Hauteskundeak 2024
Berriak Osasuna
qrcode

Ostiral honetatik aurrera maskara jartzea ez da derrigorrezkoa izango Euskadin

2024-01-31
  • Osasun Sailak maskara erabiltzeko gomendioari eusten dio, orain arte bezala; alabaina Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak aukera ematen dio bertan behera uzteko Ministerioak ezarritako derrigortasuna —Euskadik Estatuko tasarik txikienetakoa zuen arren bete behar izan duena—  

Datorren ostiraletik aurrera Euskadiko osasun-zentroetan ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.

Eusko Jaurlaritzak maskara erabiltzeko gomendioari eusten dio, baita behin eta berriro aipatu dituen gainerako prebentzio-neurriak hartzeko gomendioari ere, orain arte bezala; alabaina, urteko laugarren astean Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak Osasun Sailari aukera ematen dio bertan behera uzteko Osasun Ministerioak bere kabuz ezarritako derrigortasuna —Euskadik Estatuko tasarik txikienetakoa zuen arren bete behar izan duena—. Ostiralean EHAAn argitaratuko den Aginduaren bidez, momento horretan geratuko da bertan behera derrigortasun hori.

2024ko laugarren asteari dagokion Arnas Infekzio Akutua zaintzearen azken txostenak aditzera ematen du gripearen birusaren zirkulazioak eta COVID-19aren intzidentziak berriro behera egin dutela, baita Arnas Birus Sinzitalaren detekzioak eta bronkiolitisaren diagnostikoak ere.

Oro har, Arnas Infekzio Akutuaren tasa Lehen Mailako Arretako sarean 100.000 biztanleko 516,3 kasukoa izan da (aurreko astean 562,9 kasukoa izan zen). Adin-tarteen arabera, eta aurreko astearekin alderatuta, tasek behera egin dute 15 urtetik gorakoen kasuan, eta gora egin gainerako kasuetan. Izatez, 0 eta 4 urte arteko taldeak izan du tasarik handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu.   

Osakidetzako ospitale-sarean Arnas Infekzio Akutu larrien tasak behera egin du, aurreko asteko 100.000 biztanleko 21,1 kasutik azken aste honetako 100.000 biztanleko 15,9 kasura. Aurreko asteko tasen aldean izan den jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da, eta oraindik ere 64 urtetik gorako pertsonek dute tasarik handiena. Ospitaleratzeetan gripe kasu positiboen ehunekoak behera egin du berriro ere, % 25,9tik % 23,1era, eta COVID-19aren kasuek ere behera egin dute, % 11tik % 7,7ra. Gauza bera gertatzen da Arnas Birus Sinzitalarekin, aste honetan % 8,2koa da, eta joan den astean % 9,5ekoa izan zen.

Osasun Sailak, beste behin ere, euskal herritarrei gomendatzen die kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan prebentzio-neurri egokiak hartzen jarrai dezaten, gehienek egiten duten bezalaxe.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak