Berriak Segurtasuna
qrcode

José Julio González Zamanillo, Bilboko Udaltzaingoaren komisario ohia, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide berria (Gobernu Bilera 2024-1-30)

2024-01-30
  • Batzordea 2020an sortu zen Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruko jokabide edo jardunbideak ofizioz edo erakunde batek eskatuta ikertzeko, baldin eta eskubideak urratu direla uste bada

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du José Julio González Zamanillo, Bilboko Udaltzaingoaren komisario ohia, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide izatea.  Leioako Udaltzaingoaren buru ohia, Ricardo Egiguren Mendieta, ordezkatuko du, karguari uko egin baitio 4 urteren ondoren. Modu horretan, polizia-erakundeari eta Segurtasun Sailari dagokienez autonomia funtzionala duen kide anitzeko organoa osatuko da. Organoaren lehendakaria Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohia da, eta gainerako lau kideak Estefanía Ocáriz Passevant, José Antonio Nieto Antón, Francisco Javier Hernáez Manrique eta Miren Ortubay Fuentes dira.

Gonzalez Zamanillo 38 urtean aritu zen lanean Bilboko Udaltzaingoaren zerbitzuan, eta Segurtasun Ataleko komisario burua izan zen 2019tik 2023ra bitartean. 1999tik polizia-lanetik erretiratu zen arte, Bilboko Udaltzaingoaren Akademian irakasle lanetan ere aritu zen hainbat jakintza-arlotan. Horrez gainera, 2023ko uztailean, Frantziako Tourraren Euskadiko Grand Dèpart irteerarekin zerikusia zuten polizia-operatiboak planifikatzen, gainbegiratzen eta gauzatzen ere lagundu zuen.  

Kontrol eta Gardentasun Batzordea

Batzordea 2020an sortu zen Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruko jokabide edo jardunbideak ofizioz edo erakunde batek eskatuta ikertzeko, baldin eta eskubideak urratu direla uste bada (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena, 15. artikulutik 20. artikulura). Batzordekideek beti ikertuko dituzte gertaerak, poliziaren esku-hartze edo operatibo baten testuinguruan edo polizia-zaintzan pertsona baten heriotza edo lesio larriak suertatu badira. Gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen eta errepikatu egiten diren jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburua da polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunarekiko eta objektibitatearekiko herritarren konfiantza eta zilegitasuna indartzea.  

Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasotzen euren lanen truke, eta guztiek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian eta etikan. Izendapena bost urterako izaten da, eta bitan baino ezingo da berritu, iraupen bereko denboraldietarako.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko