
10 urte bete ditu errezeta elektronikoak Euskadin
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarri zuenetik, euskal farmaziek Osakidetzako profesionalek agindutako 362 milioi errezeta elektroniko baino gehiago eman dituzte
- 2023an, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek 40 milioi errezeta elektronikoren sendagaiak eman zituzten, batez beste egunean 111.143 errezeta. Guztira 1,7 milioi pertsonek erabili dituzte errezeta elektronikoak
- Errezeta elektronikoaren eredua guztiz finkatuta dago: emandako errezeten % 99,5 errezeta elektronikoak dira
Hamar urte bete dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak e-Rezeta errezeta elektronikoa abian jarri zuenetik. Sistema horri esker, hobetu ahal izan da euskal herritarrei eta Osakidetzako eta Euskal Autonomia Erkidegoko farmazietako profesionalei egiten zaien zerbitzua. Errezeta elektronikoa ezarri zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek Osakidetzako profesionalek agindutako 362 milioi errezeta elektronikori baino gehiagori erantzun diete.
2023. urtearen amaieran, 10 urte bete ziren Euskadin e-Rezeta ezarri zela. Zehazki, 2013ko abenduaren 13an ezarri zen Bizkaian. Aurrez, Gipuzkoan eta Gasteizen jarri zen abian, Arabako hiriburuan, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela, erabat ezarritzat jo zen Araban.
Errezeta elektronikoa da euskal herritarren baloraziorik onenetakoa jasotzen duen zerbitzuetako bat, aurrerapauso handia eman baitu osasunaren arloko profesionalei eta pazienteei eskaintzen zaien segurtasunean, erosotasunean eta bermeetan.
Errezeta elektronikoa ezartzeak, era berean, euskal osasun-sistemaren kudeaketa eta eraginkortasuna hobetzea ekarri du: tratamenduak berrikusi eta egokitzeko garaian, etxeko botikinak eta soberako botikak gutxitzeko garaian eta tratamenduari lotutako sendagaiak jasotzeko baliozko epeak ezartzeko garaian.
Errezeta elektronikoak onura handiak ekarri ditu, eta Osakidetza kokatu du abangoardia teknologikoaren buru.
40 MILIOI ERREZETA ELEKTRONIKO 2023an
Azken urte honetan, 2023an, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek 40 milioi errezeta elektronikoren sendagaiak eman dituzte, batez beste egunean 111.143 errezeta. Guztira 1,7 milioi pertsonek erabili dituzte, lurralde-banaketa honekin:
|
ERREZETA ELEKTRONIKOAK |
PAZIENTEAK |
ARABA |
5.857.853 |
259.501 |
GIPUZKOA |
12.081.150 |
536.176 |
BIZKAIA |
22.628.216 |
908.209 |
Errezeta elektronikoaren eredua urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan dago erabilgarri, eta guztiz finkatuta dago: emandako errezeten % 99,5 errezeta elektronikoak dira. Etxeko deien kasuan, paperezko errezetak mantentzen dira, baita, kasu batzuetan, etengabeko arretako gune batzuetan ere.
ADINEKO PERTSONENTZAKO EGOITZAK
Adin handiko pertsona horietako gehienak pertsona polimedikatuak dira, eta, beraz, sendagaien kontsumitzaile handiak —urtean milioi bat eta erdi baino gehiago—.2017an, errezeta elektronikoaren zerbitzuak bertako profesionalen eskura jartzeak jauzi kualitatiboa eragin zuen egoiliarren segurtasunaren eta farmazia-prestazioaren hobekuntzan.
Urrats hori aitzindaria izan zen estatuan, eta farmazia-prestazioaren arloko ekimen onenetako baten saria jaso zuen.
ELKARRERAGINGARRITASUNA
Gainera, errezeta elektronikoa elkarreragingarria da, eta sendagaiak beste autonomia-erkidego bateko edozein farmaziatan eta Europako zenbait herrialdetako farmazietan jasotzeko aukera ematen du.
2018ko urtarrilean euskal errezeta elektronikoa Estatuan elkarreragingarri bihurtu zenetik, Estatuko farmaziek Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteen 8.579.048 errezetari erantzun zieten. 2023an, guztira 1.808.873 errezetaren sendagaiak eman dira. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek beste autonomia-erkidego batzuetako pazienteen 1.095.230 errezetako sendagaiak eman dituzten (268.638 izan ziren 2023an).
Era berean, nabarmentzekoa da Europar Batasunean errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna hedatzeko garaian Euskadi betetzen ari den zeregin aipagarria. Proiektu pilotu baten barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna ezarri da Portugalen, Finlandian, Polonian, Kroazian, Estonian eta Txekian, eta herrialde horietako erabiltzaileek gauza bera egin dezakete Euskadin. 2025ean aurreikusi da Osakidetzaren errezeta elektronikoa Europar Batasuneko edozein herrialdetan erabili ahal izatea.
ALBAITARITZAKO ERREZETA ELEKTRONIKOA
Gainera, berriki, Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailaren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluarekin eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluarekin, eta beste urrats bat eman du albaitaritzako errezeta elektronikoa sustatu, ezarri eta erabiltzeko bidean.
Euskal Autonomia Erkidegoan Albaitaritzako Errezeta Elektronikoa ezartzeari esker, sendagaien trazabilitatearen eta zentzuzko erabileraren kontrol eraginkorra egin ahal izango da, segurtasuna areagotuko da eta animalien osasuna eta ongizatea hobetuko da.