arabako Ogasun diputatua, Itziar Gonzalo de Zuazo. Bizkaiko Ogasuneko diputatua, Itxaso Berrojalbiz. Gipuzkoako Ogasuneko diputatua, Jokin Perona