Osasun Sailak protonterapia ekipoa hartuko duen azpiegituraren eraikuntza lehiaketara atera du, minbiziaren aurkako borrokan tratamendu aurreratuena (Gobernu Bilera 2024-1-30)
- Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jakinarazi du hasiera eman zaiola punta-puntako osasun-azpiegitura horretarako obren lizitazioari. Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro inguru inbertitu ditu eta 24 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten du
- Donostian kokatuko da eta Euskadi osoari eta inguruneko beste lurralde batzuei egingo die zerbitzu, pazientearentzako arriskuak murrizten dituen abangoardiako teknologiarekin. Hala, minbizia duten pertsonen tratamenduaren humanizazioan sakonduko da
Eusko Jaurlaritzak Euskadin minbizia tratatuko duen Protonterapia Unitate berria hartuko duen azpiegitura eraikitzeko lehiaketa deitu du. Hala, Euskadirentzat berebiziko garrantzia duen proiektu baten atzerako kontaketa hasi da, eta bi urteko epea aurreikusten da. Euskadiko herritarrei asistentzia onkologikoa emateaz gain, inguruko beste lurralde mugakide batzuetakoei ere egingo die zerbitzu, erreferentzia izango baita Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Burgos eta Soria probintzietako (Gaztela eta Leon) herritarrentzat ere.
Protonterapia oso leku gutxitan ezarrita dagoen erradioterapia modalitate berezi bat da. Hain zuzen ere, Amancio Ortega Fundazioak emandako hamar azeleragailuetako bat izango du Euskadik. Azeleragailu horrek 28 milioi euroko balioa du, eta Euskadi da segurtasun-baldintza zorrotzak bete behar dituen ekipo hori hartzeko unitatea abian jartzeari ekin dion Estatuko lehen erkidegoetako bat.
Hala iragarri du gaur Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Gobernu Kontseiluari osasun-azpiegitura moderno horren berri eman ostean. Izatez, Eusko Jaurlaritzak, abangoardiako osasun-teknologiaren aldeko apustuaren barruan, ia 60 milioi euroko inbertsioa egin du, eta 24 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusi du.
Gotzone Sagardui sailburuaren hitzetan, proiektu horren ezaugarria da paziente onkologikoen tratamenduaren barruko asistentzia-prozesuaren humanizazioan sakontzea, Euskadiko Plan Onkologikoak ezarritakoaren ildotik. Helburua da heriotza-tasa murrizten jarraitzea, biziraupena handitzea eta minbizia duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea.
Pazienteentzako arriskuak murriztea
Teknologia honen ezaugarria da protoiak erabiltzen dituela X izpiak edo elektroiak erabili beharrean. Horri esker, erradiazio lokalizatuagoa egingo da, eta, hartara, dosia hobeto banatuko da eta eragin txikiagoa izango du kaltetutako ehuna inguratzen duen ehun osasuntsuan. Horrek, era berean, etorkizuneko ondorio kaltegarriak murriztea eta bigarren tumoreak garatzeko arriskua murriztea dakar. Gotzone Sagardui sailburuak aditzera eman duenez, garrantzi handikoa da biziraupen luzeko pazienteentzat, batez ere pediatriako populazioarentzat, populazio horri baitagokio protonterapia bidez trata daitezkeen pazienteen ehuneko handi bat.
Oso teknika espezifikoa da, ezaugarriengatik eta kostuengatik ez ezik, maila profesionalean behar dituen ezagutzengatik ere bai. Hori dela eta, komeni da estaldura emango dion eremu geografikoarentzat irisgarritasun egokiko puntu batean kokatzea, erreferentziazko zentroekin eta profesionalekin (Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa) koordinatzeko egokia den puntu batean. Horrek diziplina anitzeko ingurune egokia sortzea dakar, kalitatezko prestazio eraginkorra, unibertsala eta jasangarria eskaintzeko beharrezko sinergiak ahalbide daitezen.
Protonterapia unitatea hartzeko proiektatutako eraikina oin berrikoa da eta 9.625 metro koadroko azalera eraikia du 4 solairutan banatuta: 2 sestra azpian eta beste 2 sestra gainean. Bere espazio nagusia tratamendurako bunkerra da, betiere kontsulta, diagnostiko eta plangintzarako eremuekin, pazienteen prestaketarako eremuekin eta langileentzako lan-eremuekin batera. Proiektuak, halaber, haurrentzako jolastokia izango duen itxaron-eremu espezifiko bat aurreikusten du, baita haurrentzako 3 boxeko prestaketa-eremua adin txikiko neska-mutilentzat.