Javier Hurtado sailburuak turismoaren hazkunde orekatua eta profesionalek jasangarritasunarekin duten konpromisoa azpimarratu ditu
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur Ficoban (Irun) egindako “Turismoaren etorkizuna birdefinituz” kongresuari hasiera eman dio. Sailburuarekin batera hartu dute parte Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek, Turismoko Estatu idazkari Rosana Morillok, Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok eta Irungo alkate Cristina Labordak.
“Oso une garrantzitsua da euskal turismo-industriarentzat, eta zifra oso positiboak ditugu, turismo jasangarriarekin dugun konpromisoa indartzen dutenak” azaldu du sailburuak. 2023a Euskadiko turismorako urte historiko gisa finkatu da, ez bakarrik 4,5 milioi bisita baino gehiago izateagatik, baita hazkundearen kalitateagatik eta aniztasunagatik ere. Nabarmentzekoa da % 8,3ko igoera aurreko urtearekin alderatuta, % 12ko hazkundea izan baitu udako denboralditik kanpoko hilabeteetan. Ezinbestekoa da azpimarratzea nazioarteko turismoaren hazkundea, % 15,6koa, % 3ko hazkunde nazionalaren aldean. Garapen hori lurralde osoan zehar banatu da, hainbat eremutan turismo-fluxua bultzatuz.
“Hazkunde eutsi hori Eusko Jaurlaritzak eta erakundeek azken hamarkadan bultzatutako turismo jasangarriaren ereduaren aldeko apustuari zor zaio” adierazi du sailburuak. Era berean, eredu hori sustatzeko lanean jardun duen turismo-sektorearen ahalegina eta konpromisoa aitortu ditu. “Euskadi aitzindaria izan da Turismoaren Kode Etikoaren ezarpenean, Turismoaren Mundu Erakundearen babesarekin, eta dagoeneko 700 euskal enpresa baino gehiago atxiki zaizkio. Kode horrekin bat egiteak prestakuntza eta lana eskatzen ditu, eta gure enpresek eta profesionalek jasangarritasunarekin duten konpromisoaren isla da, hiru alderdietan: ingurumena, soziokulturala eta ekonomikoa”.
Azkenik, sailburuak nabarmendu du adimen turistikoa beharrezkoa dela sektoreko politikak eta ekintzak kudeatzeko. “Euskadin, Adimen Turistikoaren Sistema etengabeko bilakaeran dagoen tresna da, sektoreari eta administrazio publikoei balio diena turismoaren arloko erabakiak hartzeko”.