Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Argi berdea Eusko Jaurlaritzaren, Eudelen eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arteko hitzarmena berritzeko, etxegabetzeen aurrean (Gobernu Bilera 2024-1-30)

2024-01-30

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren, Eudel Euskadiko udalen elkartearen eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) arteko lankidetza-hitzarmen berriari, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak artatzeko, hauek errentak ez ordaintzeagatik edo ohiko etxebizitzaren hipoteka ez ordaintzeagatik etxetik botatzeko egoerak ematen direnean.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta 2013an lehen akordioa sinatu zenetik gaur egungora arte egon den araudiaren bilakaera jasotzen du; araudi horretan, bai ezohiko egoerei aurre egiteko hartutako neurriek, bai pandemiak edo Ukrainako gerrak —pertsona kalteberen etxegabetzeak bertan behera utzi dira 2024ko ekainaren 30era arte—, bai Etxebizitzari buruzko Estatuko Lege berriak funtsezko aldaketak eragin dituzte. Ildo horretan, dokumentuak azpimarratzen du Euskal Autonomia Erkidegoan kaleratzeen kopurua % 18,2 murriztu zela 2021ean 2019ko datuekin alderatuta (659 eta 806, hurrenez hurren), Etxebizitzako Euskal Behatokiak egindako diagnostiko baten arabera.

2013tik, babes publikoko 280 etxebizitza esleitu zaizkie bide judizialetik egindako etxegabetze prozesuetan egon diren kalteberatasun pertsonei.

Estatuko legedi berriak planteatzen dituen aldaketen aurrean, hitzarmenak argitzen du administrazio autonomikoak egingo dituela txostenak Prozedura Zibilaren Legeak jabe handien kaleratzeen kasuetan eskatzen duen moduan, eta adiskidetze- edo bitartekaritza-zerbitzua eskuratzeko aukera emango duela.

Zehazki, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Bizilagun zerbitzuak etxebizitza-jabe handien espedienteak jasoko ditu, errentamendu-, prekario- edo okupazio-kontratuei dagokienez; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Hipoteka Bitartekotzako Zerbitzua, berriz, hipoteka-betearazpenen kasuez arduratuko da. Bigarren bitartekaritza hori zordunen kasuan egiten zen Euskadiko Ekonomialarien Elkargoarekin eta Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuarekin egindako akordio baten bidez. Orain, akordioa indartuko da arau aldaketetan jasotzen diren kasu berriak (edukitzaile handiak) bere barne sartzeko. Aldaketa horiek Etxebizitza Sailaren bidez izapidetuko dira, hipoteka etxegabetzeen kasuetan ere bai.

Epaitegiek eskatutako txostenak Prozedura Zibilaren Lgean ezarritakoaren arabera eta etxe horietan bizi diren pertsonek eskatutakoak udaletako gizarte-zerbitzuek ematen jarraituko dute.

Protokoloaren arabera, organo judizialak pertsonak kalteberatasun bereziko egoeran egotea eragin dezakeen kaleratze bat identifikatzen duenean, pertsona horiei informazioa emango zaie autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioaren zerbitzuei eta laguntzei buruz. Gainera, jasotzen du epaitegiak prozedura hori dagokion udaleko gizarte-zerbitzuei ofizioz jakinaraziko diela. Egoera aztertu ondoren, udal-organoak erabakiko du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko proposamena egiten dion, gizarte-laguntza bat izapidetzen den, beste gizarte-baliabide batera bideratzen den edo uko egiten zaion, kalteberatasun-egoera bat dela uste ez delako. Erabaki hori organo judizialari jakinaraziko zaio.

Testuinguru horretan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak konpromisoa hartzen du kaltetutako pertsonei dauden baliabideei eta laguntzei buruzko informazioa emateko, hango profesionalak prestatzeko eta arlo horretan abokatu eta prokuradoreekin lankidetzan aritzeko, baita adierazitako espedienteak arin kudeatzeko ere.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, gizarte-zerbitzuei buruzko gida bat sortzea ezartzen da, eta gai horri buruzko prestakuntza- eta informazio-ekintzak antolatzea, etxebizitza-zerbitzuei buruzko informazioa emango da, eta, hala badagokio, babes publikoko etxebizitza bat emango da, Udalak hala eskatzen badu, bizikidetza-unitateak baldintzak betetzen baditu eta Etxebiden izena emanda badago. Azken kasu horietan, kanpoan uzten dira etxebizitza bat legez kanpo okupatzen ari diren pertsonak eta errenta ez ordaintzeagatik Etxebizitza arloari dirua zor dizkiotenak.  Eudelen kasuan, hitzarmenak jasotzen du udalekin lankidetza sustatuko dela eta gizarte-baliabideei buruzko informazioa emango dela, esparru judizialetik informazio-eskaerei erantzun azkarrak bilatzen lagunduko dela, eta etxeak bilatzeko Etxebizitzarekin lankidetza sustatuko dela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko