Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Osasuna
qrcode

Gobernu Kontseiluak Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa erregulatzen duen dekretua aldatu du, eskari-gehikuntzari erantzuteko eta epeak arintzeko (Gobernu Bilera 2024-1-30)

2024-01-30
  • Dekretu berriak aukera ematen du osasun-sare publikoko medikuak eta erizainak gaitzeko, hala nahi badute, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko arduradun gisa
  • Pazienteekin zuzeneko lotura duten bi kolektibo dira, eta ezagutza egokia dute, konfiantzatik abiatuta, osasun-zainketen plangintza aurreratuari buruz aholkatzeko 
  • Euskadin erregistratutako aurretiazko borondateen dokumentuen kopurua 50.000 ingurukoa da, eta azken urtean % 40ko hazkundea izan du: 9.000 inskripzio baino gehiago 2023an 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa sortu eta erregulatzen duen azaroaren 4ko 270/2003 Dekretua aldatzea. Aldaketa honek aukera ematen du prestazioa formalizatzeko arduradunen figura bete dezaketen pertsonen kopurua handitzeko, eta aukera ematen die osasun-arloko profesionalei, osasun-sare publikoko medikuei eta erizainei eginkizun horretarako gaitzeko, hala nahi badute.

Dekretu berriak erantzun egiten dio Euskadin aurretiazko borondateen dokumentua emateko eskubidea gauzatzeko eskaeraren gehikuntza nabarmenera egokitzeko beharrari. Euskadin erregistratutako aurretiazko borondateen dokumentuen kopurua 50.000 ingurukoa da, eta horietatik 9.000 baino gehiago 2023koak dira. Urte bakar batean, egindako inskripzioen kopuruak % 40 egin du gora (2022an 5.300 dokumentu inguru erregistratu ziren).

Eskariaren gehikuntza horri erantzuteko, dekretu berriaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bitarteko elektronikoak jarriko ditu, interesa duten mediku eta erizain guztiek Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroko pertsona arduradun gisa gaitutako pertsonen zerrendan izena emateko eskatu ahal izan dezaten. Horrela, kolektibo hori pixkanaka aurretiazko borondateen dokumentua emateko eginkizunetan sartzen hasiko da arian-arian. Gainera, beste berrikuntzetako bat da erizainek Aurretiazko Borondateen Dokumentua kontsulta dezaketela Euskal Erregistroan sartuz ( Dekretu berriaren 15.2 artikulua).

Mediku eta erizainen kolektiboek zuzeneko lotura dute pazienteekin, eta ezagutza egokia dute, konfiantzatik abiatuta, osasun-zainketen plangintza aurreratuari buruz aholkatzeko. Horregatik, profesional hauek bitarteko bikaina izango dira aurretiazko borondateen pixkanakako unibertsalizazioaren erronkari heltzeko eta aurre egiteko.

Horrek guztiak ez du esan nahi dokumentu horiek egiteko aurretik gaitutako metodoek indarrean jarraitzen ez dutenik, hau da: notarioaren aurrean, Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroaz arduratzen den pertsonaren aurrean edo hiru lekukoren aurrean.

APLIKAZIO-ESPARRUA

 Dekretu berriak dakarren beste berrikuntzetako bat Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaileentzako Dekretuaren aplikazio-esparrura mugatzen da, eta ez Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnentzako bakarrik, aurreko Dekretuak adierazten zuenez. Aldaketa horren arrazoia da Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaileek balia dezaketela (Euskal Autonomia Erkidegoan bizi izan edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoaren mugakideen eta Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaileen kasuan bezala) Euskadiko profesional sanitarioen aurrean dokumentua egilesteko eskubidea.

ORDEZKARIAREN IRUDIA 

Era berean, dokumentuan izenda daitekeen ordezkariaren edo ordezkarien figurari dagokionez, gaur onartutako Dekretuak beharrezkotzat jotzen du ordezkariak berariaz eta idatziz onartzea, eta horrek bermatzen du ordezkari izendatutako pertsonak haren izendapena eta dagozkion funtzioak ezagutuko dituela. Bestalde, berariazko onarpenarekin batera, ordezkaritzari uko egiteko aukera gehitu da.

Dekretu hau, Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, EHAAn argitaratuko da otsailean, eta horrek esan nahi du egun horretatik aurrera jarriko dela abian.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko